Gipuzkoako I+G+B sareari bultzada berria emango dio Aldundiak, laguntzetara 4,7 milioi bideratuz
Gipuzkoako I+G+B sareari bultzada berria emango dio Aldundiak, laguntzetara 4,7 milioi bideratuz
Beste 2,2 milioi euro zuzenduko ditu foru erakundeak Gipuzkoako enpresa ehunean eta ekosistema sozioekonomikoan trantsizio ekologikoa sustatzera
Eider Mendoza Foruko Aldundiko bozeramaila
Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur onartu du Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarea bultzatzeko dirulaguntza aurtengo deialdia. Guztira, 4.715.000 euro bideratu dira honetara, pasa den urtean baino 400.000 euro gehiago (+%9,26). Laguntza lerro honako azpi-lerro hauetan banatzen da: enpresetako I+G Unitateen proiektuetarako dirulaguntzak (1.000.000 €); Gipuzkoa Next dirulaguntzak ( 515.000 €); ekipamendu eta azpiegitura zientifiko-teknologiko aurreratuetan inbertitzeko proiektuetarako dirulaguntzak (1.000.000 €); eta I+G proiektuetarako dirulaguntzak (2.200.000 €). “Aldundi honek badaki Gipuzkoak industria lehiakorra, erreferentziako ekosistema teknologikoa eta prestatutako gizartea izatearen arrazoietako bat denboran zehar I+G+Bn egindako inbertsioa dela, eta hori bultzatu nahi dugu”, esan du Eider Mendoza, Aldundiko bozeramaileak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan iragarri du neurria. “Inoiz baino larriagoak eta ugariagoak diren egoeraren araberako beharrei erantzuteaz gain (pandemia lehenengo, gerra ondoren, prezioen gorakada gaur egun), etorkizuneko erronka ekonomiko eta sozialei erantzun behar diegu. Lanean ari gara bateragarri egiteko, batetik, krisiak gehien kaltetutako pertsonei eta sektoreei bideratutako laguntzak eta, bestetik, gure enpresen eraldaketa lehiakorra eta lurraldeko apustu estrategikoen sustapena. Berrikuntza eta ikerketa funtsezko palankak dira hori lortzeko, ezinbestekoak”, esan du Mendozak.
Bozeramaileak adierazi duenez, Gipuzkoak oinarri sendoa du esparru honetan. Honela, Eustaten azken datuen arabera, Gipuzkoan 13.392 lagun aritzen dira I+Gri lotutako jardueretan, horietatik 8.686 ikerketaren arloan. Gainera, “Gipuzkoa da EAEko lurraldeen artean BPGd-aren ehunekorik handiena bideratzen duena I+Gra, 2021ean % 2,69raino iritsita”, foru arduradunak gogoratu duenez. “Aipatzekoa da, halaber, gipuzkoarrak direla EAEn ikerketan eta garapenean portzentualki gehien inbertitzen duten lau eskualdeak –Goierri, Debabarrena, Debagoiena eta Donostialdea”, osatu du.
Foru bozeramaileak nabarmendu duenez, eta Gipuzkoak urteetan zehar egindako ahaleginaren ondorioz, ikerketaren eta berrikuntzaren eremuan lan egiten duten zentro, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta pertsona ugari ditu lurraldeak. Zentro horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) sartuta daude, eta beraiei dago zuzenduta Aldundiak gaur onartu duen laguntza lerroa. “Kontuan hartuta etorkizuna lanean eta baliabideak eskaintzen jarraitzearen mende dagoela, jarduera horri jarraipena eman nahi diogu. Hortik gaur deialdi hau onartu izana”, azpimarratu du.
Trantsizio ekologikoa
Bigarren erabakia ere ekonomia alorrekoa da. Izan ere, Gipuzkoako enpresa ehunean eta ekosistema sozioekonomikoan trantsizio ekologiko, jasangarria eta bidezkoa sustatzeko programako dirulaguntzen aurtengo deialdia onartu du Kontseiluak. Deialdiari aurre egiteko 2.247.020,00 euroko aurrekontua izango du foru erakundeak, eta laguntza lerroa hiru multzotan banatzen da: trantsizio ekologikoa enpresetan bultzatzeko proiektuak finantzatzea (1,3 miloi euro); bizialdi osoko ikaskuntzarako sisteman pertsonen trebezia eta gaitasun ekologikoak sustatzeko proiektuen finantzaketa (300.000 euro); eta Gipuzkoako ekosistema sozioekonomikoan haren eraldaketa ekologikorako ezagutza sortu, transferitu eta partekatzeko proiektuak finantzatzea (600.000 euro).
