Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Irisgarritasuna eta inklusioa izango dira Ondarearen Europako Jardunaldien ardatzak

Irisgarritasuna eta inklusioa izango dira Ondarearen Europako Jardunaldien ardatzak

"Guztion ondarea, denok parte! Patrimonio inclusivo y accesible” lelopean egingo da VI. Edizioaren ekimen hau datorren urrian

2021/04/08

Harkaitz Millan Kultura diputatua “ Jardunaldien helburua da pertsona guztiei ondarearen gozamenaren berri ematea, inolako bazterketarik egin gabe” .

Parte hartzeko proposamenak Gipuzkoa Kulturako webgunearen bidez bidal daitezke maiatzaren 21era arte.

Gaur goizean, Harkaitz Millan Kulturako diputatuak, irisgarritasunari eta inklusioari lotutako kolektibo sozialen ordezkariekin eta aurreko edizioetako parte-hartzaileekin batera, Europako Kontseiluak sustatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioaren leloa aurkeztu du: "Guztion Ondarea, Guztion parte! Patrimonio inclusivo y accesible”. 

Urritik aurrera garatuko dira ekimen honen jarduerak, eta Europako Kontseiluak irisgarritasunaren eta inklusioaren gaia aukeratu du aurtengo ediziorako; izan ere, gai horrek ondarea zabaltzera gonbidatzen ditu herritarrak, irisgarritasun unibertsala bermatze aldera. Horregatik, helburu hori islatzeko, lelo hau aukeratu da Euskadin: “Guztion ondarea, denok parte! Patrimonio inclusivo y accesible”.

Aurkezpenean parte hartu dute Harkaitz Millan Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak, Luisma Moreno Ezezagunok Antzerki Elkarteko zuzendaria eta Pauso Berriak (Atzegi + Gureak) Programaren kudeatzailea, eta Lina Ugarte Irakurketa Erraza elkarteko arduradunak.

Ugartek azaldu duenez, Euskadi irakurketa errazeko elkarteak “irisgarritasun kognitiboa sustatzen du, Irakurketa Errazeko formatuko materialak sortuz eta egokituz. Formatu hori irakurtzeko eta ulertzeko zailtasun mota guztiak dituzten pertsona guztientzat da. Irakurketa partekatuko programa bat ere garatzen du hainbat gunetan, kolektibo horiek sartzea errazteko. Irakurketa erraza edozein herritako kultur eta ahozko ondarea ezagutarazi eta balioa emateko tresna da.

Luisma Morenok eta Lina Ugartek azpimarratu dute irisgarritasunak eta inklusioak garrantzi handia dutela kultura arloan eta ondarearen hedapenean. "Bai Atzegik bai Ezezagunok beste egiteko modu batzuk ikusarazi nahi dituzte, adimen desgaitasuna duten pertsonek bizi dituzten beste errealitate batzuk, esaterako. Ez da kasualitatea gure antzerki taldeari "Ezezagunok" deitzea. Asko interesatzen zaigu Ondarearen Europako Jardunaldiek eskaintzen diguten aukera, alde batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonak ikusarazteko eta, bestetik,  bizitza kulturalean parte hartzeko aukera izan dezaten".

Programa osatuko duten jarduerak Gipuzkoa Kulturako webgunearen bidez aurkeztu ahal izango dira maiatzaren 21era arte, eta edozein entitatek, kolektibok, enpresak edo pertsonak aurkeztu ahal izango ditu, baldin eta ondarea ezagutarazteko jarduera bat antolatu nahi badute, betiere kontuan hartuta baliagarri izango dela guri dagokigun herentzia hori deskubritzeko eta gozatzeko.

Halaxe egin zuen aurreko edizioan María Romero Laspiurrek,  Posidonia Studio eta MRLASPIUR marka sortu dituen artista eta moda diseinatzaileak: "Iaz lehenengo aldiz hartu genuen parte jardunaldietan. MRLASPIUR proiektuaren oinarria 3D inprimatze-teknologia eta artea dira, batez ere, floran oinarritua. Horregatik, oso ideia naturala iruditu zitzaidan tailer batean gure inguruneko botanika eta teknologia batzea. Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeak aukera eman zigun gure proiektua eta natura-ondarea hedatzeko bide berri bat arrakastaz aztertzeko. Beraz, aurten ere ekimen honetan gogo handiz parte hartzeko erronka hartu dugu ".

Parte hartzeko gida eta bilera telematikoa

Proposamenak aurkezterakoan antolatzaileen lana errazteko, parte hartzeko gida bat argitaratu zen 2020an, Gipuzkoa Kulturako webgunean eskuragarri dagoena. Gainera, datorren apirilaren 15ean, osteguna, bilera telematiko bat egingo da, ekimena zehatz-mehatz azaltzeko eta ondarearen jai horrekin bat egiteko jarraibideak eta ideiak emateko.

Interesdunek bilera horretarako izena eman dezakete Gipuzkoa Kulturako webgunean: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kultura/patrimonio/proyectos/jornadas/europeas

Aurreikuspenen arabera, 2021eko programan parte hartuko duten proposamenek aukera emango dute datorren udazkenetik aurrera ehun jarduera inguru eskaintzeko Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta horrek aukera emango dio publikoari ondarearekin lotutako baliabide asko eta asko ohiko bidetik kanpo ezagutzeko. Programa 2016az geroztik gauzatzen da Gipuzkoan, eta urtez urte sendotzen ari da lurraldean; horrela, aldi baterako erakusketak, ibilaldiak, bisitaldiak. ibilbide gidatuak eta antzeztuak, erakusketa fisikoak nahiz birtualak, eta tailerrak hartzen ditu, besteak beste.

Aurreko edizioan, nahiz eta egoera txarra izan, programatutako jardueren % 84 egin ziren, guztira 119 ekitaldi. 2.700 pertsonak parte hartu zuten Ondarearen Europako Jardunaldietan 2020an, 2019an baino % 28 gutxiago soilik. Parte hartzen dutenek, gainera, oso pozik daude jarduerekin, egindako inkesten arabera.

Gizarte eragileekin lankidetzan jarduteko programa

Europako Ondare Jardunaldiak Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen ekimenak dira, eta Euskadin hiru foru aldundiek sustatzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. 2021eko lehen hilabeteetan, Ondarearen Europako Jardunaldien antolaketa lanetan aritzen den Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundietako eta Eusko Jaurlaritzako lantaldeak  elkarrizketak izan ditu inklusioaren eta irisgarritasunaren arloko Euskadiko 21 federazio baino gehiagoko ordezkariekin.

Lan horri esker, harremanak estutu dira eta kolektibo sozial horien beharrak identifikatu ahal izan dira. Ondarearen Europako Jardunaldien seigarren edizioaren harira hasitako lana da, eta jarraitutasuna izateko eta kulturarako sarbide unibertsala lortzeko asmoz sortu da.

Programak, aurten ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetza izango du, Gizarte Antropologiako Graduan irakasten duen Iñaki Arrieta irakaslearen eskutik, eta baita ere proiektuaren idazkaritza teknikoa daraman K6 Gestión Cultural enpresarena. 

Azkenik, ekimen hau gazteengana hurbiltzeko asmoz, Ondarearen Europako Jardunaldietako lantaldeak bigarren urtez jarraian lan egingo du Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleekin.

  

2175