Euskadiko Arkitekturako Institutuak bere ibilbideari hasiera emango dio datozen egunotan
Euskadiko Arkitekturako Institutuak bere ibilbideari hasiera emango dio datozen egunotan
Datorren martxoaren 14an irekiko ditu ateak,
Eraikitako ingurunea berrerabiltzearen garrantziari buruzko nazioarteko erakusketa batekin emango dio hasiera bere ibilbideari Euskadiko Arkitektura Institutuak
Institutuak datorren martxoaren 14an irekiko ditu ateak, eta ‘Tabula non rasa’ erakusketa eskainiko du, Europar Batasunak 2019an emandako Mies Van der Rohe sari ospetsua lortzeko prozesuan finalista izan zen obra batekin
Jaurlaritza eta Aldundiaren arteko lankidetzaren frutua da, Aldundiak Santa Teresaren egoitza utzi baitio.
Arriola sailburua eta Diputatu Nagusiordea Itxaso pozik agertu dira Donostian “euskal arkitektura-kultura sustatzeko” balio izango duen erreferentziazko baliabide bat abian jarri izanagatik
Euskadiko Arkitektura Institutuak urte honetarako prestatu duen programazioaren barruan, adierazitako erakusketaz gain udako ikastaroen antolaketa, Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria eta Nazioarteko II. Arkitektura Bienala daude aurreikusita
Euskadiko Arkitektura Institutua (EAI) errealitate bihurtu da dagoeneko. Datorren martxoaren 14an, hasiera emango dio bere ibilbideari ‘Tabula non rasa’ izeneko arkitektura-erakusketarekin. Eraikitako espazioaren berrerabileraren kontzeptu zabala ardatz duen erakusketa da, eta Europar Batasunak 2019an emandako Mies Van der Rohe sari ospetsua lortzeko prozesuan finalista izan zen obra bat hartzen du barnean. Hori adierazi dute gaur goizean Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak eta Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroleko diputatu Denis Itxasok. Biak, gainera, pozik agertu dira Donostian “euskal arkitektura-kultura sustatzeko balio izango duen” erreferentziazko baliabide bat abian jarri izanagatik. Ekimen hau Jaurlaritza eta Aldundiaren arteko lankidetzaren frutua da, Aldundiak Santa Teresaren egoitza utzi baitio Jaurlaritzari.
Erakusketa Danimarkako Gellerup Museum izenekoan eta Basileako Swiss Architecture Museum izenekoan aurkeztu da aurretik, eta komisarioak izango dira bertan, hots, Berlingo Ilka eta Andreas Ruby (Ruby Press) arkitekto eta arkitektura-kritikariak. Gainera, Christophe Hutin arkitekto frantziarrak hitzaldi bat eskainiko du. Arkitekto hori Mies Van der Rohe saria jasotzeko izendatuta dagoen eta Frantziako Bordele hirian dagoen 60ko hamarkadako bizitegi-bloke batean 530 etxebizitza eraldatzean datzan GHI birgaitze-obraren egilekidea da.
‘Tabula non rasa’ erakusketak eraikinen eta hiri-espazio eraikiaren bilakaerari buruzko gogoeta bat planteatzen du hiru piezaren –errealitateko hiru instalazioren– bitartez. Erakusketan jasotako proposamenen elementu komuna ikerketa-prozesua da. Prozesu hori, proiektuaren abiarazlea ez ezik, gertatutako eraldaketaren beraren funtsezko osagaia ere badela ulertu behar da. Erakusketak esku-hartzearen hainbat eskala agertzen ditu, txikienarekin hasi eta hiri- eta lurralde-eskalarekin amaitzeraino, eta AGPS, Lacaton&Vassal, Hutin eta Druot estudioen eta Züricheko ETH eskola ospetsuaren ikerketak eta lanak biltzen ditu.
Urte askotan, eraikinen funtzioa edo jabetza aldatzen denean eraikin horiek eraitsi eta beste batzuekin ordezten dituztela ikusi dugu. Horrek guztiak, kalte ekonomikoa eta ingurumen-kaltea ez ezik, hiri-identitatearen galera ere badakar. Hala ere, gaur egun gora egiten ari da eraispenaren kultura kritikatzen dutenen kopurua, eta gero eta arkitekto gehiagok ikertzen dute eraikinen ‘eraldagarritasuna’, ikerketa-esparru zabala irekitzen baitu, aldez aurretik zehaztutako jarraibiderik gabe.
Iñaki Arriolak eta Denis Itxasok, bestalde, aurreratu egin dute Institutuak 2019rako aurreikusitako programazioa. Herritar guztiei zuzenduta dagoen programazioa da, honako jarduera hauez osatua:
‘Tabula non rasa’ (martxoa-uztaila)
Arkitektura inklusiboa1 (UPV/EHUko udako ikastaroa - uztaila)
Etxebizitza-laborategia2 (UPV/EHUko udako ikastaroa - iraila)
Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Ganchegui Saria (urria)
Nazioarteko II. Arkitektura Bienala - MUGAK (urria-azaroa)
1 Arkitektura inklusiboa: irisgarritasun unibertsala, erronka eta aukera berria gure espazio eraiki eta publikoen diseinuan. Tokiko, nazioko eta nazioarteko alternatibak arkitektura eta hirigintza garaikideko inklusio sozialak dakartzan erronken aurrean.
2 Re-vivienda: 1. etxebizitza-laborategia. Etxebizitza pentsatu, diseinatu eta eraikitzeko moduaren berrikuspen bat planteatzen du hainbat ikuspuntutatik abiatuta eta hainbat alderdi barnean hartuta: hiri-sareen dentsifikazio berria, etxebizitza publikoa gizarte-kohesioaren eragile gisa, hiri-tarteetan diseinatu eta eraikitzeko estrategiak eta abar.
2164