Kabia Europako Parlamentuan izan da
Kabia Europako Parlamentuan izan da
Combi proiektuaren aurkezpenaren baitan, adineko pertsonen zaintzan eta osasun arloan, migratzaileek (eta hizkuntza gutxitua ez dakitenek) lanerako oinarrizko hizkuntza gaitasunak bereganatu ditzaten
Gaur goizean, Europako Parlamentuan, Estrasburgon, Arantza Lekuona Kabiako gerenteak eta Petra Elser Banaiz Bagarako zuzendariak Kabia organo autonomoaren hizkuntza politika praktika on gisa aurkeztu dute. Izan ere, Gipuzkoako 16 udal egoitzak integratuko dituen Kabiak jada abiarazi du “hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibidea”, adineko pertsonei kalitatezko zaintza eta arreta ematean, beraien hizkuntza eskubideak ere bermatuak egon daitezen. Parlamentariek oso ongi baloratu duten aurkezpena Europako Parlamentuko “Traditional minorities, National communities and Languages” Intergroup taldean egin da, Combi proiektuaren aurkezpenaren baitan.
Kabiako egoitzetan hizkuntza berdintasuna txertatu ahal izateko, Combi proiektuko Aholku Batzordearen partaide dugu organismo autonomoa. Combi metodoaren xedea da migratzaileek (eta hizkuntza gutxitua ez dakitenek) lanerako oinarrizko hizkuntza gaitasunak bereganatzea, hizkuntzaren eremu guztiak jakin behar izan gabe. Horretarako irakaskuntza metodo proaktiboak eta berritzaileak garatzen dituzte, baita ere adineko pertsonen zaintzan eta osasun arloan, praktika berritzaile inklusiboak eta lantokian eskatzen diren hizkuntzetan komunikatzeko gaitasunak hobetzeko.
Horren harira, Arantza Lekuonak nabarmendu du Kabiak duen jarraibidearen barruan behar bat dagoela, egungo langileen eta langile izango direnen “hizkuntza gaitasunetan eragitekoa. Kontuan izan behar da gainera, epe motz eta ertainean, euskaraz ez dakiten gero eta langile gehiago prest egongo direla adinekoen zaintza sektorean lan egiteko”.
1.505 plaza 16 egoitzatan
Kabia organo autonomoan Gipuzkoako 16 udal egoitzak integratuko dira 2019ra bitarte, eta guztira 1.505 plaza kudeatuko ditu (1.336 egoitza plaza, gehi 169 plaza eguneko zentroetan), 299 langile (116 funtzionario eta 183 kontratudun), 18 enpresa desberdinetako 949 langile zerbitzuak eskaintzen, antolaketa desberdina duten 16 egoitza. Dagoeneko Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaiako, Lasarte, Andoain eta Bergarako udal egoitzak Kabian txertatu direlarik, aurten Ordizia, Oñati, Errenteria, Arrasate eta Tolosako egoitzak integratuko dira Kabian. Datorren urtean, aldiz, Hernani, Eibar San Andres, Irun Ama Xantalen eta Pasaia.
Kabiak hasieratik izan ditu bidelagun eta aliatu Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Departamentua eta Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritza. Hizkuntza berdintasuna kudeatzeko jarraibidea egiteko garaian, udal egoitzetako ordezkariek eta zerbitzu enpresetakoek ere parte hartu zuten, eta lanean ari dira beste eragileekin elkarlana taxutzeko. Lekuonaren hitzetan, Intergroup taldeko aurkezpenaren bitartez, “lortu nahi dugu Europa mailatik laguntza bat izatea, besteak beste, Europako Gizarte Funtsen bidez finantzatzen diren lanbide heziketa eta enplegu-programetan eskualde elebidunetan hizkuntza minorizatuak kontuan hartuak izan daitezen”.
Parlamentariek oso ongi baloratu duten aurkezpena Europako Parlamentuko “Traditional minorities, National communities and Languages” Intergroup taldean
1944