Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor gaitzetsi du Orion izandako hilketa matxista
Gipuzkoako Foru Aldundiak gogor gaitzetsi du Orion izandako hilketa matxista
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak elkartasuna eta babesa helarazi dizkie biktimaren ingurukoei: "Hilketa matxista giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena da, eta ez du inolako lekurik gure gizartean”.
Erakundeetako ordezkariak
Orion atzo arratsaldean gertatu den hilketa matxistaren aurrean, Foru Gobernu Kontseilua premiaz bildu da eta minutuko isilunea deitu du 12:00etan foru jauregiaren atarian. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Aldundiaren izenean, bere gaitzespen sutsua adierazi du, baita biktimaren inguruarekiko eta Orioko herri osoarekiko babesa eta hurbiltasuna ere: "Gure sumin eta haserre sakona adierazten dugu, hilketa giza eskubideen urraketaren adierazpen gorena da, gure gizartean inolako lekurik ez duen gertaera oso larria”.
“Gipuzkoako gizarteak ez du inola ere onartzen emakumeen duintasunaren, osotasun fisikoaren, askatasunaren eta bizitzaren aurkako jarrerarik. Eskubide bortxaezinak dira”, salatu du Olanok. Halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko beharra aldarrikatu du, “indarkeria matxistaren jatorria, hain zuzen ere, berdintasun eza delako”. “Egiturazkoak diren eta emakumea kontrolpean eduki nahi duten jarrera eta ideia matxistetan oinarritzen dena. Errotik ezabatu behar ditugun jarrerak dira”, nabarmendu du.
Diputatu nagusiak dei egin die herritarrei emakumeen aurkako indarkeria mota ororen aurreko “gaitzespena eta konpromisoa” adieraz dezaten. Zentzu horretan, gaur 19:00etan Orion egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatu dio gizarte osoari, baita Gipuzkoan zehar egingo diren beste gaitzespen-adierazpenetan ere.
2757