Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kudeaketa Planaren lehen jarraipen txostena onartu du Diputatuen Kontseiluak

Kudeaketa Planaren lehen jarraipen txostena onartu du Diputatuen Kontseiluak

Aurrekontuek Planarekiko duten atxikipen handia, eta helburuen ezarpen maila azpimarratu ditu Imanol Lasak

2016/01/27

Aldundiak legealdi honetarako dituen lehentasunak jaso, egituratu eta gidatzen dituen Kudeaketa Plan Estrategikoa, “oinarri sendoekin” eta “martxa onean” abiarazi da. Hala ondorioztatzen du gaur Diputatuen Kontseiluak onartutako lehen txostenak; Planak jasotako proiektu estrategikoen eta departamentukako helburuen aurrerapen mailaren berri ematen du txostenak, eta hilabetero osatu eta adostuko da. Planaren betetze mailaren ebaluazioa eta jarraipena egiteko metodologiaren barruan aurreikusitako ekintzetako bat da.

2016ko aurrekontuek, Planak jasotako lehentasunekiko duten koherentzia eta atxikipena azpimarratu ditu Imanol Lasa bozeramaleak. Hala, aurrekontuen %71, Planak aurreikusitako bost helburu estrategiko nagusietara bideratuko da: susperraldi ekonomikoa finkatzea, gizarte ongizate eta kohesio eredua indartzea, Gipuzkoaren modernizaziorako geldirik zeuden proiektuak aurrera ateratzea, Gipuzkoako gobernu eredua eraldatu eta berrasmatzea, eta herritarren elkarbizitza finkatzea. Gainerako %29 ohiko jardueretara bideratuko da, Aldundiak Lurraldean eskaintzen dituen ohiko zerbitzuetara, alegia.

Aurrekontuen %71, Planak aurreikusitako bost helburu estrategiko nagusietara bideratuko da: susperraldi ekonomikoa finkatzea, gizarte ongizate eta kohesio eredua indartzea, Gipuzkoaren modernizaziorako geldirik zeuden proiektuak aurrera ateratzea, Gipuzkoako gobernu eredua eraldatu eta berrasmatzea, eta herritarren elkarbizitza finkatzea

Aipatutako bost atalen barruan, komeni da politika sozialek duten garrantzia nabarmentzea, aurrekontu ‘estrategikoaren’ %78 hartzen baitute -406 milioi euro baino gehiago-, eta enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren sustapenarena ere bai, %13rekin ia. “Aldundiak 66 milioi euro inbertituko ditu errekuperazio ekonomikoari laguntzeko. Horien barruan daude Ekonomia Suspertzeko Planaren hornidurari dagozkionak -50 milioi-. Argi dago aurrekontuek Gipuzkoako herritarren behar nagusiei erantzuten dietela. Izan ere, Ongizateak eta Ekonomiak Plan Estrategikoari lotutako gastuaren %90 baino gehiago batzen dute”.

Halaber, Aldundiak garrantzi kualitatibo handia ematen die Lurraldearen modernizaziorako giltzarri diren proiektuei, hala nola Pasaialdearen biziberritzeari eta hondakinen kudeaketarako azpiegiturei; gobernantza onari; eta elkarbizitza eta giza eskubideei. Azken bi atal horiek aurrekontuaren %3,99 -20.676.764 euro- eta %0,33 -1.724.454 euro- hartzen dute, hurrenez hurren, baina portzentajeaz haratago, “berebiziko” pisua dute Aldundiaren kudeaketaren egunerokoan: “Gobernantzaren kasuan, gainera, lan ildo transbertsala da, foru departamentu guztiei eragiten diena”.

Kudeaketa Planak 50 helburu zehazten ditu departamentuz departamentu, eta horien ezarpen mailaren berri ere ematen du jarraipen txostenak. Hiru ezarpen maila finkatu dira –altua, ertaina eta baxua-, hiru koloreri lotuak: berdea, horia eta gorria. “Teknikariek helarazitako informazioan oinarrituta, helburuen %65etik gora berdean daude, kontuan hartzen baldin badira urtarrilerako aurreikusitako ekintzak. Beraz, balorazio positiboa egiten dugu. Espero dugu maila hauei eustea eta posible baldin bada hobetzea, datozen hilabeteetan”.

  

1948