Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,6 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Gipuzkoako zerga bilketa metatua %7,6 hazi da uztailera arte, aurreko urtearekin alderatuta
Foru erakundeak aurreko urtean baino 188,5 milioi euro gehiago bildu ditu.
Zerga bilketa metatua %7,6 hazi da Gipuzkoan uztailera arte, aurreko urteko denboraldi berdinarekin alderatuta. Guztira 2.655,5 milioi euro bildu dira eta, ondorioz, 2021ean baino 188,5 milioi euro gehiago jasoz.
Sarrera gordinak %10,9 handitu dira, eta itzulketak %20,3. Zuzeneko zergak %2,7 hazi dira, zeharkako zergak %7,2 eta Estatuarekiko doikuntzak %37,9. Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan atxikipenen atalean 17,5 milioi gehiago jaso ditu Ogasunak (+%1,8), zati batean 2021eko maiatzetik uztailera arte izandako ezohizko sarrera batzuen eraginez. Honela, PFEZa bere osotasunean hartuta, %2,5 handitu da bilketa aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 23,9 milioi euro gehiago. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiak 3,3 milioi euro gehiago jaso ditu: sarrera gordinak 3,7 milioi euro igo dira, eta itzulketak 0,4 milioi eurotan hazi dira.
Bestalde, Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, zerga bilketa metatua %8,4 igo da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 57,7 milioi euro gehiago: 78,5 milioitan igo dira sarrerak (+%10,2); itzulketak 103,7 milioi eurotan igo dira (%23,9); eta lurraldeen arteko doikuntzak 83,0 milioi eurotan hazi dira (%23,4). Jokin Perona, Ogasun eta Finantza foru diputatuak azpimarratu du, “orain arte bezala, Aldundia esfortzua egiten ari dela itzulketetan herritarrek eta jarduerek ahalik eta azkarren likidezia eduki dezaten”. “Bestalde, zuhurtziaz jarraitu behar ditugu hurrengo hilabeteak; gure helburua, 2021eko euskal finantza kontseiluan ezarritako helburuak betetzea izango litzateke”, gehitu du.
Bere aldetik, zerga berezien atalean Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa %6,8 igo da, hau da, 15,6 milioi euro gehiago aurreko urtearekin alderaketa; eta Tabako Laboreen gaineko Zerga %18,7 igo da, 10,2 milioi euro gehiago bildu baitira. Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzetan bilketa metatua, joan den urteko epe beraren aldean, 121,4 milioi handitu da BEZan eta 40,6 milioi okertu da zerga berezietan.
3141