Kultura eta Kirol Departamentuak 2,8 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako kirola berreskuratzeko
Kultura eta Kirol Departamentuak 2,8 milioi euro jarriko ditu Gipuzkoako kirola berreskuratzeko
Gipuzkoako kirol federazioak modernizatzeko asmoz, Kultura eta Kirol Departamentuak digitalizazioa eta berdintasun planak sustatu nahi ditu, emakume gehiago egon daitezen erabakitzeko botere postuetan, kirolaren arloan.
COVID-19 laguntzak; Departamentuak 500.000 euroko aparteko kreditu bat gaitu du 2021ean, 2021-22 denboraldian kirol jarduera berreskuratzeko, nagusiki.
Gipuzkoako kirol jarduera, kirolari laguntzeko egituren bidez garatzen da, batez ere: ikastetxeak, udalen kirol espazioak, klubak, federazioak, eta tokiko beste egitura batzuk. Adin eta modalitate guztietan gertatzen da, eta horrek behartzen du ahalegin berezi bat egitera kirol egiturei ahalik eta modurik saneatuenean eta sendoenean eustean.
Horregatik, bai klubek, bai udalek, bai ikastetxeek, bai federazioek, laguntza ekonomiko egonkorra izaten dute urtero, eta, batzuetan, laguntza hori indartu egiten da zaurgarritasun edo arrisku uneetan, hala nola osasun krisi honetan, eragin ekonomiko nabaria baitu.
Harkaitz Millan Kultura eta Kiroleko diputatua: "Orain, inoiz baino gehiago begiratu behar diogu etorkizunari, berrikuntzak eginez, egiturak modernizatuz, egiteko modua berrasmatuz eta ireki daitezkeen arrakala sozial eta ekonomikoetan arreta berezia jarriz. Bereziki garrantzitsua da jaramon egitea genero arrakalari, oraindik hor baitago kirolean eta jarduera fisikorako sarbidean."
Kirol Federatua
Eskura dauden azken datuen arabera (2020, Kiroldata), Gipuzkoan 75.504 pertsonak dute lizentzia federatua: 58.691 gizonak dira, eta 16.813, berriz, emakumeak. Hor sartzen dira entrenatzailearen 2.071 lizentzia, eta arbitroaren edo epailearen 1.782 lizentzia. Gipuzkoan, gizonen % 16k eta emakumeen % 4k dute lizentzia federatua; beraz, federazioek bultzatutako kirol programetan sartzeko aukera dute.
Gipuzkoan, 45 kirol federazio daude, eta horiei eskrima-programa gehitu behar zaie, Fortuna klubaren bidez. Gainera, Afedegi ere badago, Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkartea, federazioei zerbitzu komunak ematen dizkiena eta Aldundiarekiko elkarrizketa bideratzen duena. Hori guztia antolaketa-sare garrantzitsu bat da, Gipuzkoako kirol federatuari euskarri bat ematen diona.
Programa horiek urtero adosten dituzte GFAk eta federazio bakoitzak, eta horri esker, kirol programa zabalak eskain daitezke. Programa horiek finantzatzeko aurrekontua, 2021ean, 2.139.543 eurokoa da, eta horietatik 70.200 euro Emakumeak eta Kirola programetara bideratzen dira.
2021ean, Kultura eta Kirol Departamentuak bi lan-ildo sustatu ditu, Departamentuaren laguntza teknikoa izaten ari direnak: berdintasun planak garatzea eta federazioetako prozesuen digitalizazioa.
Digitalizazio prozesuek hainbat helburu biltzen dituzte: lehiaketen akta digitalak, webguneak berritzea, lizentziak izapidetzea, lehiaketak streaming bidez transmititzea… Gaur egun 14 federazio ari dira lanean arlo horretan: Futbola, Saskibaloia, Eskubaloia, Hockeya, Boleibola, Atletismoa, Igeriketa, Karatea, Surfa, Padela, Arraunketa, Badmintona, Gimnastika, eta Hipika.
