Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura Departamentuak pizgarri fiskalak eskaintzen ditu kultur mezenazgoan parte hartzen duten enpresei

Kultura Departamentuak pizgarri fiskalak eskaintzen ditu kultur mezenazgoan parte hartzen duten enpresei

Millan: «Kulturak gizarte aske eta kritiko bat garatzeko duen potentziala garapen eta aurrerapen ekonomikorako laguntza bikaina dira».

2022/03/24

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak, Adegirekin batera antolatutako jardunaldi batean, Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldean gizarte intereseko kultura proiektuak babesten dituzten enpresei eskaintzen dizkien abantaila eta onura fiskalak aurkeztu ditu. Kultura mezenasgoaren 2/2019 Foru Arauan jasotako pizgarriek aurreikusten dute egindako ekarpena gastu kengarritzat hartuko dela Sozietateen gaineko Zergan (SZ), eta, gainera, % 20ko kenkari gehigarria izango duela kuota likidoan. Horrela, mezenasgoa oso aukera interesgarria bihurtzen da enpresek beren ingurunearekiko loturak indartu ditzaten, beren jarduerak gizarteari dakarkion onura transmitituz. Helburua da kultur proiektuek finantzaketa bide bat aurkitzea, sortzaile eta artistentzat ez ezik enpresentzat ere onuragarria den harreman baten bidez.

Bere hitzaldian, Kulturako diputatuak nabarmendu du kultura ezinbesteko tresna dela gizartearen garapena eta aurrerapena arlo guztietan sustatzeko. Millanek azpimarratu duenez, kulturak gizarte aske eta kritiko bat garatzeko duen potentziala garapen eta aurrerapen ekonomikorako laguntza bikaina dira; era berean, adierazi du Gipuzkoako enpresek «gizarte inplikazioaren tradizio sendoa dutela eta baita kultura-sektorean enplegua sustatzea ere», eta kulturaren munduarekiko lotura horiek sendotzera bultzatu du Foru Aldundiko arduradunak nabarmendu duenez, «enpresa eta kulturaren munduko lankidetzari benetako bultzada emateko beharrezkoa zen arau bat», lankidetza horren hartzaile izan daitezkeen jarduerak, pertsonak eta erakundeak eta mezenasek lor ditzaketen onura ekonomikoak argituko zituena. Azkenik, Millanek esan du kulturarekin lankidetzan aritzea benetako win win dela enpresentzat eta gizartearentzat, parte hartzaile guztiek irabazten baitute.

Kultura mezenasgoari buruzko 2/2019 Foru Arauak onurak eskaintzen dizkie Gipuzkoan egiten diren interes sozialeko kultura jarduerei eta proiektuei. Interes sozialekotzat jotzen dira erakunde publikoek edo irabazi asmorik gabekoek egindako jarduerak, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutakoak edo hala aitortzen direnak, dagokion eskaera egin ondoren.

Gaur egun, 300 proiektuk baino gehiagok betetzen dituzte 2/2019 Foru Arauaren onurak jasotzeko baldintzak, babesgarritzat jotzen duten kultura esparru edo eremuetan:

  • Zinema, ikus-entzunezko arteak eta multimedia arteak.
  • Arte eszenikoak, musika, dantza, antzerkia eta zirkoa.
  • Ikusizko arteak: plastika, arte ederrak, argazkilaritza eta diseinua.
  • Liburua, irakurketa, argitalpen literarioak, fotografikoak edo zinematografikoak.
  • Gipuzkoako kultura ondare materiala eta immateriala.

Enpresentzako onura fiskalek % 20ko kenkari gehigarria aurreikusten dute Gizarte Segurantzan, eta % 35erainoko kenkaria PFEZn partikularrentzat.

Adegin egindako jardunaldian, Pedro Galdós Uvesco taldeko marketin zuzendariak eta Amadeo Barrios Larrañaga plastikoen zuzendari nagusiak hartu dute parte, eta beren enpresei kultur mezenasgoa gauzatzeak ekarri dien esperientzia positiboaren berri eman dute. Era berean, Agurtzane Elustondo Lenburreko gerenteak eta Fernando Sáenz de Ugarte Dantzazeko zuzendariak ere hartu dute parte, mezenasgoaren babesa izateak bere proiektuetarako izan denari buruz hitz egiteko. Alderdi tekniko eta fiskalei buruzko informazioa Miren García BSK Legal y Fiscal enpresako fundazio eta elkarteen arduradunak eman du.

 

  

1947