Bi zubibidetan, Loiolan eta N-Iean Andoainen, azpiegitura klabeen birgaitzeari ekingo dio Aldundiak
Bi zubibidetan, Loiolan eta N-Iean Andoainen, azpiegitura klabeen birgaitzeari ekingo dio Aldundiak
Maria Ubarretxena, Bide Azpiegituretako diputatua: “Lehentasunezko lanak gauzatu behar ditugu orain, berezko higaduraren kalteak arrisku bihurtu baino lehen, arazoak ekiditeko”.
Maria Ubarretxena eta Silvia Perez.
Datozen asteetan lurraldeko mugikortasunerako eta garraiorako klabeak diren bi azpiegituretan egonkortze eta segurtasun lanei helduko die Gipuzkoako Foru Aldundiak: GI-20 errepidean, Donostiako Loiola auzoan, Urumea ibaiaren gainetik igarotzen diren bi galtzadetan eta, Andoainen, N-I errepideko 444 puntu kilometrikoaren inguruan aurkitzen den zubibidean, hurrenez hurren. Bide Azpiegituretako diputatu Maria Ubarretxenak aurkeztu ditu abuztuaren 1ean bertan hasiko diren lan hauek, azpimarra jarriz interbentzio hauek duten konplexutasun eta garrantzi handian: “bi zubibide hauen kasuan, azpiegitura hauen balio-bizitzaren amaiera-ziklora gerturatzen ari gara eta lehentasunezko lanak gauzatu behar ditugu, balizko arriskuak desagerrarazteko”. Diputatuak azaldu duenez, erabilerak berak eta urteek berez sortutako higadurak eragindako kalteak arrisku bihurtu baino lehen, gaia sakon aztertuta egingo dira lanak.
Hain zuzen, “geroago eta mantentze handiagoa” eskatuko dute lurraldeko azpiegitura askok, Ubarretxenak azaldu duenez eta, 1970 hamarkadan eraikitako bi zubibide hauen kasuan bezala, Gipuzkoako errepide sarearen puntu askotan birgaitze lan sakonak gauzatu beharko dira datozen urteetan. “Gipuzkoak errepide sare zabal, moderno eta segurua izatea lortu dugu gaur egun eta, etorkizunean ere hala jarraitzeko, ikuskapen eta mantentze zorrotza egiten jarraitu beharko da”. Hala, “ziklo berri honetan, garai bateko eraikuntzak, gradualki, eraikuntza-teknologia modernoago eta seguruagoekin birgaituko ditugu”, esan du foru diputatuak. “Garai berri honen lehen urratsa egingo dugu Loiolako eta Andoaingo N-Ieko zubibideetako lan hauekin eta, horrekin batera, jarduketen ibilbide-orria aurkeztuko dugu udazkenean”.
Halaber, bi zubibideen eta errepide horien kasuetan, trafiko asko duten eta komunikazio lotune garrantzitsuak diren puntuak izaki, ahalik eta arreta handienarekin egingo dira lanak eta prebentzio neurri bereziak hartuko direla azaldu du Ubarretxenak. Jarduketek konplexutasun handia dute eta, egiturazko interbentzioak izanda, ibilgailu astunei eta garraio publikoari igarotzeko jarriko zaizkien debekuak “zorrotz” errespetatzeko beharra azpimarratu du Ubarretxenak: “Arretarako eta prebentziorako dei berezia egin nahi diegu garraiolariei debekua errespeta dezaten, obra konplexuei buruz ari gara eta”.
Zubibidea Urumea gainetik
Donostiako Loiola auzotik igarotzen den GI-20 errepidearen kasuan biaduktu osoak beharko du osoko zaharberritzea, azterketek erakutsi dutenez. Aurreikuspenarekin, zubibide osoaren birgaitze proiektu integralaren idazketa martxan jarri zuen departamentuak duela bi urte. Alabaina, idazketa horretarako gauzatutako azterketek erakutsi dute Urumea gaineko tarteak lehentasunezko jarduketa baten beharra duela, 1972an jaso baitzen zubia eta zenbait puntutan trafikoak eta itsaso-ibaiaren erosioak hondatze handia eragin dutelako. Ondorioz, bi galtzadetan epe laburrean egin beharreko jarduketak aurreratzea erabaki da, zubiak jasaten duen zamari hobeto eusteko, behin betiko planteamenduari ekin aurretik. Lehen lan hauek abuztuaren 1ean hasiko dira, 4.840.000 euroko aurrekontua (BEZ barne) dute eta exekuzio epea sei hilabetekoa izango da. Obra definitiboa, aldiz, lau urteko epe baten barruan hasiko da eta udazkenean ekingo zaio proiektua berriaren prestaketari.
