Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour KIROLGALA 2021: Maite Maiora korrikalariak eta Ander Elosegi piraguistak irabazi dute Gipuzkoa Kirola Saria

KIROLGALA 2021: Maite Maiora korrikalariak eta Ander Elosegi piraguistak irabazi dute Gipuzkoa Kirola Saria

Maite Maiora ultra traileko korrikalaria, Ander Elosegi 4 joko olinpikotan parte hartu duen piraguista, eta Unai Saralegi eta Unai Reguillaga judokak izan dira Tabakaleran ospatu den Kirol Galako protagonistak.

2021/12/10

Harkaiz Millan Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu du “Gipuzkoako kirolak ez du jarduera fisikoa bakarrik izan behar, berdintasuna, elkartasuna eta ahalegina bezalako balioak transmititzen ditu, bai banakakoak bai kolektiboak”.

Tabakaleran ospatu den Kirol Galan Gipuzkoako 2021eko kirolari nabarmenenak elkartu dira. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak antolatutako sari hauen asmoa kirolaren merituak maila guztietan aitortzea da, eta horrela Gipuzkoako kirol errealitate osoa jasotzea.

Emakumezkoen mailan, Maite Maiorak irabazi du GIPUZKOA KIROLA SARIA, eta Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuaren eskutik jaso du garaikurra. Maiora LPA Traileko (Kanaria Handia) Ultra Traileko egungo munduko txapelduna da, eta Trail Peneda do Geres 55km-ko lasterketa (Portugal), ST Lary Patou Trail maratoia, eta 101 km-ko Hiru Handien proba irabazi ditu (azken biak errekorra onduta). 

Gizonezkoen mailan, Ander Elosegik irabazi du GIPUZKOA KIROLA SARIA.  Beste arrazoi eta lorpen askoren artean, lau joko olinpikotan parte hartu duen lehen euskal gizona da; laugarren postua lortu zuen Pekinen 2008an, laugarrena Londresen 2012an, zortzigarrena Rio 2016an eta zortzigarrena Tokion 2020an. Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak eman dio saria Irungo piraguistari.

Galako une hunkigarria Iñaki Sagastumerentzat izan da.  Kirol kazetari beteranoak ondo merezitako omenaldia jaso du, bere ibilbide luzean, 50 urte baino gehiago 1960an hasi zenez geroztik, Gipuzkoako kirolaren berri ematen aritu delako. Gaur egun, Iñaki Sagastume kirol prentsaren Gipuzkoako elkarteko idazkari da 1986. urteaz geroztik.

Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartu duten kirolari gipuzkoarrek ere protagonismoa izan dute. 14 gipuzkoar  izan dira aurreko jokoetan, 12 olinpiar jokoetan eta 2 paralinpikoetan, hala nola Ane Santesteban txirrindularia, Ander Elosegi (4 joko olinpiko), Iñigo Peña eta Maialen Chorraut piraguistak (zilarrezko domina), Gorka eta Ion Izagirre anaia txirrindulariak, Clara Azurmendi badminton jokalaria, Julen Aguinagalde eskubaloi jokalaria, Mikel Oyarzabal eta Martin Zubimendi futbolari eta zilarrezko dominadunak, eta Teresa Errandonea eta Odei Jainaga atletak eta, nola ez, Iñigo Llopis (zilarrezko domina) eta Nahia Zudaire paralinpikoak. Abraham Olano gipuzkoar txirrindulari ohiak eman die oparia Gipuzkoako olinpikoei; Olanok, besteak beste, Atlanta 96ko olinpiadetan zilarrezko domina lortu zuen erlojupekoan, errepideko eta erlojupeko munduko txapeldun izan zen, 1998an Espainiako Itzulia irabazi zuen eta 1996an eta 2001ean, Italiako Giroan podiumera igo zen.

GIPUZKOARREN SARIA, herritarren bozketa bidezko ematen dena, Unai Saralegi eta Unai Reguillagarentzat izan da. Tolosako Judo Klubeko kata bikotea, klub horrek, ahalegin eta lan handia eginez, azken urteotan lortutako emaitza onen adierazle garbia da. 13. postua lortu zuten Portugalen ospatutako Munduko Txapelketan; 71.a Italiako Europako Kopan eta 2.a, Poloniako Europako Txapelketan.

KIROL ENPRESA saria BMW Lurautorentzat izan da, Gipuzkoako kirolarekiko duen inplikazioagatik eta ematen duen laguntzagatik, gizarte integratzaileagoa eginez eta baliodun kirolaren aldeko apustua eginez.  Luis Miguel Garciak, BMW Lurautoren gerenteak, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensioren eskutik jaso du saria.

Gonbidatuei egindako ongietorrian, Harkaitz Millan harro agertu da Gipuzkoako kirolaren maila handiagatik, baina, batez ere, klubak osatzen dituzten pertsonen eta, oro har, kirolarien konpromiso pertsonal handiagatik. Nabarmendu zuen "Gipuzkoako kirolaren ahalmen izugarria, arrakastak eta transmititzen dituen balioak direla eta harrotasun-iturri baita", eta gogora ekarri zuen, halaber, "gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, LGTBIQ+ kolektiboaren ikuspena edo gutxiengoen diziplinei laguntzea bezalako egitekoetatik". Izan ere, batez ere, kirolak berdintasunezkoa izan behar du pertsona guztientzat, haien gaitasun fisiko edo ekonomikoetatik aparte”.

Halaber, honako hauek ere omendu dira galan: Legazpiko Ilintxa Kirol Elkartea, 75. urteurrenagatik (2020); Arrasate Atletico Taldea, 75. urteurrenagatik (2020); Hondarribia Futbol Elkartea, 50. urteurrenagatik; Zumarragako Urola Kirol Elkartea, 50. urteurrenagatik; Aretxabaleta UDA, 75. urteurrenagatik; Amaikak-Bat, 75. urteurrenagatik; eta Donostiako Real Club Nautico, 125. urteurrenagatik.

Kirol Gala Sonakai musika taldearen eta Verdini Dantza Taldearen emanaldiekin amaitu zen.

 

 

 

 

 

 

  

1618