Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Iritsi da Donostiara hondartzen ardurazko erabilera eta zaintza sustatzeko kanpaina

Iritsi da Donostiara hondartzen ardurazko erabilera eta zaintza sustatzeko kanpaina

Informazio-puntu ibiltari bat jarri da Zurriolako hondartzan eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik

2017/07/19
  • Informazio-puntu ibiltari bat jarri da Zurriolako hondartzan eta hilaren 31ra arte egongo da zabalik. Hondartzak arduraz erabiltzeko gomendioak emango dira eta hondakinak behar bezala bildu eta bereizteko mini-edukiontziak banatuko dira.
  • TOLDOSS proiektuari buruz ere informazioa emango da, Emaús Gizarte Fundazioak abiarazia eta eguzki-oihalen bitartez sortutako artikuluak eskuratzea posible izango da.
  • José Ignacio Asensio: “Lurraldeko hondartzetan bikaintasunerantz aurrera egitea da gure Departamentuaren helburu estrategikoetako bat eta horretarako beharrezkoa da koordinazio ona lortzea. Lehentasun da hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea, uraren, harearen eta zerbitzuen behar bezalako kudeaketa barne hartuta”.

José Ignacio Asensiok Ingurumeneko diputatuak, Ernesto Gascok, Donostiako Udalako Ingurumeneko zinegotziak, Miguel Ángel Diezek, Donostiako Udalako ingurumeneko zinegotziak eta Javier Pradinik, Emaús Gizarte Fundazioaren zuzendari nagusiak, Aldundiak Gipuzkoako hondartzetan ardurazko erabilera sustatzeko egin duen 2017ko sentsibilizazio-kanpaina aurkeztu dute gaur goizean Zurriolako hondartzan. Kanpainaren izena “zain ditzagun gure hondartzak” da.

Informazio gune ibiltari hau dagoeneko Hondarribia, Zumaia, Orio eta Zarauzko hondartzetan zehar ibili da. Orain Zurriolako hondartzan dago (gaurtik hilaren 31ra artean), gero Getariako Malkorbe, Mutrikuko Portu, Debako Santiago eta azkenik Donostiako Ondarreta hondartzak bisitatuko ditu. Ondarretan amaituko da kanpaina irailaren 4an. Puntu-ibiltaria egunero dago zabalik 11:00tik 19:30ak bitartean.

Kanpainaren helburua da gure hondartzetan ardurazko erabilera iraunkorraren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea, aisialdiari, turismoari eta kirolari dagokionez. Horretarako, informazio-puntu ibiltaria jarri da. Informazio-puntu horretan Gipuzkoako hondartzei buruzko informazio orokorra aurkitzeaz gain, ardurazko erabilerarako gomendioak eta Emaús Gizarte Fundazioak SINdesperdicio markaren bitartez abiarazitako TOLDOSS proiektuari buruzko informazioa ere jaso daiteke.

Ingurumen diputatuak adierazi du Departamentuaren helburu estrategikoetako bat dela lurraldeko hondartzen bikaintasunerantz aurrera egitea: “Horretarako, beharrezkoa da koordinazio ona lortzea eta lehentasuna da guretzat hondartzen kudeaketa integralerako politika garatzea, uraren, harearen eta zerbitzuen behar bezalako kudeaketa barne hartuta”.

Ernesto Gascok azpimarratu du ekimenaren garrantzia: “Balio eta ardura handiko ekimena da Aldundiak sustatzen duena. Gure hareatzak eta hondartzak kalitate handiko altxorrak dira. Honek jasangarritasuna, oreka eta zaintza aintzat hartzea funtsezkoa dela erakusten digu”.

