Kereila kriminala aurkeztuko du foru erakundeak frankismoaren krimenen aurka
Kereila kriminala aurkeztuko du foru erakundeak frankismoaren krimenen aurka
Markel Olano: “Egia judizialaren argitan, inpunitate hormari arrakala berriak irekitzea bilatzen dugu”
Urtarrilaren 15eko Diputatuen Kontseiluan onetsi ondoren, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok prozesu judizialaren xehetasunak azaldu ditu gaur. Kereila kriminala aurkeztuko du foru erakundeak akusazio popularra gauzatuz Florencia Olazagoitia eta Jose Ariztimuño Aitzol-en desagerpen behartuen kasuetan, gure lurraldean desagertu eta hildako ia mila pertsonaren ordezkari sinboliko gisa.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala, bide judizialari ekingo dio, 1936ko uztaileko estatu kolpearen eta Gerra Zibilaren garaian eta ondoren Gipuzkoan egin ziren krimen frankistak jazartzeko. Foru erakundea herri akusazio gisa aurkeztuko da 1936an Frankismoak erail zituen bi gipuzkoarren kasu partikularretan: Florencia Olazagoitia Zeziaga arrasatearrarenean eta Jose Ariztimuño Aitzol, Tolosan jaiotako euskaltzale eta elizgizon ezagunarenean. Orobat, babesa emango die, aldi berean eta estrategia bateratu baten barruan, biktimen senitartekoek aurkeztuko dituzten bi kereila partikularrei. Hainbat aukera aztertu ondoren, Aldundiak bi kasu horiek aurkezteko erabakia hartu du, Gipuzkoako biktima guztien ordezkari sinboliko eta adierazgarri izan daitezkeelakoan, hain zuzen.
Auzi estrategiko bat abiaraziz gauzatuko du foru erakundeak bere akusazioa, zigor arloan izango duen garapena gorabehera, bestelako xede bati erantzutea xede izango duena: eragin soziala izan, egia judiziala aitortu, eta espainiar estatuko epaileen eta jurisprudentziaren jarrera aldaraztea. Horrela, diputatu nagusiaren esanetan, “egia judizialaren argitan, frankismoaren krimenen aurreko inpunitate horman arrakala berriak irekitzen laguntzea bilatzen da”.
Aurkezpen ekitaldian, Markel Olano diputatu nagusiak defendatu du egia, justizia eta erreparazioa direla “giza eskubideen urraketa larria jasan duten biktima guztien eskubideak, eta hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere egiten duela eskubideon defentsa “konpromiso sozial” gisa ere. Honekin batera, zenbait mugimendu politikori erreferentzia egin die bere hitzaldian. Diputatu nagusiak azaldu duenez, “azkenaldian berriro ari gara entzuten jada gaindituak uste genituen ideiak, Frankismoaren eta politika uniformizatzaile gogorrenen ahaide diren proposamenak”. “Balio demokratikoen, aurrerapen sozialen eta, oro har, aurrerapenaren aurkako ideiak dira”, indar politiko horiek defendatzen dituzten jarrerak Olanoren esanetan. “Berpizte horren aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundia gure gizarteak bere egiten dituen printzipio demokratikoetan berresten da”, eta diputatu nagusiak berretsi du “euskal erakundeen defentsa irmoa” egingo dutela, “euskal gizartearen autogobernu nahiaren adierazpen garbienetakoa diren heinean”.
Denis Itxaso foru diputatuak bat egin du eskubideon aldarrikapenarekin, nabarmenduz, “bizikidetzaren ezinbesteko oinarriak” direla. Gaur aurkeztutako akordioari buruz azpimarratu du “ezinbestekoa” dela akordio hau, “desberdin pentsatzen zuten horien duintasuna errespetuz errekonozitu dadin”.
Ekimen hau bi txostenek sostengatzen dute. Lehenengoa, Aranzadi Zientzia Elkarteari eskatu zitzaion, eta 1936 eta 1944 artean eraildako edo desagertutako gipuzkoarren kasuak biltzen ditu. Txosten horretan, 979 kasu bildu eta dokumentatu dira; horietatik 778 desagertze behartuei dagozkie. Bigarrena, berriz, Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCO Katedrak egin du. Haren arabera, badira legezko bideak eta aski argumentu Aldundiak gure lurraldean gerra garaian eta gerraondoan egin ziren motibazio politikoko delituak jazar ditzan. Izan ere, Jon Mirena Landa, Katedraren zuzendariak, jazarpen frankista gizateriaren aurkako krimentzat hartu beharra dagoela berretsi du, hala ulertua izateko ezinbesteko baldintza betetzen baita: “Estatu jazarpen-politika sistematikoa eta planifikatua, horren testuinguruan giza-hilketak, erailketak, legez kontrako atxiloketak, torturak, pertsekuzioa eta antzeko delituak gauzatu zirelarik”. Hala, nazioarteko krimenak preskribaezinak direla dio Landak eta ezein amnistiak ezin duela “haien erantzukizuna ezabatu, behintzat nazioarteko giza- skubideen zuzenbidea behar bezala kontuan edukiz gero”.
