Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour 1,8 milioi aktibatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko

1,8 milioi aktibatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko

Ekintzailetza sustatzea ezinbestekoa dela esan du Mendoza bozeramaileak, sare ekonomikoa eta, horrekin batera, ongizate ereduaren oinarriak indartzeko

Eider Mendoza

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programaren aurtengo deialdia. Guztira, 1.828.500 euro bideratuko dira honetara. Hiru laguntza lerrotan banatzen da deialdia: enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan –Txekin, 122.500 euro; emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea –Emekin, 245.000 euro–; eta oinarri teknologikoko enpresak eta/edo enpresa berritzaileak sortzeko prozesuan laguntzea –Txekintek-Barnetekin, 1.461.000 euro–. Oinarriak, dagozkien informazio eta baldintza guztiekin, laster argitaratuko dira GAOn.

          Eider Mendoza foru bozeramaileak eman du neurriaren berri, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko egin ohi duen agerraldian. Foru arduradunak azaldu duenez, laguntza hauen helburua da, alde batetik, enpresen barne-ekintzailetza sendotzea, haien lehiakortasuna indartzeko eta negozio aukera berriak sortzeko. Bestetik, ekintzailetza aurreraturako baliabide gehiago bideratzea, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatutako eremuetan eragiteko. “Izan ere, proiektu horiek gure sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta eraldatzeko gaitasuna dute, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan”, adierazi du. Gainera, enpresa munduan emakumeen presentzia areagotzearen alde ere egin nahi da.

Iaz, programa horrek 277 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen; horietako 170 emakumeek sustatu zituzten, eta 83 start up edo oinarri teknologikokoak izan ziren. “Pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzea beharrezkoa da gure sare ekonomikoa eta, horrekin batera, gure ongizate ereduaren oinarriak indartzeko. Gipuzkoan dauden potentzial, ekiteko gogo eta ezagutza guztiak bideratu behar ditugu, funtsezko aktibo baitira susperraldi ekonomiko eta soziala bizkortzeko eta krisi hau gainditzeko”, azaldu du Mendoza bozeramaileak.

Estrategia hori gauzatzeko, forua arduradunak azaldu du laguntza horiez gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten duela. ELKARGIrekiko lankidetzaren bitartez, start up eta emakumeek bultzatutako enpresen finantzaketa errazten du urtero; BIC Gipuzkoaren eskutik, enpresa berritzaile berriak sortzeko prozesua eta nazioarteko azelerazio programak babesten ditu; RIS-3 europar estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroak hainbat sektoretan hedatzen ari da, hala nola zibersegurtasunean, mugikortasun berrian, gastronomia digitalean eta zahartze osasungarrian, bere helburuetako bat izanik ekintzailetza sustatzea eremu horietan; eta proiektu berritzaileak kapitalizatzen laguntzen du, Seed Gipuzkoa, Basque Fondo edo Biozientziak Fundazioaren bidez. Gainera, zerga arlotik ere, pizgarriak daude startup berritzaileetan edo enpresa txiki eta ertainetan inbertitzeagatik.

Funtzionarioen izendapenak

Bestalde, funtzio publikoaren arloan ere neurri garrantzitsuak hartu dira. Zehazki, 15 pertsona izendatu dira karrerako funtzionario, eta beste 59 praktiketako funtzionario. Karrerako funtzionario izendatu direnak obra eta proiektuetako 12 teknikari laguntzaile eta 3 artxibo eta zerbitzu orokorreko ofizial dira. Praktikaldia hasiko dutenak, berriz, Ogasuneko langileak dira denak ere: goi mailako 27 teknikari, erdi mailako 21 teknikari eta 11 zerga agente.

Karrerako funtzionario izendatu diren lagunek azken hilabete hauetan gainditu dute praktikaldia. Besteek, orain hasiko dute praktikaldia, urte erdi inguru iraungo duena. “Biak ala biak, pausu garrantzitsuak dira Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat. Izan ere, Enplegu Publikoaren Eskaintzen arloan hartutako konpromisoak gauzatzea esan nahi du”, azaldu du bozeramaileak. 2019an onartu ziren EPEetatik eratorritako plazak dira guztiak eta, erakundearen ikuspegitik, Mendozak esan du pozgarria dela prozesu hauen helmugara iritsi izana. “Beraz, ongietorria eman plaza eskuratu dutenei eta zorte ona opa hasi berri duten bidean. Izan ere, beraien zortea orain Gipuzkoa osoarena izango da”, gaineratu du.

Errepidetako esku hartzeak

Bestalde, errepideen arloan ere hainbat esku-hartze onartu dira gaurko Diputatuen Kontseiluan.     Zehazki, lau obra ezberdinen kontratazio espedienteak onartu dira, denen artean 3,7 miloi euro inbertsioa suposatzen dutenak. Honako lanak dira: N-636 errepidean, Kanpanzarreko Bizkaiko mugaraino bidea zabaltzeko eta hobetzeko proiektua; errepide berean, zorua birgaitzeko proiektua gauzatuko da; zorua birgaituko da baita ere Oñatira doan GI-2630 errepidean; eta azkenik, beste esku hartze bat Hondarribian, GI-636 errepidean, azpitik pasatzen den errekasto baten pasabidea indartzeko.

          Aipatu bezala, N-636 errepidean, Kanpazarreko mendatean, bi esku hartze egingo dira. Batetik, 34,1 kilometro puntutik Bizkaiko mugaraino, errepidea zabaltzeko eta hobetzeko lanak egingo dira. 1.564.314 euro inbertituko dira guztira honetan, eta lanek sei hilabetetako exekuzio epea dute. Errepide honen lehen zatia zabalera aldetik egokia da, baina esku hartzea egingo den zatian, trazadura bihurgunetsua da, eta zati handi batean estua. “Aipatutako errepidearen erabiltzaileei erosotasun eta segurtasun handiagoa emate aldera funtzionaltasun baldintzak homogeneizatzeko egingo da, beraz, obra”, esan du Mendozak. Bestetik, 30,060 eta 33,163 kilometro puntuen artean artean zorua birgaitzeko lanak egingo dira. 923.256 euro bideratuko dira honetara.

Bestalde, Hondarribian GI-636 errepideko 12,340 kilometro puntuan dagoen fabrika-obra sendotzeko esku hartzea egingo da. Puntu honetan, errepidea errekasto batek zeharkatzen du, zeina eramana baita hormigoi armatuzko hainbat markoren bidez. Pasoko obra osatzen duen markoetako batek elkarren segidako asentuak izan ditu, eta horrek eragin du galtzadaren deformazioa, zirkulaziorako arrisku bat izanik. Hau konpontzeko, 460.405 euro inbertituko dira, eta lau hilabetetako exekuzio epea izango dute lanek. Azkenik, Oñatira doan GI-2630 errepideko 20,0100 eta 23,0474 kilometro puntuen artean zoruaren egitura birgaitzeko lanak egingo dira baita ere. 742.589 euro inbertituko dira hemen, eta hiru hilabeteko exekuzio epea dute obrek.

Egoitzetako partea

Azkenik, pandemia adinekoen egoitzetan izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, 38 positibo aktibo daude (aurreko astean baino 3 gutxiago) 14 egoitza ezberdinetan. Azken zazpi egunetan egoiliar bat zendu da eta, bestalde, 30 lagun sendatu dira eta 28 kasu positibo berri erregistratu. Guztira, azaroaren 29tik, 67 egoiliar hil dira, eta 3.068 pertsonek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokienez, 15 positibo aktibo daude (aurreko astean baino 5 gutxiago) 9 egoitzatan.

  

3437