Hondartzetan bikaintasuna lortzeko urte honetan Departamentuak emandako urratsak azaldu ditu: garbiketan eta mantentze-lanetan hobetu da, garbiketa-lanen zaintza indartu da, tokiko agintaritzekin koordinazio-mahaia abiatu da, itsas-hondakinak sortzea zuzendu eta prebenitu da, eta beste hainbat informazio- eta sentsibilizazio-jarduera egin dira. Zehazki, salbamendu-zerbitzuak laguntzeko sistema berria ezarri da; mareak eta olatuak bideo bidez monitorizatzeko eta gure hondartzetako erabileraren inguruko benetako datuak jasotzeko (zenbaketa adimendunari esker). Horrez gain, Zarauzko proiektu pilotu berria ere ezarri da eta Gipuzkoako gainerako hondartzetara luzatuko da. Zarauzko hondartzak dagoeneko badu kamera bat (AZTIk kudeatua eta Udalaren jabetzakoa), honi esker, aldez aurretik olatu-gunei edo itsasaldien arrisku-gunei buruzko informazio osagarria eskuratu ahal izango da. Horrela, sorospen eta salbamendu zerbitzuek hondartzetan mugatutako eremuak edo arrisku eremuak ezarriko dituzte, bainu seguruagoak edukitzeko.

Informazio-puntu ibiltarian eskuragarri egongo den informazioa

1.- Gipuzkoako hondartzen inguruko informazio orokorra: kokapena, ezaugarriak, baldintza ozeano-meteorologikoak, zerbitzuak, webcama, etab. Informazio ugari dago eskuragarri gure webgunean (www.gipuzkoaingurumena.eus), baita udalerrien webguneetan eta adierazitako intereseko beste esteketan ere.

2.- Hondartzetan ardurazko erabilerarako gomendioak. Kale-hezitzaileek helaraziko dizkiete erabiltzaileei, informazio-liburuxkak eta hondartzetarako mini-edukiontziak banatuko dituzte. Hondartzetan izan ohi dugun jarrerarekin lotutako gomendioak izango dira, baita hondartzak zaintzeko norberak zer eskain dezakeenaren ingurukoak ere. Adibidez: hondakinak behar bezala bildu eta bereiztea, udal-ordenamenduak errespetatzea (kanpatzea, sua, zakurrak, etab.), kanpoko dutxetan ura aurreztu eta xaboirik ez erabiltzea, flora eta fauna ez kaltetzea (molusku txikiak eta krustazeoak, etab.), zerbitzu publikoak erabiltzea, dunak errespetatzea, etab.

3.- Ingurumeneko Departamentuak hondakin-kudeaketarako politikan aurrera egiten jarraitzeko, ekonomia zirkularrerantz: “hondakina ala lehengaia”. Horretarako, Ekonomia Zirkularraren esperientzia jarriko da balioan, hondartzetako hondakin ezagunenetako baten bitartez: toldo zaharren tela. TOLDOSS proiektua Emaús Gizarte Fundazioak abiarazi du SINdesperdicio markaren bitartez, HARIA eta GALARRE sortzaile berriekin batera. Proiektu honek hondakina berreskuratu (toldo zaharren tela, kasu honetan) eta gauza berriak fabrikatzeko baliabide bihurtzen du: poltsak, kapazuak, motxilak, nezeserrak, amantalak, alpargatak eta abar fabrika daitezke. Proiektuak, gainera, enplegu solidarioa sortzeko aukera ematen du, ekonomia zirkularrerantz aurrera egitea ingurumenean, hazkuntza ekonomikoan eta enplegu berde eta sozialean aurrera egitea delako, kasu honetan bezala.

Informazio-puntu ibiltariaren hurrengo datak

  • Uztailaren 19tik uztailaren 31ra: Zurriolako hondartza - DONOSTIA
  • Abuztuaren 1etik 7ra: Malkorbe hondartza - GETARIA
  • Abuztuaren 8tik 14ra: Portu hondartza - MUTRIKU
  • Abuztuaren 15etik 21era: Santiago hondartza - DEBA
  • Abuztuaren 22tik irailaren 4ra: Ondarreta hondartza - DONOSTIA

Ordutegia 11:00etatik 19:30etara izango da, egunero. Informazio-puntuaren kokapen zehatza udalerri bakoitzaren tokiko hedabideen bidez helaraziko da.

  

1559