Mendozak adierazi duenez, Gipuzkoan, hiru kontzeptu integratu nahi dira: produktibitatea, enplegagarritasuna eta gizarte kohesio inklusiboa. “Hazkunde berdeko eredu batean, alegia, garapen ekonomiko indartsu eta orekatua eta gizartearen ongizatea sustatuz”, gaineratu du. “Aldi berean, aktibo naturalek gure ongizate ereduaren oinarri diren ingurumen baliabideak eta zerbitzuak ematen jarraituko dutela bermatuz”, azaldu du. Horretarako, bere iritziz, Aldundiak negozio eredu berdeak dituzten enpresa erresilienteak sortzera bideratu behar ditu ahaleginak. “Europar Batasunaren aginduari jarraikiz, eremu hauetan jardun beharko dugu: prebentzioa eta arintzea, ekonomia zirkularra, energia jasangarria, balio katea, natura eta biodibertsitatea. Honek guztiak zuzeneko eragina izango du pertsonengan eta enpresetan”, esan du foru bozeramaileak.
Mendozan ustetan, ekonomiaren trantsizio ekologikoaren jardueretan eta enpleguan dauden aukerak “optimizatu” behar dira, eta trantsizio horretan langileei tratamendu ekitatiboa eta solidarioa bermatuko dieten neurriak identifikatu eta hartu. “Gipuzkoan, gero eta enpresa gehiagok ulertu dute premia hori, eta azkar eta erabakitasunez ari dira lanean. Horietako askok dagoeneko beren gain hartu dute klima neutraltasunaren eta jardueren eraldaketa ekologikoaren ikuspegia”, azpimarratu du. Gehitu duenez, horrek guztiak politika publiko jakin batzuk behar ditu: enpresei eta haien negozio ereduei eboluzionatzen eta pentsatzen lagunduko dizkietenak, jasangarritasunari eta klima inpaktuari dagokienez. “Aldundiak trantsizioa indartzeko konpromisoa hartu da, eta jarduera ekonomikoari eta enplegu berriaren sorrerari laguntza irmoa emango zaio ondorioz. Jarduera ekonomikoa eraldatzen eta sektore ekonomiko desberdinetako enpresak egokitzen laguntzea da helburua. Hori bilatzen dugu laguntza lerro honen bitartez”, osatu du.
Diktaduraren goratzeak indargabe uztea
Hirugarrenik, Kontseiluan erabaki da indarrik gabe uztea eta kentzea jarraian zehazten diren aintzatespenak, ohoreak eta sariak, Francisco Franco Bahamonderen diktadura goratzearekin zerikusia dutenak. Hainbat neurriren artea, aipagarrienak dira: Francori emandako Probintziako seme kutunaren titulua kentzea, 1939ko uztailaren 1eko erabakiaren bidez onartu zena; eta Francoren Aldundiko ohorezko presidente izendapena kentzea, 1945eko uztailaren 23an onartu zena. Hauekin batera, diktadura frankistaren garaian eman ziren bestelako aintzatespen, ohore eta sariak ere kendu dira, baldin eta balio demokratikoekin eta oinarrizko eskubide eta askatasunekin argi eta garbi bateraezinak badira, eta altxamendu militarra, gerra edo diktadura goratzea edo goraipatzea badakarte.
Mendozak azaldu duenez, 2022ko apirilean, Memoria Demokratikoaren Legea onartu aurretik eta legeari aurrea hartuta, Aldundiak ikerketa lan bat egiteko eskatu zion Iñigo Imaz Martínez historialariari. Lan horren helburua zen Francisco Franco Bahamonde jeneralaren diktadura erregimenaren alde 1937 eta 1975 bitartean egindako izendapenei eta pertsona edo talde esanguratsuei emandako beste ohorezko titulu batzuei buruzko erreferentzia dokumentalak bilatzea. Txosten hori 2022ko irailean jaso zen, eta Batzar Nagusiekin partekatu zuen Aldundiak.
“Txostena arretaz aztertu eta dagozkion kontsultak egin ondoren, Aldundiak egokitzat jotzen du aldi horretan emandako aintzatespen, ohore eta sari batzuk kentzea, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legeak ezartzen duenaren arabera”, zehaztu du. Ohoreak jaso zituzten pertsona guztiak hilda daude, eta beraz ez da beharrezkotzat jotzen entregatu zitzaizkien objektuak itzultzea, hala nola dominak edo aginte makilak. Bestalde, txosten horretan hainbat plaka edo busto aipatzen dira; elementu horiek jada kenduta daude edo aurretik jardun da horien inguruan. “Gipuzkoako Foru Aldundiak apustu sendoa egin du Gipuzkoako lurralde osoan oroimen historikoa berreskuratzeko, zabaltzeko eta datozen belaunaldiei helarazteko, betiere biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea bermatuz”, laburbildu du Mendozak.
3566