Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak 400.000 euroko laguntzak emango ditu, gaixotasun hemorragiko epizootikoak eragindako kalteak arintzeko

Aldundiak 400.000 euroko laguntzak emango ditu, gaixotasun hemorragiko epizootikoak eragindako kalteak arintzeko

Ustiategietan izandako kalteak eta hildako abelburuak konpentsatzeko izango dira, eta urtea amaitu baino lehen ordainduko dira

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri du laguntza lerro bat irekiko duela gaixotasun hemorragiko epizootikoak (GHE) behien abeltzaintzan eragindako kalteak arintzeko. Aparteko neurri horretara 400.000 euro bideratuko dira, eta abeltzainei bizitzen ari diren egoeraren aurrean laguntzen jarraitzearen aldeko apustua egingo da. Foru erakundeak erabaki zuen animaliei gaixotasunari aurre egiteko aplikatzen zaien larrialdiko tratamendua % 100ean ordaintzea, eta hari gehitu behar zaio orain neurri berri hau.

Lurralde Oreka Berdeko diputatu Xabier Arrutik jakinarazi duenez, deialdia laster onartuko da Diputatuen Kontseiluan. Ondoren argitaratuko da GAOn, eta eragindako abeltzainek eskabideak aurkezteko epea hasiko da. Laguntzak bi kontzeptuengatik lotuta emango dira: bata, ustiategietako jardueran eragindako kalte ekonomikoengatik, eta bestea, hildako abelburuen konpentsazio gisa. "Ordainketa urtea amaitu baino lehen egingo da", iragarri du.

"Jakitun gara sektorea jasaten ari den egoera oso gogorra dela, eta aurretik ere oso erronka handiei aurre egin beharrean zegoela, gainera. Pandemian sektore kaltetuenei premiazko laguntzak eman genizkien bezala, orain ere kompromiso osoa dugu Gipuzkoarentzat eta gure ekonomia, paisaia eta orekarentzat funtsezkoa den jarduera hau zaindu eta babesteko", nabarmendu du Arrutik. Halaber, bere "animo eta hurbiltasun osoa" adierazi dizkiei abeltzainei eta baserritarrei. "Ez gara bakarrik kalte ekonomikoez ari; zure animalien osasuna nola okertzen den ikusteak desgaste emozional eta animiko handia sortzen du, eta hori oso kontuan hartzen dugu, ez garelako bakarrik ekonomiaz ari, pertsonetaz baizik. Abeltzainen ondoan egoten jarraituko dugu, egoera honi aurre egiteko etengabeko elkarlanean".

Jarraipen mahaia

Laguntzak abian jartzeko izapideak sektoreko eragileekin partekatu zituzten Arrutik berak eta Aldundiko arduradun politiko eta teknikoek, erakundeak bultzatutako Jarraipen Mahaiak atzo egindako bileran. Mahai horretan Abelur, Lurgintza, ENBA, EHNE, Blonda, Terreña, Limousin, GIFE, Gitxegi eta Abere Albaitariak bezalako eragile eta elkarteetako ordezkariek parte hartzen dute. Gaixotasunaren bilakaera aztertzeaz eta haren eraginari buruzko informazioa partekatzeaz gain, mahai honetan jorratzen dira hari lankidetzatik aurre egiteko hartu beharreko neurriak.

Gaixotasun hemorragiko epizootikoa ia lurralde osoan dago hedatuta, eta, atzo partekatutako datuen arabera, Gipuzkoan 833 positibo erregistratu dira 380 ustiategitan, 116 abelburu hil direla. Gaixotasunak gogor eragin die hainbat ingururi, hala nola Zarautz, Usurbil, Andoain eta Zizurkili, baina, diputatuak adierazi duenez, "uste dugu okerrena gertatu dela, eta kliman aurreikusitako aldaketak egoera hobetzen lagunduko duela".

Gaixotasun hemorragiko epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekzioso ez-kutsakorra da, intsektuen ziztadak transmititzen duena (Culicoides spp.). Inola ere gaixotasuna ez da kutsakorra gizakientzat; animalia horien haragia erabateko lasaitasunez kontsumitu daiteke

  

2076