Berdintasun planak direla-eta, gogorarazi behar da arrakala nabarmena dagoela emakumeak kirol federatuan duen presentziari dagokionez. Hori lehen mailako helburu bat da, kirol federazioen babes sendoa izan duena. Une honetan, 16 federazio ari dira berdintasun planak garatzen Aldundiaren laguntzarekin. Gogora ekarri behar da federazioen lehendakaritza-arloetan ere urrats garrantzitsu bat egin dela. Azken hauteskunde prozesuan, berriro bultzatu da emakumeek zuzendaritza-kargu gorenetan presentzia izatea; hala, 9tik 13ra igo dira emakume bat buru duten federazioak, hau da, federazio guztien % 29ra. Hor, gogorarazi behar da, konparazio gisa, Europako federazioen % 8k dituztela emakumeak burutzan.
Afedegi
Aldundiak, gainera, oinarrizko zerbitzu komunak ematen dizkie federazioei. Kirol Etxearen egoitzaz gain, zeinerako urtero bideratzen baititu 84.000 euro eta baliabide gehigarriak laguntza informatikorako eta obretarako nahiz mantentze-lanetarako, Departamentuak urteko hitzarmen bat onartzen du Afedegi Federazioen Elkartearekin, eta horren bidez hainbat zerbitzu komun eskaintzen dizkie federazioei, federazioen kudeaketa arinagoa izan dadin zuzendaritza-taldeentzat:
- Aholkularitza fiskala, lan-arlokoa eta juridikoa
- Kirolak.net plataforma informatikoa
- Kirolarekin Programa, gizarte inklusioko arriskuan dauden kolektiboetako gazteen artean boluntariotza sustatzeko
- Kirol Etxea kudeatzen laguntzeko zerbitzuak
- Kirol materialaren biltegi zerbitzua.
2021ean, aurreikusten da, guztira, 221.750,00 euro bideratzea programa horietara.
COVID-19 laguntzak
Departamentuak 500.000 euroko aparteko kreditu bat gaitu du 2021ean, 2021-22 denboraldian kirol jarduera berreskuratzeko, nagusiki. Izan ere, kirol sektorea da pandemiak gehien eragindako sektoreetako bat, kirol jarduerari aplikatutako murrizketen ondorioz, eta, horren ondorioz, partzialki edo guztiz gelditu da, zirkunstantzia epidemiologikoen arabera. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen esparruan, laguntza horien bitartez lortu nahi da, alde batetik, laguntzea kirol jardueraren murrizketak eragindako kalte ekonomikoak arintzen, baina, bereziki, bultzatu nahi da jarduera berreskuratzea kirol denboraldi edo ikasturte berria hasten denetik aurrera.
Laguntzen helburua da suspertzea Gipuzkoako kirol antolatuan interes berezia duten bi arlo: eskola kirola eta kirol federatua.
Gipuzkoako eskola kiroleko parte-hartzeari buruzko datuak. 2020-2021 ikasturtea.
Eskola kirola haurtzaroan kirol jarduerara iristeko modua da. Da programa bat bideratuta dagoena haurren garapen psikomotorrera, gizarte trebetasunen garapenera, eta kirolaren bidez balioetan heztera, besteak beste. Sistema horrek bakarrik ahalbidetzen du kirolerako sarbidea eta praktika unibertsalak izatea, eta ikasle guztiei aukera berdinak ematea.
COVID-19tik eratorritako murrizketen eragina bereziki nabarmena izan da eskola kirolean. Aldundiaren eskola kirolaren aplikazioari buruzko datuen arabera, programaren barruko lehiaketa-lizentzien kopurua igaro da 2019-2020 denboraldiko 92.986tik aurtengo ikasturteko 35.289ra. Hastapeneko jardueretan ere, jaitsiera nabarmena izan da: 50.416tik 29.008ra. Kirolarien kopuruari dagokionez, 10.000 ikasle gutxiago egon dira lehiaketa-jardueretan (horietan entrenatu baino ezin izan da egin), eta 14.000 ikasle gutxiago hastapeneko jardueretan. Jaitsierak berdin eragin die mutilei eta neskei, eta oso desberdina izan da udalerriaren arabera. Eskola kirol egokituko jarduerek ere eragin handia izan dute: aurreko ikasturtean 191 ikaslek eman zuten izena, eta aurtengoan, berriz, 60k. Bestalde, klubetako eskoletan, 600 ikasle gutxiago erregistratu dira.
Oro har, baloratu da zer-nolako ahalegina egin duten ikastetxeek eta klubek ikasleen kirol jarduerari eusteko, mugak gorabehera.
1657