Lanak egin ahal izateko, ez da beharrezkoa izango ibilgailu arinen zirkulazioa etetea. Bai, ordea, 3,5 tonatik goragoko trafiko astunarentzat, garraio publikoa barne. Azaldu bezala, debekua errespetatzea ezinbestekoa izango da obraren segurtasunerako. Horretarako, seinalizazioa jarriko da eta departamendua lanean ari da Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin, debeku hau errespetatua izateko bideak jartzeko.
Euste-egiturak ibai-ohean
Obrari berari dagokionez, metalezko euste egiturez baliatuz, zubibidearen ibai gaineko tartea eskoratuko da, bi galtzadetan, puntu ahulenak segurtatzeko. Guztira GI-20aren tarte honetako 111 metrori eragingo dio interbentzioak. Eskoratze hori ibai-ohearen gainean jasotako metalezko lau zutabe-egitura kokatuz egingo da eta Ur-Kirolaken eraikinaren atzean beste bi egitura jarriko dira, lehorrean. Ibai-ohearen gainean lur betetze-lanak eginez, lau egiturak babestuko dituzten penintsulak egingo dira, eta horien gainean euste egitura bakoitza bosna eskora-dorrek osatuko dute. Bi egiturak Bilboko noranzkoko galtzadari eutsiko diote eta gainerako biek, Irungo noranzkokoari. Egitura bakoitzak, gutxi gorabehera, 3x20 metro zabalerako oinarriak izango ditu eta altuera aldetik, eskora-dorreek 7 metrotik 15 metrora arteko gehienezko altuerak izango dituzte ibaiaren gainean.
Beste bi euste-egiturak lehorrean egingo dira, lur zoruan. Ur Kirolaken eraikinaren eta honen atzeko biribilgunearen artean galtzada bati eusteko egitura bat kokatuko da eta bigarren bat, beste galtzadarako. Kasu honetan, neurri txikiagoko eskora-dorreak jarriko dira, 36 guztira, 5 metroko gehienezko altuerarekin. Halaber, Ur Kirolak taldeak zubibidearen zutabeen artean duen pantalana eta garabia kendu beharko dira eta lekuz aldatu, zutabeen artetik kanpora inguru berdinean, metro batzuk iparralderago.
Afekzioak Loiolan
Mugikortasunari dagokionez, Loiola auzoan bertan lanak egin ahal izateko, obraren inguruan dauden oinezkoentzako pasabideetan eta bidegorrian mozketak egongo dira eta bi puntutan etengo da bidea. Hala, Ur Kirolaken eraikinaren eta ibaiaren artean igarotzen diren bidegorria eta oinezkoen bidea sei hilabetez etengo dira. Aldiz, eraikinaren beste aldean, biribiligunean, espaloia kendu egingo da, eskora-dorreek hartuko baitute eremu hori.
GI-20aren puntu horretatik pasatzen den garraio publikoari ezarriko zaion debekuari dagokionez, Lurraldebusen ekialdeko ibilbideetan egongo dira aldaketak, zehazki Antiguora doan linean, Erriberak, Amara eta Ospitaleen lineetan eta Donostia erdialdera doazen ibilbideetan.
Andoainen, N-Ieko zubibidea
N-I errepidearen Andoain hegoaldeko sarbidean, 444,793 kilometro-puntuan aurkitzen den zubibideari dagokionez, birgaitze lanak egingo dira galtzadaren plataforma altxatu eta taula birgaitu eta honen bermakuntzak aldatzeko. Zubi hau 1976 urtekoa da eta, gainera, lurralde osoko trafiko astun eta berezi gehien jasaten duen puntuetako bat da. Hori horrela, egitura osoa saneatzea ezinbestekoa da. Birgaitu beharreko tableroak 28 metro ditu eta lanek 4 hilabete iraungo dute, 1.614.000 euroko aurrekontuarekin. Jarduketa honetan ere, kontu handiarekin egin beharreko lanez ari garela azaldu Maria Ubarretxenak, katuen bidez altxatuko baita bidea eta operarioak taularen azpian arituko baitira lanean. Honenbestez, “obrek dirauten bitartean arreta handiz gidatzeko eta ahal den neurrian, garraio publikoa erabili ala bide alternatiboak aukeratzeko” eskaera egin die herritarrei Bide Azpiegituretako diputatuak. Hain justu, abuztuaren 1ean 300 metroko bypass-a jarriko da tarte horretan hilabete osorako eta auto-pilaketak eragingo ditu neurri honek. Egunean zehar gainera, 06:00etatik 22:00etara, 3,5 tona baino gehiagoko kamioiei debekatu egingo zaie handik igarotzea.
3402