Kereilak aurkezteak bat egiten du Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2016ko urrian egin zuten eskariarekin. Orduko hartan, foru erakundeari eskatu zitzaion bideak ireki zitzala Argentinako eta Espainiako jurisdikzioetako hainbat prozeduratan abiaraziak ziren ekinbideekin.
Akusazio partikularra
Jose Ariztimuño Olaso 1896ko martxoaren 18an jaio zen Tolosan, euskara eta euskal kultura maite zituen familia katoliko batean. 26 urterekin apaiztu zen. Kazetari emankorra eta ospe oneko idazlea eta euskaltzalea izan zen; euskaraz zein gaztelaniaz idatzi zuen, Aitzol goitizena erabiliz. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, sutsu jardun zuen euskal kulturaren pizkundea sustatzen, eta Eusko Alderdi Jeltzaleko kide aktibo izan zen. Horrez gain, langile mugimenduarekin ere harreman estua izan zuen, ELA-STV euskal sindikatuaren bitartez. Gerra lehertu zenean, Lapurdiko beneditarren Belloc monasteriora erretiratu zen. Bando matxinatuak atxilo eraman zuen Galerna izeneko bou ontzian Baionatik Bilbora zihoala, Bizkaiko hiriburuan geratzeko asmoz. Falangistek Ondarretako kartzelara eraman zuten apaiza, eta han torturatu egin zuten. Hernaniko hilerrian fusilatu zuten gero. Orain arte egin diren zenbait ikerketa eta landa lanek ez dute Ariztimuñoren gorpuzkiak lokalizatzeko biderik eman, eta, beraz, kasua desagertze behartu bat oraindik ere. Coro Arruek hartu du ekitaldian hitza, Ariztimuñoren iloba txikiak. Prozesu honetan lekuko gisa egotea eskertu du senideak eta eskatu du ekimen honek Aitzol-en figuraren eta frankismoak erail ala sufriarazi zituen milaka gipuzkoarrak duintzeko balio” dezala. “Herri honen zauriak ez dira itxiko familiek euren hildakoek biltzen jarraitu behar duten bitartean”, esan du.
Florencia Olazagoitia Zeziaga arrasatearrak 37 urte zituen eta alderdi sozialistako militante zen. 1936ko irailaren amaieran Arrasate okupatu zutenean, 10 urteko seme nagusienarekin herrian bertan geratzea erabaki zuen, bere berezko familiari laguntzeko; senarra, aldiz, Madrilera joan zen bi seme-alaba txikiak hartuta, han bizi baitzen haren familia. Jakin badakigu arrasatearraren neba bat eta beste senitarteko batzuk Errepublikaren alde borrokan aritu zirela, hura baserriz baserri bizirauteko janari bila ibili zen bitartean. Baserri batetik bueltan semearekin zetorrela atxilotu zuten, irailaren 28an. Florenciaren erailketaren inguruan badira bi bertsio. Batek dio espia lanak egiteagatik salatu zutela (baserrietara joan-etorrian ibiltzen zela oinarri hartuta), eta horregatik hil zutela epaiketarik gabe; besteak, berriz, militantzia politikoarekin eta bere familiaren erresistentzia armatuarekin lotzen du erailketa. Hainbat bertsio daude fusilatu zuten lekuaz (Hernani ala Oiartzun) eta hobiratu zuten lekuaz, baina gorpua ez da oraindik aurkitu eta horregatik da hau ere desagertze behartu bat. Nolanahi ere, ez zuen auzitegi edo antzekoren batek inola ere epaitu. Olazagoitia sendiaren ordezkari moduan Nati Roa, biktimaren bilobak hartu du parte gaurko aurkezpenean . Egia judiziala eskatu du Roak, “82 urte hauetako oinaze eta zauriak itxi eta isiltasunetik ateratzeko”. Bilobak “biktimen egia ezagut dadila” eskatu du, “orain arte, garaileen egia soilik ezagutarazi baita”.
1765