Kultur Dealers-en edizio berriak genero diskriminazioaren gaiari helduko dio
Kultur Dealers-en edizio berriak genero diskriminazioaren gaiari helduko dio
Lehen aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko mikroipuin onenak sarituko dira.
Itxaso: «Espazio bat eskaini nahi dugu, literaturaren bidez, emakumeek emakume izateagatik jasaten dituzten errealitate gordinak ezagutarazteko»
Denis Itxaso Kulturako diputatuak gaur aurkeztu ditu Kultur Dealers-en hirugarren edizioko berrikuntza nagusiak. Kultura eta Turismo Departamentuaren ekimen horrek sorkuntzarako eta pentsamendurako espazio berri bat sortzen du herritarren artean, kulturari kalean bertan presentzia eta ikusgaitasuna emanez. Prentsa agerraldian izan dira Itziar Sistiaga, epaimahai amateurreko kidea, Marina Fernandez, iazko partaidea eta Robin Comunicacióneko Beñat Muñoz.
Aurten, aurreko edizioetan ez bezala, gaia ez da aukerakoa izango. Aldundiak errealitate sozialera hurbildu nahi du Kultur Dealers ekimena, genero diskriminazioa gai nagusitzat duten mikroipuinen bidez errealitate mingarri hori ikusarazteko.
«Uste dugu momentu aproposa dela genero diskriminazioaz hitz egiteko. Hain luzaroan gaia estali duen isiltasuna agerian uztea da genero diskriminazioari aurre egiteko lehen urratsa. Ezinbestekoa da hitz egitea, kontatzea, idaztea, hitzak –ahozkoak zein idatzizkoak– azaleratu egiten baititu desberdintasuna eta diskriminazioa justifikatzen saiatzen den edozein planteamenduren atzeko aurrejuzguak eta injustizia. Kultur Dealers-ek espazio bat eskaini nahi du literaturaren bidez emakumeek emakume izateagatik jasaten dituzten errealitate gordinak ezagutarazteko, eta horiek dakarten absurdoaz eta injustiziaz jabetzeko», azaldu du Itxasok.
Aurten, gainera, epaimahaiak mikroipuinik onenak sarituko ditu lehenengo aldiz, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan. Irabazleari liburuak erosteko bono bat emango zaio opari. «Parte-hartzea sustatu nahi da, baina baita sormena saritu ere», baieztatu du Itxasok.
Diputatuak euskarazko modalitatean parte hartzera deitu du, aurreko edizioetan lan gutxiago aurkeztu baitziren euskaraz gaztelaniaz baino.
Kultur Dealers 2016an abiarazi zuen Kultura Departamentuak, pertsona guztien espiritu sortzailea sustatzeko eta indartzeko, eta kultura ezohiko lekuetan eskaintzeko asmoz. Makina banatzaileen sistema berritzaile baten bidez, pertsona hautatuek idatzitako mikroipuinak eta egile ezagunen pentsamendu testuak banatuko dira.
Gipuzkoako 12 puntutako jarriko dira, jendea biltzen den lekuetan, eta bi aukera eskainiko dizkiete erabiltzaileei: fikzioa eta pentsamendua. Idaztea gustuko duten guztiei deia egiten zaie beren sormen lanak aurkeztuz «fikzioa» deituriko atal horretan parte har dezaten. Edonork har dezake parte ekimen honetan, apirilaren 30etik ekainaren 30era bitartean, euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako testuak www.kulturdealers.com web orriaren bidez bidalita. Testuen gehienezko luzera 2.000 karakterekoa da (zuriuneekin).
Mikroipuin guztien artean hautaketa bat egingo da, bi zatitan:
- Hasiera batean, Gipuzkoako idazketa lantegietatik datozen pertsonek aurre hautaketa bat egingo dute.
- Ondoren, lehen hautaketa horren ondoren, bi idazle ezagunek behin betik hautaketa egingo dute.
Lan hautatuak makina banatzaileetan egongo dira eskuragarri uztaileko lehen astetik aurrera, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.Kultur Dealers-en lehen eta bigarren edizioetan guztira 700 mikroipuin inguru aurkeztu dira.
“Pentsamendua” deituriko aukeraren barnean, makinek dagoeneko publikatuak izan diren testuak bilduko dituzte: aforismoak, pentsamenduko pieza laburrak, filosofia eta abar, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez nahiz frantsesez. Testuen hautaketa liburu-saltzaileen gremioak egingo du liburu-denden laguntzarekin.
Kultur Dealers, sorkuntza literariorako espazio bat izateaz gainera, irakurle kluben, idazketa lantegien, blogarien eta abarren lana ezagutarazteko modu bat ere bada. Itxasok esker ona adierazi die lantegi horiei guztiei sorkuntza eta irakurketa sustatzen egiten duten «lan handiagatik», eta eskerrak eman dizkio liburu-saltzaileen gremioari ere, proiektu honetan eskaini duen lankidetzagatik eta inplikazioagatik.
1735