Aldundiak 3.488.000 euro bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara
Aldundiak 3.488.000 euro bideratuko ditu aurten lankidetzarako laguntzetara
Itxaso: “Lankidetza gizarteko sektore berrietara hedatzen jarraitzeko asmoa dugu”
- 2016az geroztik bikoiztu egin da onartutako proiektuen kopurua.
- Itxaso: “Lankidetza gizarteko sektore berrietara hedatzen jarraitzeko asmoa dugu”
Denis Itxaso Kultura eta Lankidetza diputatuak 2018ko lankidetzarako laguntzen deialdia aurkeztu du, Diputatuen Kontseiluak onartu ondoren. Aurten 3.488.000 euroko aurrekontua izango du.
Prentsaurrekoan, Denis Itxasorekin batera, Gurutze Gorriko eta Ohana Ikasle Elkarteko ordezkariek parte hartu dute, 2017an jasotako laguntzei esker gauzatu dituzten proiektuen egoeraren berri emateko.
Diru laguntzen xede diren proiektuak pobreziari aurre egitekoak, hezkuntza sustatzekoak, gizarte eraldaketa bultzatzekoak eta larrialdi egoerei aurre egitekoak dira, eta lau jardun esparrutan biltzen dira:
- Garapen proiektuak Hegoaldeko herrialde pobretuetan: 2.128.000 euro.
- Gizarte eraldaketarako hezkuntza proiektuak: 600.000 euro.
- Gizarte eraldaketarako ekintza puntualak (tokikoak edo nazioartekoak): 400.000 euro.
- Larrialdiko eta ekintza humanitarioko laguntzak: 360.000 euro. Nobedade gisa, laguntza honen hiru deialdi egingo dira aurten:
Lankidetza gizarteko sektore berrietara hedatzen jarraitzeko asmoz, nabarmentzekoak dira ekintza puntualen hazkunde portzentuala eta larrialdien eta ekintza humanitarioen arreta.
Onartutako Lankidetzako Esparru Estrategikoak lankidetza gizarteratzea du helburu, Agenda 2030en irizpide eta balioak eta Garapen Jasangarriaren Helburuak txertatuz, hala nola pobreziaren aurka egitea, eta giza eskubideen, genero berdintasunaren, kultura aniztasunaren, ingurumen jasangarriaren eta tokiko erakundeak sendotzearen alde egitea.
Azpimarratzekoa da, Gipuzkoako lankidetza politikaren diseinuan norabide berria planteatu eta bi urte geroago, erakundeen parte-hartzea % 50 baino gehiago handitzea lortu dela, eta onartutako proiektuen kopurua, berriz, % 90 inguru. 2015ean onartutako 27 proiektuetatik 2017an 51 proiektu izatera pasatu gara, eta, parte hartu zuten entitateen kopuruari erreparatuz gero, joerak indarra hartzen du, 2015ean 52 entitate izatetik 2017an 90 izatera igaro baita. Gipuzkoako elkarte-sareko lankidetza politikaren presentzian aldaketa esanguratsua erakusten dute datu horiek.
«Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarako politika berriari esker eta laguntza deialdietara eragile desberdinak aurkezteko prozesuak errazteko eta azaltzeko egindako ahaleginari esker, lortu zen ez bakarrik aurkeztutako eta onartutako proiektuen kopuruan azken urteotan izandako beheranzko joera iraultzea, baita ere kopuru hori bikoiztea», azaldu du Itxasok.
«Aurten, lankidetzako politikei bultzada handiagoa eman nahi izan diegu, eragile eta erakundeen partaidetza handiagoa izan dadin, onartutako proiektuen kopurua handitzeko, eta proiektuetarako diru-laguntzak nabarmen gehitzeko; eta ziur gaude eragile gehiago aurkeztuko direla laguntza hauen deialdietara», esan du.
Lankidetzako diputatuak gizarte eragile guztien inplikazioa defendatu du lankidetza politiketan, betiere hazkunde dinamika baten eta jarduteko jarraibide batzuen barruan, mundu iraunkorragoa, bidezkoagoa eta desberdintasun gutxiagokoa lortzeko baliagarriak izango diren jarraibideen barruan, hain zuzen; aldi berean, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea zoriondu du, aurten 30 urte bete baititu.
2017ko garapenerako lankidetza laguntzen deialdian onartutako proiektu guztiak deskribatzen dituen liburuxka ere aurkeztu da.
Bi adibide
Ohana Ikasle Elkarteak 18.000 euroko diru laguntza jaso zuen ALDAZANK proiekturako; hain zuzen ere, mugimendu horrek, modaren bidez, emakumeei laguntza eman nahi die beren ekonomia independentea indartzeko. Koh Kor (Kanbodia) uhartean lan egiten dute, bertan bizi diren emakume abandonatu, bortxatu eta tratu txarraren biktima izan direnekin.
Gipuzkoako Gurutze Gorriak 63.001,50 euroko diru laguntza jaso zuen, Markala osasun-barrutiko (Ségou zirkulua, Ségou eskualdea, Mali) emakumeen eszisio praktikak prebenitzeko eta sexu eta ugalketa eskubideak sustatzeko.
1339