Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzetako 17 plazen deialdiak onartu ditu

Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzetako 17 plazen deialdiak onartu ditu

Kontseiluak Auzitegi Gorenak ebatzitakoa bete du, eta borondatezko erretiro aurreratua hartzeagatik ematen ziren primak bertan behera gelditu dira.

2022/07/05
Eider Mendoza foru bozeramailea

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu ditu bere Enplegu Publikoko Eskaintzetako (EPE) 17 plazen oposizio-lehiaketa bidez betetzeko hautapen prozesuaren deialdiak eta hauek arautuko dituzten oinarriak. Zehazki, honako plaza hauen deialdiak onartu dira: 10 basozain plaza, 2 artxiboko goi mailako teknikari plaza, 2 kultura sustapeneko goi mailako teknikari plaza, 2 erdi mailako teknikari zaharberritzaile plaza eta dokumentazioko goi mailako teknikari plaza 1. Plaza hauek Aldundiaren 2019ko EPEei dagozkienak dira eta, basozainen kasuan, baita ere 2020 eta 2022ko eskaintzei. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi du deialdi hauek foru erakundearen langileria berritzeko martxan dagoen prozesuaren testuinguruan kokatzen direla.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, azkeneko Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan azaldu duenez, lehenengo ariketa egiteko deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoko iragarki taulan eta Enplegu Publikoa atalean argitaratuko da. Hautapen proba hauek ez dira hasiko 2022ko abenduaren 1a baino lehen. Hautapen prozesuaren ondoriozko beste komunikazio eta jakinarazpenak Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoko iragarki taulan argitaratuko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

          Mendozak aukera baliatu du foru Gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundia transformatzeko aurrera eramaten ari den prozesuarekin duen konpromisoa berritzeko. “Bide horretan, sekulako garrantzia dute giza baliabideek. Belaunaldi aldaketa baten aurrean gaude, eta asmatu egin behar dugu; talentu berria erakarri, eta oraingo langileen ezagutza mantendu. Aurrera begira, lan horrekin jarraituko dugu”, esan du Mendozak. Erronka, gaineratu duenez, XXI. mendeko gizartearen behar eta eskakizun berriei egokitutako administrazio aurreratu, irisgarri eta modernoa izaten jarraitzea da.

Erretiro aurreratuagatiko primak

Bestalde, bigarren erabakian, Diputatuen Kontseiluak Auzitegi Gorenak ebatzitakoa bete du, borondatezko erretiro aurreratuaren eta langile publiko izaerari uko egite sarituaren gaineko neurriei dagokionean. Ondorioz, indarrik gabe utzi ditu langileek orain arte jasotzen zituzten primak. “Auzitegi Gorenak argi eta garbi azaldu du, insistentziaz, toki administrazioetako erretiro-sariek ez dutela legezko estaldurarik eta justifikaziorik. Hau da, legez kanpokoak direla eta beraz, honek agindutakoa betetzen ari gara”, adierazi du Mendozak.

Orain arte, borondatezko erretiro aurreratua hartzeko gizarte aurreikuspeneko araubidean ezarritako baldintzak betetzen dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek prima bat jasotzeko eskubidea dute. Prima hori legezko erretiro adinera iritsi arte geratzen diren hiruhilekoen kopuruaren arabera ezarritako hileko ordainsari kopuru jakin baten baliokidea izango da, eta gehienez 40.000 eurokoa izango da. 

Hala ere, Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salaren martxoaren 20ko 459/2018 Epaiak irizpide hau ezarri zuen: erretiro sariak ez dira gizarte ekintzaren esparruan hartutako laguntza neurriak, baizik eta Estatuko oinarrizko legeriak toki erakundeetako funtzionarioentzat aurreikusitakoez bestelako ordainsariak. Beraz, epaiaren arabera, toki erakundeetako funtzionarioen ordainsari araubidea aldatzen dute, eta ez dute legezko estaldurarik eta justifikaziorik. Irizpide hori errepikatu da Auzitegi Gorenaren martxoaren 14ko 347/2019 Epaian, irailaren 29ko 1183/2021 Epaian, martxoaren 16ko 344/2022 Epaian eta apirilaren 5eko 421/2022 Epaian.

“Aldundian eta Aldunditik kanpo azterketa sakona egin dugu, beren langile kopurua aintzat hartuta eragin handiena duten administrazioekin elkarlanean aritu gara, eta denok bat gatoz. Ez da borondate kontua: sententzia betetzera behartuta gaude eta ez dago beste aukerarik”, azaldu du bozeramaileak. “Honi muzin egitea prebarikatzea edota funts publikoak bidegabe erabiltzea litzateke, ordainketaren erabakia sinatuko lukeen ororentzat: teknikari edo arduradun politiko”, gaineratu du.

Hala ere, kontuan hartuta neurri hauei heltzeko eskaerak gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu behar direla, Foru Aldundiak egokitzat jo du aldi baterako aurreikuspen bat jasotzea. Honen arabera, neurri horiek kentzeak ez du eraginik izango erretiro aurreratua hartzen duten edo langile publikoaren izaerari uko egiten dioten enplegatuen primei edo kalte-ordainei, bi kasuetan, akordioa indarrean sartu eta hiru hilabete igaro baino lehen gauzatzen badira.

Egoitzetako partea

Bestalde, bozeramaileak adinetako egoitzetan COVID-19 gaitza izaten ari den eraginari buruzko informazioa eguneratu du, azken asteko datuekin. Azaldu duenez, momentu honetan 97 kasu positibo aktibo daude, pasa den astean baino 2 gutxiago, eta 22 egoitzetan daude kasu aktiboak. Azken astean ez da egoiliarrik zendu, 85 lagunek gainditu dute gaixotasuna eta 83 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaro amaieratik hona, 70 egoiliar hil dira, eta 3.180 lagunek gainditu dute gaitza. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileen arloan, 83 positibo aktibo daude momentu hauetan, pasa den astean baino 40 gehiago eta 26 egoitzetan banatuta.

  

3551