Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura Departamentuak Miguel Artola Gallego ikerketa beka aurkeztu du

Kultura Departamentuak Miguel Artola Gallego ikerketa beka aurkeztu du

José Ignacio Tellechea bekaren deialdia eta Gordailua eta Museoen Zerbitzuko hiru beka ere aurkeztu dira.

2022/09/26
Miguel Artola

Harkaitz Millán, Kulturako diputatua: «Miguel Artola maila akademiko handiko norbait izan zen, eta erreferentzia bat historia ikusmolde moderno batetik lantzeko garaian».

Concha Artola, Miguel Artolaren alaba: «Familiarentzat ohore handia da Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa historikorako Miguel Artola Gallego beka aurkeztea».

Kultura Sailak ikerketa historikorako beka berri baten sorrera aurkeztu du Miguel Artola Gallego izenarekin. Beka 20.000 eurokoa da.

Miguel Artola Gallegok bere bizitza osoa eman zuen egungo Espainia garaikidera ekarri gaituzten XIX. mendeko historia eta erregimen politikoak aztertzen eta ikertzen. Donostiarra jaiotzez, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Filosofiako eta Letretako doktorea izan zen, Espainiako Historiako katedraduna Salamancako unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Historiako akademikoa eta honoris causa doktorea Euskal Herriko eta Salamancako unibertsitateetan. Gizarte Zientzietako Asturiasko Printzearen saria eta Historiako Sari Nazionala lortu zituen, eta hainbat lanen egilea ere izan zen.

Bekaren aurkezpenean, Kulturako diputatu Harkaitz Millánek Miguel Artolaren alabak izan ditu alboan, Concha eta Sara, baita Luis Castells historialaria ere. Diputatu sozialistak Miguel Artolaren irudia nabarmendu du: “haren lana, haren analisi gaitasuna, pausatua, diskretua, metodikoa eta gogoetatsua zen. Ona da orain hura gogoratzea, berehalakotasuna, suntsikortasuna, txioa eta irudia pentsamendua zapaltzen ari diren honetan”.

Concha Artola, Miguel Artolaren alaba: «Familiarentzat ohore handia da Gipuzkoako Foru Aldundiak ikerketa historikorako Miguel Artola Gallego beka hau aurkeztea, lehenengo edizioa aurten izango duena. Miguel Artolak, nire aitak, jakin-min intelektual agortezina zuen, oso eskuzabala zen bere denborarekin, eta beti zegoen lagun, lankide, senide nahiz doktoregaiekin eztabaida on bat edukitzeko prest. Nire ustez, asko gozatuko zuen bere izena daraman beka hau lortu nahi duten ikertzaileen lanak irakurtzen eta iruzkintzen. Harkaitz Milláni eskerrak eman nahi dizkiot ekimen honengatik. Luis Castells irakasleak –EHUko katedradunak eta Artolaren lagun onak– eman duen bultzadari esker, beka hauek sortuta, sendotu ahal izan da Miguelek bere hiriarekin izan zuen lotura sakona».

Sara, Miguel Artolaren alaba “guretzat Donostiako hiria aitaren jaioterria, oso garrantzitsua izan da. Nire ustez, historia egiteko modua aldatu zuen pertsonetako bat izan da, eta historia transmititzeko modu berri batera hurbildu da.

Miguel Artola bekaz gain, Kultura Departamentuak beste beka batzuen deialdia ere aurkeztu du, hala nola:

Historia ikertzeko José Ignacio Tellechea Idígoras beka

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak kudeatutako beka honen xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoari buruzko ikerketa historikoak egitea. Azterketak askotariko diziplinetatik abiatuta egin daitezke. Bekaren xede diren lanek hamabi hilabeteko iraupena izango dute. Bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa izango da.

Gordailuan (Gipuzkoako Kultura Ondare Higigarriaren Zentroan) prestakuntza-praktikak egiteko beka. 30.000 euro:

  • Etnografia: etnografia beka hau Gordailuan prestakuntza-praktika teoriko eta praktikoak egiteko da, ondare etnografikoaren arloan eta, bereziki, bildumen dokumentazioaren arloan. Bekak zortzi hilabeteko iraupena izango du. Bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa da.
  • Arte etnografikoaren kontserbazioa eta zaharberritzea: beka hau, zortzi hilabetekoa, Gordailua eta Museoen Zerbitzuko zaharberritze guneetan objektu historiko-artistikoak kontserbatzeko eta zaharberritzeko praktikak egiteko da. Bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa da.
  • Arkeologiako eta paleontologiako kontserbazioa eta zaharberritzea: beka hau Gordailuaren zaharberritze guneetan arkeologiako eta paleontologiako kontserbazio eta zaharberritze praktikak egiteko da. Bekak zortzi hilabeteko iraupena izango du. Bekaren zenbatekoa 10.000 eurokoa da.

Beka horiek lortu nahi dituztenek urriaren 5era arte dute eskabidea aurkezteko.

  

3797