Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Inoizko zerga bilketarik handienak izango ditu Gipuzkoak, bai aurten zein datorren urtean

Inoizko zerga bilketarik handienak izango ditu Gipuzkoak, bai aurten zein datorren urtean

Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, errekuperazio ekonomikoa sektore eta pertsona guztietara iritsi dadin egingo du lan Foru Aldundiak.

Gipuzkoako ekonomia errekuperatzen ari da eta hau eragin zuzena ari da izaten zerga bilketan. Pasa den asteko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan onartutako aurreikuspenen arabera, lurraldeak 5.176 milioi euro jasoko ditu 2021 honetan (2020an baino %11,7 gehiago), eta 5.356 milioi euro datorren urtean (aurten baino %3,5 gehiago). “Biak ala biak, errekorreko erregistroak dira”, nabarmendu du Markel Olano diputatu nagusiak. Bere esanetan, ekonomia errekuperazio betean dago eta, momentu honetan, erakunde eta administrazio publikoek paper garrantzitsua jokatzen dute berrindartze horretan: “Berreskuratzeak sektore eta herritar guztietara iritsi behar du. Ez gara ari batzuen ongizateaz bakarrik, baizik eta gizarte osoarenaz, eta hor eragin behar dugu administrazio publikook”.

          Diputatu nagusia Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu da gaur goizean, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera. Agerraldiaren helburua, pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien xehetasuna ematea izan da. Foru arduradunek azaldu dutenez, “albiste positiboak” iritsi dira bertatik, zerga bilketak baliabide publiko gehiago izatea ekarriko baitu. “Hazkunde honek, aurrekontu indartsuak izatea ahalbidetuko digu, bide batez, aurki aurkeztuko dizkizuegunak”, esan du Olanok.

“Beraz, erakunde publikoen ikuspegitik, anbizioz jokatzeko momentua da, eta hala egingo dugu. Kudeaketa txukuna eta zuhurra egiteko momentua da, eta Aldundiak eragile aktiboa izan nahi du COVID-19aren krisi osteko berrindartze honetan”, esan du foru arduradunak, aurreratuz horretarako bideratuko direla nagusiki erakundearen datorren urteko aurrekontuak. “Horretara egongo dira bideratuta gure aurrekontuak. Berreskuratzea ekonomia sektore guztietara eta herritar guztietara iritsi behar da. Ez gara ari batzuen ongizateaz bakarrik, baizik eta gizarte osoarenaz, eta hor eragin behar dugu administrazio publikook”, azaldu du.

“Askotan esan ohi dugun bezala, gure helburu nagusia desberdinkeriari aurre egitea da, Europa mailan alor honetan onenekin egotea; eta erakunde publikoak paper garrantzitsua jokatzen du hor”, gaineratu du. Diputatu nagusiaren esanetan, ekonomikoki indartsu egoteak Gipuzkoaren etorkizuneko apustuei jarraipena ematea ahalbidetuko digu, martxan dauden erreferentzia zentroei bultzadan sakonduz. “Etorkizuneko ekonomia eta etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko momentua da, honek ere eragin positibo nabarmena izango baitu errekuperazioan”, azaldu du.

2021 urteko aurreikuspenei erreparatuta, aurrekontuarekin alderatuta, 527 milioi eurotan hobetu da itxierako aurreikuspena (+%11,3), eta 2020ko likidazioarekin alderatuta, berriz, hazkundea %11,7koa izango da, hau da, 541 milioi euro gehiago. “Ez zen zaila 2020ko zerga bilketa hobetzea, baina Gipuzkoaren kasuan, 2019ko zerga bilketa ere hobetu egiten dugu”, nabarmendu du foru arduradunak. Zehazki, 2019an baino 152 milioi euro gehiago (+%3) biltzea aurreikusten da. “Eta gogoratu behar da 2019 errekorreko urtea izan zela; beraz, aurreikuspenak betez gero, 2021 errekorrekoa izango da. Beraz, argi geratzen dena da Gipuzkoako ekonomia eta, ondorioz, zerga bilketa, oso datu onak ematen ari direla”, esan du.

          Datorren urtera begira, hazkundearekin jarraitzea aurreikusten du Aldundiak. “Hala ere, agertoki ekonomikoan badira zenbait ziurgabetasun, epe ertainera eragiten digutenak: energiaren prezioa, osagaien horniduraren krisia, garraioaren garestitzea… Ez dira Gipuzkoari eragiten dioten kontuak, baizik eta arazo globalez ari gara hizketan. Hori guztia dela eta, zuhurragoak izan gara datorren urtera begira”, ohartarazi du Olanok. Kasu honetan, zifra makroei helduta, aurtengo itxierarako egindako aurreikuspenetan jasotakoa baino 180 milioi euro gehiago biltzea aurreikusten du Aldundiak 2022an, hau da, %3,5 gehiago.

 

Udalak

Azkenik, udalen finantzaketaren kasuan ere berri onak daudela aurreratu du Olanok: “Arrisku partekatuko sistema bat dago indarrean Euskal Herrian: berri txarrak daudenean, denoi eragiten digute, baina zerga bilketa ongi badoa, baliabide gehiago dago baita ere guztiontzako”. Horrela, urtearen itxierarako egindako aurreikuspenen arabera, 553 milioi euro izango dituzte lurraldeko udalek, aurrekontuan jasotakoa baino 55 milioi euro gehiago. Arratsaldean elkartuko dan Gipuzkoako Finantza Kontseiluan, eta bertan partekatu ditu Aldundiak bai Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren banaketa zein defizita erabiltzeko dituzten aukera eta marjinak.

Honen harira, diputatu nagusiak aurreratu duenez, Aldundiak udalekin banatuko du Gipuzkoari dagokion defizit muga. Hau da, Gipuzkoak erabilgarri dituen 53 milioi horietatik, %40 udalei utziko zaie (21 milioi). “Ardura partekatua, hemen ere”, esan du Olanok. Azkenik, 2022 urteari begira, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak hazten jarraituko du, egindako aurreikuspenen arabera, 568 miloi euro izango baititu. “Bi kasuetan, bai 2021 urterako egin dugun aurreikuspen berria zein datorren urtekoa, inoizko Foru Funtsik handienak dira. Honela, udalek ere baliabide gehiago izango dituzte, krisiaren irteera honetan bultzada ematen laguntzeko”, nabarmendu du.

  

2846