Jasangarritasuna, sormena eta baztertutako materialen ikerketa sustatzea
Jasangarritasuna, sormena eta baztertutako materialen ikerketa sustatzea
Gipuzkoako ikastetxeak era askotako hondakinez hornituko ditu BIRSORTUk.
Berrerabilpenetik abiatuta, hondakinen bilketaren esanahiaz, kontsumoaren murrizketaz eta tokiko ekonomiaz gogoeta egin eta begirada zabal dezaten.
José Ignacio Asensio: “Proiektu hau lankidetzaren adibidea da, hondakinak aukera bihurtuz. Ekimen horri esker, ekonomia zirkularra sustatzen da, berrerabiltzearen eta birziklatzearen bidez, eta ikaskuntza-, ekimen- eta sormen-ardatz bihurtzen da”.
Javier Pradini: “Ekonomia zirkularra gauza natural gisa iristen da ikastetxeetara. Produktuen bazterkinak eguneroko lanerako material bihurtzen dira, eta, sormena handitzearekin batera, enpresa-ingurunea berrerabiltzea eta ezagutzea kontzeptuak gehitzen dituzte”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak BIRSORTU Donostialdea gunea sortzen lagundu du, Emaus Gizarte Fundazioaren eta Hik Hasiren ekimenez. Proiektu honen bidez, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra sustatu nahi dira, bai ikastetxeetan bai lurraldeko enpresetan. Berrikuntza pedagogikoaren bidez baztertutako materialekin ekonomia zirkularra, sormena eta ikerketa sustatzeko kultura-proiektua da.
Horretarako, BIRSORTU guneak askotariko hondakin-objektuak hornituko ditu Gipuzkoako ikastetxeetan, berrerabilpenetik abiatuta, hondakinen bilketaren esanahiari, kontsumoaren murrizketari eta tokiko ekonomiari buruzko hausnarketa, galdera, ikerketa eta begirada zabal dezaten. BIRSORTU gunea Donostiako Emaus faktorian eta Arrasateko EkoCenterren jarriko da. Proiektu osoan zehar, hainbat enpresekiko lankidetza sarea eta eskualdeko ikastetxeei eskaini beharreko materiala zabaldu nahi dira.
Proiektu honetako materialak Gipuzkoako hainbat enpresatako bazterketatik datoz. Zeharka, materialek ideia hau sustatzen dute: akastunak mezu etiko handia duela, gogoetak eragiteko eta sustatzeko gai dena, hezkuntza-iturri bihurtzen dena, oso erabilgarria edo zaborra denaren definizioa baztertuz.
Honen harira, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, “proiektu hau lankidetzaren adibidea da, hondakinak aukera bihurtuz. Ekimen horri esker, ekonomia zirkularra sustatzen da, berrerabiltzearen eta birziklatzearen bidez, eta ikaskuntza-, ekimen- eta sormen-ardatz bihurtzen da”.
Bestalde, Javier Pradini Emaus Gizarte Fundazioko zuzendariak nabarmendu du garrantzitsua dela ekonomia zirkularra ikastetxeetara iristea proiektu honi esker, eta gauza natural gisa, “produktuen bazterkinak eguneroko lanerako material bihurtzen dira, eta, sormena gehitzearekin batera, enpresa-ingurunea berrerabiltzea eta ezagutzea kontzeptuak barneratzen dituzte”.
Proiektua, beraz, Gipuzkoako enpresa-sarearen borondatezko parte-hartzeari esker egin ahal izan da, hainbat enpresaren lankidetzarekin: Adegi, Ekotrade, Eskuz, Ezarri, Gabiltza, One taldea, H-Enea, Irizar, JMA, Kromosoma, Merkabugati, Paneflix, Ternua, Twin&Chic eta Eko-REC. Enpresa horiek askotariko material baztertuak eskaini dituzte: sareak, hodiak, moketa, poliespana, paletak, igerilekuko baldosak, material informatiko elektronikoa, papera eta kartoia, larrua, kotoi organikoa, zura edo botoiak eta kremailerak.
Hik Hasi eta Emaus Gizarte Fundazioaren arteko lankidetzatik sortu zen BIRSORTU, eta Euskadi osoko 13 ikastetxetan 2018-2019 ikasturtean egindako proba pilotu batean du jatorria, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntzari esker.
Italiako Reggio Emilia herrian jaiotako programa du oinarri ekimen berezi honek, eta REMIDA deitzen diote nazioartean. BIRSORTUk berrerabilpenaren eta birziklapen sortzailearen kultura sustatzen du, eta hondakinak edertasun-eramaile izan daitezkeela defendatzen du, beren kabuz gogoeta bultzatzeko eta hezkuntzari baliabideak eskaintzeko gai direla.
REMIDA kontzeptuak sormena eta jasangarritasuna lantzen ditu. Aukera ematen du baztertutako industria-materialak hurbiltzeko, ikastetxeetan oso gutxitan ikusten direnak baina, hala ere, beren ekoizpen-habitat hurbilenekoak direnak, beren kabuz gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren zentzua hartzen duten forma eta esperientzia berriak aztertuz.
1699