Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Izan Aldaketa Andoainen

Izan Aldaketa Andoainen

Aldundia eta Andoainek gizartea ahaldundu nahi dute klimaren aurkako borrokaren parte izan dadin.

2019/11/21
  • Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela eta, Andoainen #IzanAldaketa ekimena jarri da abian, ingurumen arazoei buruz kontzientziatzeko eta jendeak bere egunerokoan ezar ditzakeen konponbideak proposatzeko.

  • Jardunaldian hainbat ekimen sartzen dira, hala nola Oria ibaian zaborra biltzea, dibulgaziozko hitzaldiak eta Orian bildutako hondakinak birziklatuta Eko-REC enpresan egingo diren oihalezko poltsak entregatzea.

  • Proiektua Ekomodo eta Bask Brand enpresek koordinatzen dute, eta Andoaingo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren babesa du.

«Surfrider Foundation» fundazioak egindako azterketaren arabera, itsas hondakinen % 80 ibaietatik datoz. Itsas kutsadurak eragiten dituen arazo larriak oso nabarmenak diren arren, biztanleriak, oro har, ez daki kutsadura hori ibaietatik datorrela batik bat. Horren inguruan kontzientziatzeko asmoz, eta gizarteari aldaketaren parte aktibo izan daitekeela helarazteko asmoz, #IzanAldaketa proiektua sortu da. Ekimena Andoainen egingo da, azaroaren 21ean.

Gure planetak erronka garrantzitsuei egin behar die aurre, eta zehazki Gipuzkoako lurraldeak, arriskuan jartzen baitituzte oraingo eta etorkizuneko belaunaldien existentzia eta ongizatea. Horregatik, Aldundiaren babesa duen proiektu honen  helburua da arazo horiek Gipuzkoako barnealdeko udalerrietara hurbiltzea. 

Arazoaren berri emateaz gain, #IzanAldaketa proiektuaren helburu nagusia da herritarren ekintza bultzatzea, planetan eragin positiboa izango duten aldaketa txikiak egin ditzaten egunerokoan. 

Proiektuaren funtsezko ideia da herritarrei itsas kutsaduraren arazoa erakustea, bere benetako jatorrian (ibaiak) arreta jarriz; eta, batez ere, ahalduntzea eta ekintzara bultzatzea, beren egunerokoan planeta gero eta jasangarriago baterantz eta gizarte gero eta arduratsuago baterantz doan aldaketaren parte izan daitezen.

Ekomodo eta Bask Brand, proiektuaren sustatzaileak

 

Proiektu hau ekintza koordinatu bat da, lankidetzan garatzen dutena Ekomodo enpresak -plastiko birziklatua era guztietako osagarriak sortzeko erabiltzen duen startupa- eta Bask Brand enpresak -moda jasangarriko marka, ehungintzak gehien erasandako herrialdeen errealitatea aldatu nahi duena-, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzarekin.

Gainera, plastikoen bilketan Andoaingo Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuko kideak eta Andoaingo ikastetxe ezberdinak ere arituko dira elkarlanean. "Helburua da ikusaraztea itsasoan dauden hondakinen arazoa oso larria dela; eta guztion artean, herritar, enpresa eta erakunde publikook, horri buelta eman behar diogula eta irtenbideak bilatu behar ditugula", dio Jon Kareaga Bask Brandeko fundatzaileak.

Proiektua 3 bloketan egituratzen da:

 

Kontzientziazioa, herritarren partaidetzatik abiatuta: Zabor bilketa egingo da, goizean, 10.00etatik 12.00etara, udalerriko boluntario eta ikastetxeekin.
Ingurumen dibulgazioa:

Jardunaldiak egingo ditugu arratsaldez, eta bertan eragile parte-hartzaileek ponentzia batzuk egingo ditugu, galdera honen inguruan: «Zer egin dezaket nik planeta hobetzeko?»
Astebete beranduago bisita bat egingo da Eko-REC birziklapen fabrikara, eta bertan bildutako zaborra birziklatuko da.

Birziklatutako produktuak: zabor bilketan bildutako plastikoekin poltsa berrerabilgarriak egingo dira proiektuan parte hartzen dutenentzat. Horrela, proiektuaren zikloa itxiko da, eta antolatzaileek helarazi nahi dugu mezua ikusaraziko da.

 

Jardunaldiak: «Zer egin dezaket nik planeta hobetzeko?»

Arratsaldeko jardunaldien helburua da azaltzea zer erronka izango dituen Gipuzkoak datozen urteetan ingurumenari dagokionez, eta herritarrok egunerokoan egin dezakegunaren 10 adibide emango dira. Gure lurraldean arazo horiei aurre egiteko garatzen ari diren zenbait proiektu ezagutzeko aukera ere egongo da.


GIPUZKOAREN INGURUMEN ERRONKAK Aurkezpen instituzionala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren eskutik; aurkezpenean Gipuzkoak dituen ingurumen erronka nagusien berri emango da.
ITSAS HONDAKINA ETA HAREN JATORRIA Surfrider fundazioak itsas hondakin plastikoen arazoa eta arazoa nondik datorren azalduko du.  
ZER EGIN DEZAKEZU ZUK KLIMA ALDAKETARI AURRE EGITEKO? Ponentzia dinamiko bat egingo da, Dawamoru Fernandez eta Adriana Uribesalgo aktibisten eskutik, planeta aldatzen duten ohiturak azaltzeko. Hainbat gai jorratuko dira, hala ola jasangarritasunaren urrezko arauak, Zero Waste eta Slow Lifestyle.
HEMENGO ADIBIDE ARRAKASTATSUAK

 Moda jasangarriko marka bat da, ehungintzak gehien erasandako herrialdeen errealitatea aldatzea bilatzen duena, ehungintza baita planetako industria kutsatzaileenen artean bigarrena.
 PET moduko material plastikoen birziklapenean espezializatutako enpresa. Plastikozko 5.000.000 botila birziklatzen ditu egunero. Erreferente nazionala da ekonomia zirkularraren eta birziklapenaren arloan.
Ekomodo: Eko-diseinuko produktuen marka bat da. Produktuak, hondakin plastikoetatik abiatuta, % 100 birziklatutako material berritzaileekin daude eginda, lurraldean bertan, gizarte lantegietan.

 

Bildutako hondakinak parte-hartzaileentzako produktu bihurtuko dira.

Proiektua ez da zabor bilketa huts bat. Ekintza aitzindaria da Espainian; izan ere, hondakin plastikoen 500 kg inguru biltzea espero da, ondoren tratatu eta poltsa berrerabilgarriak egiteko. Azkenik, poltsa horiek parte-hartzaileen artean banatuko dira, opari gisa. «Proiektuaren parte-hartzaileei, egindako ahaleginagatik saritzeaz gain, mezu bat helarazi nahi diegu: hondakinak baliabide dira, eta objektu benetan baliotsu bilakatu daitezke», dio Adriana Uribesalgok, Ekomodo enpresaren sortzaile eta ekintzaren koordinatzaileetako bat.

PET plastikoa birmoldatzeko prozesua Eko-REC enpresaren instalazioetan egingo da. Eko-REC punta-puntako enpresa da Europa mailan, eta plastikozko 5 milioi botila birziklatzen ditu egunero. Horregatik, badu osagai hau tratatu eta bigarren bizitza bat emateko beharrezkoa den teknologia.

  

2059