Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxun
Irailaren 14an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxun
Hiru hilabete iraungo ditu txapelketak eta finala abenduaren 14an jokatuko da Donostiako Illunben. Saio guztietarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean daude eskuragarri.
Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Goizane Álvarez, Gipuzkoako Kulturako Diputatua
Gaur aurkeztu dugu 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Goizane Álvarez, Gipuzkoako Kulturako Diputatua hartu dute hitza: lehenengoa erakunde antolatzailearen ordezkari, eta bigarrena erakunde babeslearena.
Sailkapen fase bizi baten ostean, bertan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 48 bertsolari ariko dira kantuan. Urretxun hasi eta Donostiako finalera bitarte 16 saio jokatuko dira. Txapelketan kantuan ariko diren 48 bertsolarietatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean eskuratu zuten txapelketarako txartela. Gainontzeko 14 bertsolariek duela bost urteko txapelketan eskuratu zuten txartela. Horiez gain, 15 gai-jartzaile, 16 epaile eta 4 idazkari eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.
Guztira 16 saiok osatuko dute txapelketa, hiru fasek eta finalak: zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala jokatuko dira. Lehen saioa Urretxun izango da, Labeaga aretoan.
Irudia
Bost urteko hutsunearen ostetik heldu da txapelketa, urteurren berezian. Izan ere, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean bezala, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan ere Gipuzkoako lehen-bertso eskolaren 50. urteurrena izango dugu gogoan. Udaberriko faserako sortu zuen irudiari hirugarren dimentsio bat eman dio Unai Gaztelumendik.
Sarrerak eta jarraipena
Saio guztietako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean. Ohi bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.
3584