Kontraste saioa Maryland-eko Unibertsitateko adituekin
Kontraste saioa Maryland-eko Unibertsitateko adituekin
Imanol Lasa Gobernantza diputatuak elkarlanerako bilerak eduki zituen atzo Marylandeko Unibertsitateko arduradunekin, Washingtonen.
Foru Aldundiko ordezkariak AEBtara jo dute egunotan gobernu onari lotutako sare eta erakundeetan parte-hartzea indartzeko eta Etorkizuna Eraikizen jasotako gobernantza eredua haiekin kontrastatzeko. Ekimen horren testuinguruan, atzo hainbat bilera eduki zituen unibertsitateko eragileekin. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua eta Iker Goiria Kanpo Harremanetako zuzendaria, Ander Caballero AEBtako euskal delegatuak lagunduta, Marylandeko Unibertsitateko irakasle eta arduradunekin batzartu ziren. Unibertsitate publikoen artean ospetsuenetakoa da, eta kudeaketa publikoari lotutako ikerketa aplikatuan eskarmentu handia dauka.
Aldundiaren helburu nagusia da Etorkizuna Eraikizen nazioarteko sarea zabaltzea ezagutza aurreratua txertatzeko, eta, horren bitartez, bost proiektu estrategikoen zein esperimentalen metodologia eta kudeaketa kontrastatzeko eta hobetzeko. Ahalegin horretan, atzokoa aurreneko zuzeneko kontaktua izan zen aipatutako unibertsitateko arduradunekin, aurrerantzean elkarlan egonkorragoa ezartze aldera, bai hitzarmen baten bidez edo bestelako formulak erabilita. Lasak ilusio handiz hartu zuen aukera hori, zentro horren maila akademiko altuagatik, eta bere lan ildo nagusiak Etorkizuna Eraikizen gauzatutako ereduarekin ondo uztartzen direlako.
Donald Kettl, unibertsitateko Politika Publikoen Instituko arduradunarekin izan zen topaketa horietako bat. Kettl-ek begi onez hartu zuen Etorkizuna Eraikizekin egindako apustua, argudiatuz elkarlana, ikuspegi estrategikoa eta esperimentazioa “ezinbesteko oinarriak” direla kudeaketa publikoak gizartearen etorkizuneko erronka beharrei erantzun ahal izateko. Halaber, aurreratu zuen Gipuzkoa espazio ezin hobea dela gobernu eredu berri hau ezartzeko, lankidetzari garrantzi handia ematen zaiolako eta oso sustraituta dagoelako aspalditik, gizarte antolatua oso aktiboa delako, eta erakundeek epe luzeko ikuspegia dutelako.
Kettl-ek zein Marylandeko Unibertsitateak, bestalde, ezagutza handia dute big dataren inguruan. Lasaren irudiko, alor horrek “berebiziko potentziala” dauka Etorkizuna Eraikizen barruan. “Bileran jakinarazi digun moduan, datu baseei aplikatutako teknologia berriek sekulako ahalmena daukate, bai arazo konplexu eta zehatzak detektatu eta modu argi eta ulergarriak ikusiarazteko, eta baita herritarrekiko eta eragile sozial eta ekonomikoekiko interakzioa errazteko eta aberasteko, proiektuak mamitzerakoan, garatzerakoan eta ebaluatzerakoan. Aurrerapausoak eman behar ditugu informazioaren kudeaketan oinarritutako lan egiteko modu berri hori, gurera ekartzeko”.
Era berean, foru ordezkaritzak bilera eduki zuen Alejandro Korzeniewicz, unibertsitateko soziologia eremuko buruarekin. Gizarte desberdintasunaren eta horren dimentsio ezberdinen ikerketan espezializatuta dago Korzeniewicz, eta mundu globalizatuan horri aurre egiteko formulak proposatzen ditu. Gainera, bere departamentuak proiektu berritzaileak garatzen ditu beste alor batzuetan, hala nola jaiotze tasaren sustapenean, adinekoen arretan etorkinen integrazioan edota erantzukidetasunean: “Beraz, esan dezakegu egiten dutena oso identifikatuta dagoela Aldundiaren zenbai lan ildo estrategikorekin”.
Ross Lewin, unibertsitateko kanpo harremanetako lehendakariordearekin ere batzartu zen. Bilera horretan, elektromugikortasunaren barruan energiaren biltegiratzeari eta zibersegurtasunari lotutako ezagutza partekatzeko aukera ere landu zen. Marylandeko zentroak eskarmentu handia dauka bi alor horietan. Etorkizuna Eraikizen barruan berriki onartutako bost proiektu estrategikoen artean, Gipuzkoan esparru horiei lotutako bi zentro aurreratu egitea aurreikusten da. Diputatua baikor agertu zen atzo izandako harremanekin. “Ikusi ahal izan dugun moduan, gobernu guztiok antzeko erronkak dauzukagu; mundua gero eta azkarrago aldatzen da, gero eta konplexuagoa da, eta gizartea, kezkatuta egoteaz gain, gero eta zorrotzagoa da erakundeekiko. Etorkizuna bermatzeko, etorkizuna sortu behar dugu, eta garbi daukagu denon lana dela hori, eta gure esku dagoen talentu eta ezagutza guztia erakarri behar ditugula”.
Integridad
Azkenik, eta gobernu onari dagokionez, Lasak eta Goiriak Foru Aldundiaren zuzentasun sistemaren berri eman zioten Jennifer Rodgers, Columbiako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Center of Advancement in Public Integrity-ko zuzendari exekutiboari, New Yorken. Gogoratu behar da duela urtebete baino gehiao Aldundiaren goi karguentzako kode etikoa sartu zela indarrean, eta duela gutxi, berriz, kontratazio publikoa arautzen duen kode zorrotza onartu dela. Rodgersek interes handia erakutsi zuen esperientzia horretan, eta Parisen, 2018an, Zuzentasunaren inguruan egingo den nazioarteko kongresuan parte hartzeko aukera aipatu zien foru arduradunei.
1699