Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Irun-Katea-Behobia zatia erabiltzen dutenei % 80rainoko deskontuak

Irun-Katea-Behobia zatia erabiltzen dutenei % 80rainoko deskontuak

Aldundiak saihesbide tratamendua emango dio autobide zati horri.

2018/10/23

Diputatu nagusi Markel Olanok eta Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek bisita egin dute Lapize auzora, lotune erdia prestatzeko obretara, Behobia eta Irun-Hesiko ordainlekuaren artean, non Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bidegi foru sozietatearen bitartez, halako lanak egiteko asmoa baitu. Oñaurre aldeko bisitara, non Bidegi bukatzen ari den AP-8 autobideko lotune erdi berria eraikitzeko prestaketa-obrak, Olanok iragarri du beste irizpide bat aplikatuko dela autobidearen tratameduan, Irungo bide zati osoan. “Irun ingurua auto-ilaren arazoak jasaten ari da, muga aldean kokatuta egoteagatik, hiriak berak dituen arazoekin batera. Hegoaldeko ingurabidea bukatzen ez den bitartean, auto-ilaren arazo horiek, gehiago edo gutxiago, jarraitu egingo dute. Beraz, Aldundiak saihesbide tratamendua emango dio autobide zati horri, Kateatik Behobiaraino”.

Diputatu nagusiak aurreratu duenez, erabiltzaileek deskontuak izango dituzte lehen bidaiatik. “Katea eta Behobia arteko lehen joan-etorritik aurrera, % 50eko deskontua egongo da, eta 20 joan-etorritatik aurrera, berriz, % 80ko deskontua. Horrela, Irungo sarrera eta irteera guztietako joan-etorri guztiak bateratuko ditugu, inolako diskrimaziorik izan gabe irundarren artean haien etxebizitzen kokalekuagatik”.

Deskontu horiek eskuratzeko, beharrezkoa izango da Abiatu ordainketa-sistema edukitzea, eta deskontu programaren barruan egotea; beraz, metodo horretara harpidetutako gipuzkoar guztiek eskura ditzakete deskontu horiek.

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek jakinarazi duenez, lanean ari dira Irungo auzo-elkarteekin –zeintzuk Oiassoko kide baitira– zenbait gairi buruz, mozio bat aurkeztu baitute auzotarrek mugako herriko Udaletxean, bidesariei buruz. “Elkarte horiekin zuzenean egindako lana oso aproposa izan da Irungo bidesarien irizpide berria ezartzeko, eta haiekin lan egiten jarraituko dugu, haien kezkei eta eskaerei erantzuteko” adierazi du diputatuak. 

Beste alde batetik, zehaztu duenez, lotune erdiaren obra bera esleitzea abenduan izango da, eta lanak, berriz, abendu eta urtarrila bitartean hasiko dira, 12 hilabeteko iraupenarekin. “Lotune erdiaren eta hegoaldeko ingurabidearen artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 14 milioi euro inguru inbertituko ditu. Obra handi bat da, eta bukatzen denean, Irunek sarbide berri bat izango du AP-8 autobidetik, zeinak erraztu egingo baititu hiriaren hegoaldeko sarrerak eta irteerak, eta Donostiaranzkoak.

Markel Olanok orobat azpimarratu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak bete duela Irungo auzotarrei emandako hitza, abian jarri baitu lotune erdiaren eraikuntza, eta espero duela Irungo Udalak lehenbailehen gauza bera egitea hegoaldeko ingurabidearekin.

  

1644