Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Kultura Eskola katalogorako proposamenak aurkezteko epea ireki da

Kultura Eskola katalogorako proposamenak aurkezteko epea ireki da

Kultura Eskola Etorkizuna Eraikiz programaren barruko proiektu esperimental bat da, helburutzat duena kulturarako sarbide unibertsala sustatzea, gazteen interes sortzailea garatzea, kultura ohiturak sortzea eta Gipuzkoako lurralde historikoko kultura sarea sendotzea.

2020/07/24
  • Kultura Departamentuak arteekin eta kulturarekin lotutako jardueren katalogo bat egin nahi du, Gipuzkoako bigarren hezkuntzako ikastetxeen eskura jartzeko eta, ondoren, hautatutako ekimenak esparru akordio formularen bidez kontratatzeko. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 15ean bukatuko da.
  • Harkaitz Millan Kulturako diputatuaren hitzetan, «12 eta 16 urte bitarteko gazte gipuzkoarrek kulturarako sarbide unibertsala izatea da Kultura Eskolaren helburua. Gazteak kulturarekin eta artearekin lotzea ezinbestekoa da balioetan oinarritutako gizarte kritikoa nahi badugu».

Kultura Departamentuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Kultura Eskolaren katalogorako proiektuak aurkezteko deialdia aurkeztu dute, antzerkiaren, dantzaren, musikaren, arte plastikoen eta ondarearen sektoreetako ordezkariekin eta TBK-ko zuzendariarekin batera. Azken hori arduratuko da ikus-entzunezkoaren alorrarekiko bitartekaritzaz, 2deo-ren bitartez.

Arte Eszenikoen Tailerra (TAE), Euskal Aktoreen Batasuna, Dantzan.com, Musika Bulegoa, Aranzadi, Kulturaz Kooperatiba eta TBK lankidetzan ari dira foru erakundearekin eta EHUrekin, eta bitartekari lanak egiten dituzte hainbat eremutan, deialdia zabaltzeko eta proposamenak jasotzeko.

Kultura eta hezkuntza arloko profesionalek erakundeen bitartez bideratutako proposamenak baloratuko dituzte, eta kalitate artistikoaren eta eskola curriculumetan duten kokapenaren araberako hautaketa egingo dute.

Eskatutako baldintzak betetzen dituzten proposamen guztiekin katalogo bat osatuko da. Katalogo hori lurraldeko bigarren hezkuntzako ikastetxeei bidaliko zaie udazkenean, hainbat irakasgaitako irakasleek baliabide gisa erabil ahal izan dezaten. “Kultura Eskolak, horrela, arte ekintzaren aurrean interesa eta jakin-mina pizten duten bizipenak eta esperientziak eskaini nahi dizkie nerabeei, antzokien, kontzertu aretoen, erakusketen, museoen, hitzaldien eta abarren ohiko programazioan publiko berriak sortzeko” adierazi du diputatu sozialistak.

Kultura Eskolaren Katalogoak kultura proposamenen zerrenda ireki bat izan nahi du, proposamen berriak onartuko dituena, kultura sormenaren bilakaeraren eta joera eta abangoardia berrien arabera.

Foru Administrazioak berak kontratatuko ditu jarduerak, ikastetxeek aurkeztutako eskaeretatik abiatuta.

Programak sektorearentzako enplegu aukerak ere zabaltzen ditu. Olatz Salvador Musika Bulegoaren ordezkariak nabarmendu zuenez, «Kultura Eskola epe labur eta ertainerako aukera bat izan daiteke kulturaren alorreko profesionalentzat; izan ere, bigarren hezkuntzako ikastetxeen interesa gauzatuko duten kontratuez gain, publikoen erreleboa eta gaztetzea sustatzeko modu bat ere bada».

Arte Eszenikoen Tailerreko Ana Perezek honako hau ere nabarmendu du: «Katalogoa egiteko prozesuak berak du garrantzia. Izan ere, prozesu horretan, arlo bakoitzeko erakunde adituek izango dute protagonismoa, eta guztien artean osatuko dute ikastetxeentzako eskaintza. Egiteko modu horrek aukera emango du profesionalek, sektoreek, erakundeek eta abarrek elkar topatu, eta lankidetzan jardun dezaten, elkarrekin lan egitea inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan».

Bestalde, Antonio Casado EHUko Gipuzkoako campuseko unibertsitate hedapeneko zuzendariak Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruko ekimenaren izaera berritzailea azpimarratu du. Kultura Eskolak «kulturaren hedapenean eta sustapenean esperimentatzen du osagairik onenak dituen formula batekin. Eredu hori hobetuz joango da praktikan jarri ahala, eta aldian-aldian berrituko den katalogo bati proposamen berriak gehitzen zaizkion heinean».

EPEA: Eskaerak egiteko epea irailaren 15ean amaituko da.

Jardueren eta programen ezaugarriak:

  • Proposatutako programen eta jardueren edukia librea da, baina, aintzat hartzeko eta katalogoan sartzeko, irizpide orokor hauek hartuko ditu kontuan Departamentuak:
  • Bigarren hezkuntzako ikasleentzat izatea, hau da, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat.

Jardueren eta programen helburuak:

  • Gazteen parte hartze aktiboa sustatzea.
  • Arrazoiketa pedagogikoa: parte hartzaileen adinerako egokiak izatea.
  • Ikastetxeen berezko araudiarekin bateragarriak eta elkartuak izatea, ikastetxeen barruan egiten badira.
  • Berdintasunezko parte hartzea eta gizarteratzea bermatuko dute.
  • Programen eta jardueren hizkuntza nagusia euskara izango da, baina beste hizkuntza batzuk erabiltzea baloratuko da.
  • Iraupena: proposamenak ordubete eta 15 ordu artekoak izan daitezke, eta ikasturtean eta eskola orduetan egin behar dira.
  • Lekua: ikastetxeetan bertan egin ahal izango dira, bai eta beste leku eta kultura ekipamendu batzuetan ere: antzokiak, artxiboak, museoak, kultur etxeak, ondarea barne hartzen duten naturguneak, etab.

Honako hauek dira Kultura Eskolaren katalogorako kultur proposameak bidaltzeko helbide elektronikoak:

Musika: maria@musikabulegoa.eus

Ikusizko arteak: dinamoa@dinamoa.eus

Antzerkia: eabdonostia@euskalaktoreak.eus

Ondarea: idazkaritza@aranzadi.eus

Dantza: ikasi@dantzan.com

Zinea: 2deo@tabakalera.eu

Informazio gehiago esteka honetan:

https://dantzan.eus/kidea/kulturaeskola/katalogo-deialdia-2020

 

 

 

 

 

  

1588