Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria

Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria

Orain arte Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuorde izan denak hartuko du sailaren gidaritza, Jokin Peronaren heriotzaren ostean

Itziar Agirre izango da Gipuzkoako Ogasun eta Finantza diputatu berria

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak jakitera eman duenez, Itziar Agirre Berriotxoa urretxuarra izango da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatu berria. Izendapena bihar sartuko da indarrean, abuztuaren 21ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, Agirre Foru Gobernuan sartzeak erakundeari aukera ematen dio zergen eta finantzen arloan irmotasun osoz lan egiten jarraitzeko, eta azpimarratu du fitxaketa “ezin hobea” dela, “ahalik eta talde onena osatzen duena”, Jokin Peronaren ezusteko heriotzaren ostean, abuztuaren 6an izandako istripu latzaren ondorioz.

Itziar Agirre Berriotxoa (Urretxu, 1975) Zuzenbidean lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, zuzenbide juridiko-ekonomikoan espezializatua, eta Euskadiko Zuzenbide Autonomikoan espezializazio-diploma ere badu. Horrez gain, UNEDeko Giza Baliabideen Zuzendaritzan Unibertsitateko aditu titulua du, eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eta Mondragon Unibertsitatearen MBA Executive bat. 2017tik 2024ko uztailera bitartean Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Ogasuneko sailburuorde gisa izandako esperientzia profesional zabalak, eta 2013 eta 2017 artean Ogasun eta Finantza Saileko Zerga Administrazioko zuzendari izanak bermatzen dute Agirre orain Gipuzkoako Foru Ogasuna trebetasun eta gaitasun osoz zuzentzeko.

Euskadiko zerga sistema ondo ezagutzeaz gain, Agirrek euskara eta ingelesa menperatzen ditu, eta esperientzia handia du hainbat erakunde publikotan; izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan da 2007 eta 2013 artean, eta Urretxuko Udaleko zinegotzi ere bai 2003. urtetik.

Eider Mendozak azpimarratu duenez, orain Itziar Agirre eta uztailean Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatu izendatuta, Gobernu taldeak ikasturte politiko berriari ekingo dio "lurraldeko eragile sozial eta ekonomikoekin lankidetza indartzen jarraitzeko eta gainerako indar politikoekin akordioak lortzeko borondate berarekin".

Era berean, Mendozak Jokin Perona gogorarazi nahi izan du, "zerbitzari publiko handia eta pertsona aparta, oinarri sendoak uzten dizkiguna gero eta solidarioagoa, konprometituagoa eta lehiakorragoa den Gipuzkoaren alde lanean jarraitzeko. Kolpe gogorra izan da guztiontzat, baina Jokinek erakutsi zigun guztiarekin, martxan gara berriro, esku artean ditugun erronka handiei aurre egiteko prest. Horretarako talderik onena daukagu”, adierazi du.

Azkenik, Peronaren familia gogoratu nahi izan du Mendozak, eta eskerrak eman ditu azken asteotan jasotako mezu eta keinu guztiengatik, "hain une zailetan Jokin hainbeste estimatu eta maitatu dugun pertsona guztiontzat lagungarri izan baitira".

  

9092