Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Iruzurraren aurka egiteko hartu dituzten neurriak aurkeztu dizkiete Portugaleko Zerga Autoritateek euskal Ogasunei

Iruzurraren aurka egiteko hartu dituzten neurriak aurkeztu dizkiete Portugaleko Zerga Autoritateek euskal Ogasunei

Zerga Autoritate portugaldarrek azaldu dute zer egin duten salmentak kontrolatzeko sistema telematikoa ezartzeko, ezkutuko sarreren aurka jotzeko funtsezko erreminta

2017/03/03

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru Ogasunek, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailak eta Nafarroako Zerga Ogasunek lan bilera egin dute gaur, Portugalek zerga iruzurrari aurre egiteko hartu dituen neurriak lehen eskutik ezagutzeko. Horretarako herrialdeko horretako Zerga Autoritateko kideak eta zerga ihesaren aurkako estrategia diseinatu eta garatzeko ardura izan duten Portugaleko Gobernuko goi kargu ohiak bertaratu dira Bilbon. Datozen asteetan antzeko beste topaketa egingo da Austriako ogasuneko zerga iruzurraren aurkako arduradunekin. 

Batzarrean aztertu diren neurrien artean dago saltokietako terminalak edota kutxa erregistratzaileak telematikoki kontrolatzeko sistemaren ezarpenarena. Sistema hauek ezkutuko diru sarrerak ekiditea dute xede eta, honenbestez, BEZ, Sozietateen gaineko Zerga edota PFEZaren zerga-oinarriak murriztea saihestea lortzen da. Funtsezko erreminta da zerga ihesa hauteman eta erabilera bikoitzeko softwarearen erabilera antzemateko. Hain zuzen, Portugal eta Austria dira kontrol sistema hau ezarri duten Europako herrialdeetako bi.

Portugalek partekatu duen esperientzia eta Austriak partekatuko duena baliagarri izango dira oso euskal erakundeek eratu duten lan taldearentzat, automatikoki informazio transmititzen duten sistemen ezarpena aztertzea helburu duena. Proiektu hau, Zerga Iruzurraren aurkako Planaren baitan hartutako konpromisoa, azterketa fasean dago oraindik. Foru Ogasunek, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailak eta Nafarroako Zerga Ogasunak jardunaldiaren irakurketa baikorra egin dute, zerga alorreko administrazioen arteko esperientzia trukaketak aberasgarriak baitira iruzurgileek erabiltzen dituzten euskarrien eta hauen kontra egiteko neurrien eraginkortasunaren inguruan gehiago jakiteko.

Gaurko topaketan parte hartu duen ordezkaritza portugaldarra osatu dute: Miguel Pimentel, 2013 arte Zerga Kontuetarako Estatu Idazkaria zenak; Ana Mascarenhas, Zerga Auditoretzen Plangintza eta Koordinazioko departamentuaren arduradunak; Elza Maria Guerreiro da Conceição da Silva Sequeira, zerga eta aduana administrazioa eta zergadunen arteko Kudeaketa Unitateko Jakintza-alor anitzeko taldearen burua; eta Carlos Lobo doktorea, Zerga Kontuetarako Estatu Idazkari ohia eta ekonomiko-juridiko, finantza, zerga, merkataritza eta administrazio sektoreetarako Kabineteko Ministerioko agregatua.

  

1942