Koldo Mitxelena Kulturuneak web berria eta marka berritua estreinatu ditu
Koldo Mitxelena Kulturuneak web berria eta marka berritua estreinatu ditu
Web orriaren helburua da herritarrekiko komunikazioa erraztea. TGA enpresak diseinatutako KMK markak ikusizko identitate indartsuago eta markatuago baterantz eboluzionatzen du.
María José Telleria Kulturako diputatuaren ustez «web orri hau berritzearen helburua da Koldo Mitxelena Kulturunearen zerbitzuak gipuzkoar guztiei hurbiltzea eta askoz ere eskuragarriago egitea. Irudi berri honekin, gainera, publiko gazteago batengana hurbildu nahi dugu».
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Koldo Mitxelena Kulturunearen marka-irudi eta web orri berria aurkeztu ditu gaur goizean. Irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin, diseinu berriak islatzen du erakundeak kulturarekin, artearekin, dibulgazioarekin eta eztabaidarekin duen konpromisoa.
María José Telleria Kulturako diputatuak eta Koldo Mitxelena Kulturuneko zuzendariak web berria eta KMK marka aurkeztu dituzte gaur goizean. Bertan izan dira ere TGAko Nagore García eta ZYLKko Cesar Capillas eta Bogdan Berghie.
Telleriaren ustez, «marka eta web orria berrituz argi utzi nahi da Koldo Mitxelena Kulturuneak hemen jarraitzen duela, zerbitzuak ematen eta inoiz baino eskuragarriago izaten. Funts eta edukiekin 30 urtez egindako lan garrantzitsu batetik abiatzen gara. Gure helburua da webgune hurbilagoa eta errazagoa egitea eta irudi berri bat sortzea, publiko gazteago batengana hurbiltzeko. Zentro honetan garatzen diren programen eta proiektuen eskaintza osatu nahi dugu, hala nola Lumafest, Poetika edo Crossover. Horiek ere bere lekua izango dute webgune berritu honetan».
Web berria
Web orri berria ZYLKk birdiseinatu du, esperientzia intuitiboa eta erabilerraza eskaintzeko, erabiltzaileekin interakzioa bultzatuz. kmk.gipuzkoa.eus webguneak lehen zeuden biak integratzen ditu: KMKrena eta Liburutegiko katalogoarena.
Nabigazio argi eta eduki eguneratuarekin, erabiltzaileek erraz eskuratu ahal izango dute programa, ekitaldi eta erakusketei buruzko informazioa. Plataforma modernoa da, irisgarria, eta bisitariei aukera ematen die ekitaldien agendan, liburutegiko funts pertsonalen orrian eta herritarrekiko komunikazioa hobetzeko eskaintzen diren izapideetan erraz sartzeko.
Plataformak streaming-eko material ugari ditu eskura, eta horiek eskuratzeko aukera ematen die erabiltzaileei edozein lekutatik eta edozein unetan. Ezaugarri horrek erakusten du zentroak konpromisoa hartu duela kultura Gipuzkoa osora eramateko, teknologiaren abantailak aprobetxatuz.
Identitate berria
Koldo Mitxelena Kulturunearen ikusizko identitate berria aurreko markaren bilakaera bat da, eta Gipuzkoako kulturaren aldeko 30 urteko ahalegina erakusten du. Indartsuagoa da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gure lurraldeko kultur sektorearekin duen konpromisoa azpimarratzen du. Irudi berria hedapenerako eta babeserako dedikazioaren adierazpen irmoa da. TGAren diseinuarekin, logotipoa kulturaren bikaintasunaren sinbolo gisa aitortzea espero da.
2943