Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kanpazarreko errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak maiatzean amaituko ditu Aldundiak

Kanpazarreko errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak maiatzean amaituko ditu Aldundiak

Bihurgune estuenak hobetuko dira eta errepidea 9 metroko zabalerara iritsiko da lan horiei esker, segurtasun eta erosotasun mailak handituz

2023/03/29
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua


Gipuzkoa eta Bizkaia Kanpazar mendatean barrena lotzen dituen N-636 errepidea zabaldu eta hobetzeko lanak, aste honetan bertan, azken fasean sartuko dira. Hala, urriaren 1ean Sarako merenderoaren inguruan hasi eta, errepidean gora, azken hilabeteetan gauzatzen joan diren lanak, maiatz hasierarako bukatuta egongo direla iragarri du gaur Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak lanetara egindako bisitan. “Lanak oso martxa onean doaz eta, jada obra osoaren bi herenak bukatuta, datozen asteetan Bizkaiko mugara arte geratzen diren 250 metroei helduko diegu”.

Arrasate zein inguruko herrientzat oso puntu garrantzitsua da Kanpazarreko mendatea eta, horrekin lotuta, Aldundiak bigarren mailako sarearen hobekuntzan eta mantenuan egiten duen etengabeko lanari balioa eman nahi izan dio diputatuak gaurko agerraldian, errepide hauek ere “estrategikoak” direlako. Batetik, bide-segurtasuna aipatu du diputatuak, zabalera handituko delako eta, batez ere, ibilgailu astunak elkarren artean gurutzatzerako orduan sortzen diren arrisku uneak ekidingo direlako obra berriarekin. Bestetik, lurralde bezala, errepide sare on batek “kohesioa, bizi kalitatea eta garapen ekonomikoa” bermatzen dituela azaldu du Oiarbidek eta, horregatik, etengabeko inbertsio hau “ezinbestekoa” da. Lan hauek, zehazki, 1,2 milioi euroko aurrekontua dute.

Lanak behin burututa, errepideak 9 metroko zabalera izango du bere ibilbide osoan. Jarduketaren helburu nagusia horixe izan da. Orain arte, asko jota 7 metrora iristen baitzen zabalera eta tarterik estuenak arriskutsuak ziren. Diputatuak azaldu duenez, N-636 errepideak Epeleko igoeraren lehen tartean hiru errei ditu eta, hain zuzen, azken kilometroan estutu eta bihurritu egiten da bidea.

Obrak guztira errepidearen 926 metrotan egin dira eta Zabalera gehitu ahal izateko, ezkerreko mendi-magalean lur-erauzketak egin dira zenbait puntutan eta, beharrezkoa izan den kasuetan, harri-lubetak ipini dira. Horri esker, 7 metroko plataforma eta metro bat baino gehiagoko bazterbidea lortu da. Halaber, lanen eraginez Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltelek partekatzen duten zuntzaren kanalizazioa desbideratu behar izan da baina, plataforma zabalduta, bide azpitik birbideratzen ari dira kanalizazioa, lanek aurrera egin ahala. Gauzak horrela, azken txanpa honekin batera, bukaeran behin betiko seinale bertikalak kokatuko dira eta euste-sistema jarriko da.

Bukatzeko, errepide zati hau tarterik konplikatuena bada ere, “ahalegin eta hobekuntza handiak” egin direla azaldu du Oiarbidek eta errepide osoa nabarmen hobetu dela azpimarratu du. Oiarbidek gogora ekarri du Epele eta Sara artean, errepidearen zorua birgaitu egin zela aurreko urteko udazkenean eta epe laburrari begira, baita inguru horretan ere, Kanpazar eta Elgeta arteko GI-2639 errepidearen trazadura hobetzeko lanak aurten bertan hasiko direla.

  

3036