Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak eta Azkoitiko Udalak 3,6 milioi euro inbertituko dituzte egoitza zaintza eredu berrira egokitzeko

Aldundiak eta Azkoitiko Udalak 3,6 milioi euro inbertituko dituzte egoitza zaintza eredu berrira egokitzeko

Bi erakundeek hitzarmena sinatu dute behar berriei batera erantzuteko, zainketen tokiko ekosistema bat bultzatuz. Gainera, eguneko zentroa eta tutoretzapeko apartamentuak herrigunera eramango dira.

Maite Peña eta Azkoitiko alkatea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak gaur goizean egindako lan bileraren ondoren, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, Javier Zubizarreta herriko alkateak eta Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, San Jose adinekoen egoitza birmoldatzeko eta egokitzeko faseak zehaztu dituzte, eta, halaber, iragarri dute eguneko zentroa eta tutoretzapeko apartamentuak Azkoitiko herrigunera lekualdatuko direla. Bi erakundeek 3.674.000 euro inbertituko dituzte datozen hiru urteetan egokitzapen prozesuaren lehen hiru faseak gauzatzeko; Foru Aldundiak %76a finantzatuko du, eta gainerakoa Udalak.

          San Jose egoitza zentroak, 2015az geroztik Kabian sartuta dagoenak, 54 egoitza-plaza ditu guztira, 14 Unitate Psikogeriatrikoan eta 20 eguneko zentroan.  Gainera, ekipamenduan tutoretzapeko apartamentuak ere badaude, udal titulartasunekoak, eta, horrela, beste 12 plaza daude pertsona autonomoentzat edo I. mendekotasun maila dutenentzat. Erabiltzaileekin eta senideekin kontraste lana egin ondoren, “ibilbide orri bat prestatu dugu, egoitzaren arkitektura eta espazio fisikoak arreta eta zainketa eredu berrira pixkanaka egokitzeko”, azpimarratu du Peñak.

          Bestalde, alkateak adierazi du bi erakundeek denbora asko daramatela lanean, eta lortutako akordioa jauzi kualitatibo garrantzitsua dela pertsonen zainketa arloan. "Ibilbide orri horrek garrantzi handiko hainbat jarduera jasotzen ditu. Aurrerapauso erabakigarria da”. Gainera, pozik agertu da akordioaren irismenarekin, eta eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari hobekuntza horiek guztiak egin ahal izateko erakutsi duen jarrera eta borondateagatik.

Diputatuak eta alkateak protokoloa sinatu ondoren, bi erakundeek arreta ereduaren trantsizioa bultzatzeko konpromisoa berretsi dute. “Pertsonalizazioaren eta berrikuntzaren oinarritik abiatzen den eredu baterantz goaz, komunitatearekiko lotura areagotzea helburu duena. Izan ere, eredu horrek etxe-giroko inguruneak bilatzen ditu, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta eskaerak gure ekintzaren erdigunean jartzen ditu”, adierazi du diputatuak.

Gainera, Maite Peñak azpimarratu du Gipuzkoak eredu berrirako lehen urratsak egin dituela, egoitza sektorearekin –erabiltzaileak, senideak, profesionalak, zentroetako arduradunak, patronalak eta sindikatua – adostu eta kontrastatu den lan-prozesu baten testuinguruan, eta ‘Gipuzkoa, etorkizuneko egoitzaranzko trantsizioa’ Liburu Berdearen barruan. “Zehazki, jarduera hori Liburu Berdearen hirugarren jarduketaren barruan kokatzen da, zeinak aurreikusten baitu lehendik dauden zentroetako espazio fisikoak pertsona ardatz duten arreta-ereduetara egokitzea”, zehaztu du.

3,6 milioi euro baino gehiago hiru urtean

Diputatuak azaldu duenez, azken urteotan egindako lan gogor horren ondorioz, “jauzi bat eman dugu abangoardian jartzeko, eta COVID-19 funtsetatik datozen 20 milioi euroko aparteko funtsari esker, aldaketa hori datozen urteetan gauzatuko da Gipuzkoako 25 egoitzatan baino gehiagotan, eta horien artean dago Azkoitiko San Jose egoitza”. Gogorarazi du ez dela bide erraza, eta helburua “aldaketa sistemiko” bat sustatzea dela: “Trantsizioa gauzatzeko norabidea finkatuta daukagu, Etorkizuna Eraikiz eta 2020>2030 Agendaren esparruan, eta gure lehentasun nagusia da”.

Norabide horretan aurreikusitako jarduera garrantzitsuak azpimarratu ditu Javier Zubizarreta alkateak. "Alde batetik, Foru Aldundiak egoitza eredu berria ezartzeko egokitzapenak egingo dituen lurraldeko zentroetako bat izango da San Jose Egoitza. Baina, gainera, Udalaren eta Aldundiaren arteko akordioak Unitate Psikogeriatrikoa eraberritzea aurreikusten du, eta baita ere eguneko zentroa eta tutoretzapeko apartamentuak herrigunera eramatea. Aurrerapauso erabakigarria dela uste dut. Horri guztiari gehitu behar zaio Udalak lizitaziora atera berri duela igogailu baten instalazioa, San Jose egoitzarako sarbidea hobetze aldera".

San Jose egoitzako lanak lau fasetan egingo dira; lehenengo hirurak aurten hasi eta 2024an amaituko dira, eta 3,6 milioiko inbertsioa izango dute. Esku-hartzeari ekiteko igogailu bat jarriko da, egoitzaren irisgarritasuna eta komunitatearekiko konexioa hobetuko dituena, Santikutz Gaina eta Ugarte pasealekua konektatuz; obra horrek 745.000 euroko aurrekontua du.

          Aldi berean, bigarren fase batean, aurten bertan hasiko dira Unitate Psikogeriatrikoa erabat egokitzeko lanak. Beraz, pertsonalizazioaren oinarritik abiatuta, 14 plazak egokituko dira zainketa eredu berrira,  bizikidetza-unitate murriztua osatuz (banako gelak eta bainugela propioak dituztela). Unitate horren egokitzapena 2024rako amaitzea aurreikusten da, eta 1.860.000 euroko aurrekontuarekin abiatzen da.

Eguneko zentroa Azkoitiko herrigunera lekualdatuko da hirugarren fasean, 2022tik 2023ra bitartean, eta 20 plazak ekipamendu berri batera mugituko dira. Udalarenak izango dira gaur egun San Jose egoitzan dauden eguneko zentroa eta  tutoretzapeko apartamentuak kokatzeko behar diren espazioak. Aldundiak %65ean finantzatuko du eguneko zentrorako lokalaren erosketa, eta lokala egokitzeko obrak Aldundiaren kargura egingo dira. Bestalde, Udalak gauza bera egingo du tutoretzapeko apartamentuekin; apartamentu horiek herrigunean integratuta egongo dira, eta adinekoentzako babesak eta zainketak dituzten bizitoki gisa diseinatu dira. Aurreko hiru faseak amaitzean, laugarren fasean, eredu berrira egokitutako 12 egoitza-plaza sortuko dira (%75 banako logeletan egongo dira) eta, halaber, jantoki berri bat eta egongela bat egitea aurreikusten da.

  

3035