Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Jarraitu cool izaten

Jarraitu cool izaten

Ozono geruza babesteko Nazioarteko Eguna

2018/09/16

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bat egin du Ozoko Geruza Babesteko Nazioarteko Egunarekin, eta ozono geruza eta klima babesten jarraitzeko deia zabaldu du.

Ozono geruza gas zerrenda oso ahul bat da, Lurrean bizitza posible egiten duena, izpi ultramoreetatik eta eguzki izpien beste ondorio kaltegarrietatik babesten baitu. 80ko hamarkadan «zulo» handi bat aurkitu zen ozono geruzan, Antartida gainean, atmosferan metatutako gas halogenoek eraginda -kloroa eta bromoa-. Horren ondorioz, 1987an Montrealeko Protokoloa sinatu zen, gas halogenoen erabilera mugatzeko, eta 1994an Nazio Batuek Ozono Geruza Babesteko Nazioarteko Egun izendatu zuten irailaren 16a.

Jarraitu cool izaten

Aurtengo leloak «Jarraitu cool izaten» dio, eta oinarrizko bi konturi egiten die erreferentzia: batetik, kontuan hartu behar da ozono geruza babesteko ahaleginak gainditu egiten duela helburua bera, eta harago doala, ahalegin hori funtsezkoa baita klima babesteko, eta, beraz, klima aldaketaren aurka borroka egiteko; eta, bestalde, ozono geruzaren berreskurapenean arrakasta izan badugu ere, ez dugula lasaitu behar, eta erne jarraitu behar dugula.

Horrela, Montrealeko Protokoloak debekatutako gasen ordez erabiltzen hasi ziren gasetako batzuk ez dute ez ozono geruza hondatzen, baina denbora luzean atmosferan geratzen direnez «berotegi efektua» areagotzen dute eta, beraz, klima aldaketa. Izan ere, ingurumenaren arloko erronkak, Planeta babesteari lotutakoak, ez dira amaitzen. Gainera, guztiongan dute eragina.

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatu Jose Ignacio Asensiok esan du «ozono geruza babestea eta klima aldaketaren aurka borroka egitea ez dela soilik gobernuen kontu bat. Herritarrok kontzientzia hartu behar dugu, eta erantzukizunez erabili behar ditugu gure hozkailuak, aire girotuak eta bestelakoak.   Gailu horiek guztiak egoki erabili eta mantenduz gero, energia gutxiago erabiliko dugu eta, hala, isurpenak murriztuko ditugu, dirua aurrezteaz gain».

Cool izatea

Beste une batean, Jose Ignacio Asensiok «cool» izatera animatu ditu gipuzkoarrak, eta adierazi du «cool izateko nahikoa dela keinu txiki batzuk egitea, hala nola autoko aire girotua ez piztea leihatilak jaitsi eta zenbait kilometro egin arte, jakiak izozkailutik aldez aurretik ateratzea, hozkailuan desizoztu daitezen, edo hozkailua airea atzealdean erraz mugitu dadin instalatzea.»

«Cool izatea, azken finean, arduratsuak izatea da; arduratsuak gure buruarekiko, gure Planetarekiko eta gainerakoekiko. Izan gaitezen, bada, cool.»

  

1616