Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete IV Poesia Saria Hemen izeneko lanarekin
Juanjo Olasagarrek irabazi du Xabier Lete IV Poesia Saria Hemen izeneko lanarekin
Itxasok dioenez Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea eta haratago joatea lortu zuen
Edizio honetara 31 lan aurkeztu dira, orain arteko kopururik handiena
Itxasok dioenez Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea eta haratago joatea lortu zuen
Xabier Lete, euskarazko nazioarteko IV. Poesia Saria, Juanjo Olasagarrek (Arbizu 1963) irabaki du. Aurreko edizioetan Karlos Linazasorok, Luis Gardek eta Asier Serranok jaso zuten saria.
Sari honetara lanak gai, neurri eta errima librekoak aurkeztu ahal izan dira. Lanak 500 lerro izan behar dute gutxienez eta euskaraz, originalak eta argitaratu gabeak izan beha dute. Nolanahi ere, aldizkarietan, antologietan edo sarean argitaratu diren poema bildumak ere onartzen dira. Nahi duten idazle guztiek har dezakete parte, edozein leku eta nazionalitatekoak, lan bat edo gehiago aurkeztuz.
Xabier Lete poesia sariketaren edizio honetara 31 lan aurkeztu dira, orain arteko kopururik handiena. Aurreko edizioan, 19 aurkeztu ziren.
Lan horien artean hiru geratu dira amaieran. Irabazi duen lanarekin, lehian aritu diren beste bi poema liburu interesgarri ere azpimarratu nahi ditu epai-mahaiak: Hegodun poemak eta Urtaroak eta zeinuak, baina azkenean Hemen bildumak irabazi du.
Irabazle geratu den Hemen liburuaren ezaugarrien artean, poemen egikera aberatsa eta hats luze zein sakonera handiko hausnarketa izatea goraipatu du epai-mahaiak. Ironia baliatzen du egileak, ausart eta anker. “Hemen ez da ezer gertatzen” esanez labur genezake esaten den guztiaren gainezkaldiaren ostean geratzen dena.
Poema bilduma anitza da formen, irudien eta gaien ikuspegitik. Gizon egin baten bizitzaren pusketatik sortzen den hausnarketa aldi liriko eta aldi berean petrala eskaintzen du Juanjo Olasagarre euskal poeta ezagunaren obra honek. Urbanotasuna, naturarekiko atxikimendu mikatza, norberarekiko arroztasuna, itzuleran beti norabait iristea, maitasuna, ez-maitasuna, bulkada homoerotikoak, hausnarketa filosofikoak, hona bildumako ildo oparoak…
Sarituak José Ramon Andaren eskultura bat jasoko du eta 12.000 euro. Lana argitaratu egingo da poesian espezializatutako argitaletxe batean.
Itxasok adierazi duenez, Xabier Leteren poesiak esanahi berezia du euskaldun askorentzat. Seguruenik, haren ibilbideak, haren bizi-bidaiak bat egin zuelako belaunaldi oso batenarekin. “Hasieran, euskara berreskuratzeko kezka eta diktaduraren azken urteetako askatasunen aldarrikapena izan zituen ardatz, eta hortik barnekoagoak eta pertsonalagoak ziren lurraldeetarako bilakaera izan zuen, azkenean existentzian, bizitzaren bilakabidean eta heriotzean jartzeko bere arreta osoa. Bilakaera horretan, Letek beti mantendu izan zuen askatasuna, amodioa eta adiskidetasuna bezalako balioekiko interesa, balioetan oinarritutako euskal identitatea sortuz, eta identitate horretatik abiatuta nortasun partekatuetara iritsi beharra zegoen”.
Itxasoren esanetan Letek euskarazko poesia belaunaldi oso bati hurbiltzea lortu zuen eta horren adierazgarri da gaur ematen den saria.
Juanjo Olasagarre
Arbizun (Nafarroa) jaio da 1963an. Idazlea eta literaturako irakaslea da bigarren hezkuntzan. Hainbat komunikabideen kolaboratzailea da, hala nola, Egin, Egunkaria, Berria, Deia eta Argian. Volgako Batelariak literatur blogean hatzen du parte literaturako artikuluak eta kritikak idazten.
Nobela, poesia, antzerkia idatzi ditu eta itzulpenak eta bidaia kronikak ere egin ditu. Bere lehen nobela dagoeneko gazteleraz, italieraz eta errusoz ere irakur daiteke.
Lanak
Nobela
Ezinezko maletak (2004, Susa)
T (2008, Alberdania)
Poz aldrebesa (2017, Susa)
Poesia
Gaupasak (1991, Susa)
Bizi puskak (1996, Susa)
Puskak biziz (2000, EEF - Susa)
Antologia
XX. mendeko poesia kaierak (2002, Susa)
Itzulpenak
Poemak; W.H. Auden (1994, Susa)
Philip Larkinen poemak
Antzerkia
Hegazti errariak (1996, Euskaltzaindia-BBK)
Kronikak
Mandelaren Afrika (1998, Susa)
1552