Gipuzkoako I+G+B sareak goi mailako 5 emakume ikertzaile berri izango ditu, Fellows programari esker
Gipuzkoako I+G+B sareak goi mailako 5 emakume ikertzaile berri izango ditu, Fellows programari esker
Gipuzkoako I+G+B sareak goi mailako 5 emakume ikertzaile berri izango ditu, Fellows programari esker
Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu lurraldeko ikerketa zentroen bikaintasun zientifikoa handitzea helburu duen programara.
Gipuzkoako I+G+Bko ekosistemak goi mailako 5 ikertzaile berri izango ditu, oraindik orain ebatzi den Fellows Gipuzkoa Foru Aldundiaren laguntza programaren eskutik. Markel Olano diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak harrera egin diete Fellows programako lau kide berriei eta haien ikerketa zentroetako ordezkariei lan topaketa batean. Bertan, garatuko dituzten proiektuen edukia bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute, eta Olanok nabarmendu du garrantzitsua dela Gipuzkoan talentua eta I+G+B sustatzen jarraitzea. “Zientziaren eta ikerketaren alde egitea jakintzan oinarritutako ekonomia sendo eta aurreratu baten alde egitea da, eta, era berean, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetuko duten aurrerapenetarako hazia ereitea. Bizi dugun ziurgabetasun garai honetan, gure ikerketa ekosistemaren bikaintasuna areagotzen jarraitzea funtsezkoa da guztion artean etorkizun hobea eraikitzen jarraitzeko”, baieztatu du.
Foru Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu programa horretara aurten eta datorren urtean. Programa horren helburua da nazioarteko ikerketa taldeetan doktoratu ondoko prestakuntza eta esperientzia jaso duten ikertzaileak Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela zentro horien maila zientifikoa handitzeko. Programak bi alderdi ditu: alde batetik, talentua erakarri nahi da, ikertzaile horiek EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sarearen Gipuzkoako zentroetan parte har dezaten; eta bestetik, talentuari eutsi nahi zaio, hau da, zentro horiei lagundu nahi zaie ikertzaileak beren lantaldeetan hiru urtez izan ditzaten. Lehenengo urtean, ikertzailearen kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da; bigarren urtean, gastu horien % 80, eta hirugarrenean, gastuen % 70; horrela, zentroek ikerketa lanak epe luzeagoan egiten jarraitu ahal izango dute.
Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Autonomia Erkidegoarekin duten lotura, eta bereziki sustatzen da emakumeen laneratzea, eremu horretan dagoen genero arrakalari aurre egiteko. Aurten, berritasun gisa, lanean aritu da Aldundia programa honetan parte hartzen duten pertsonek programa amaitu ondoren ere jarraitzeko aukera izan dezaten, Ikerbasque Fundazioarekin lankidetzan, Fellows Gipuzkoako ikertzaile gisa bigarren urtean zehar ebaluatu ahal izateko.
Foru erakundeak programaren diru hornidurari eutsi dio, jarrai dezan aurreko deialdian programa horretaz baliatu ziren ikertzaileei laguntzen eta talentu berriak erakartzen. Hauek dira aurten hasiko diren ikertzaile berriak, eta haien proiektuak. Horiekin batera, seigarren ikertzaile bat ere hasiko da, baina administrazio ebazpenaren zain dago:
Ane Escobar (Material Physics Center): Garunean jarduera neuronala modulatzeko urrezko partikulak erabiltzean datza proiektua. Partikulak tamaina nanometrikokoak dira, eta argia kontzentratu dezakete, toki jakin horretan beroa sortuz. Tenperatura igoerak aldaketak eragiten ditu neuronen zelula mintzean, eta horrek jarduera neuronala modu kontrolatuan aldatzea ahalbidetzen digu. Proiektua NanoNeuro partzuergoaren esparruan garatuko da, eta Materialen Fisika Zentroan (EHUren eta CSICen zentro mistoa) eta Biodonostian gauzatuko da, DIPCrekin lankidetzan.
Marta Ximenis (BERC Polymat): Proiektuaren helburua inplante biobateragarri adimendunak diseinatzea da, 3D inprimaketaren bidez prestatutako aminoazidoetan oinarritutako polimeroak oinarri hartuta. Horrela, pertsonen bizi kalitatea hobetu nahi da, gaur egun egiten diren inplanteek sortzen dituzten arriskuak murrizteko.
Ana Isabel Benítez (CIC BiomaGUNE): Bere proiektuak (TardiZymes: Biokatalizatzaile eraginkorragoak eta jasangarriagoak garatzeko estremoentzima artifizialen bioingeniaritza) proteinen bioingeniaritza berri bat garatzea du helburu.
Ane Gurtubay (BCBL): Azken hamarkadetan neuroirudiaren esparruan egindako lanaren zati handi bat irakurketan, arretan eta lan memorian garun azalaren eskualdeek duten inplikazioa aztertzera bideratu da. Hala ere, eremu subkortikalek, hala nola talamoak, prozesu horiei nola eragiten dieten oso gutxi aztertu da gizakiengan. Proiektu honek aurreko prozesu kognitiboetan inplikatutako sare talamokortikaletako konektibitatea (funtzionala eta egiturazkoa) aztertu nahi du, irakurketa, arreta eta oroimen gaitasunak azaltzen nola laguntzen duten ikusteko. Era berean, lotura talamokortikalek itsuen artean Brailleren irakurketari nola eragiten dioten ikertuko da.
Naike Salvador (Biodonostia): Proiektuaren izenburua hau da: Abatarren garapena bularreko minbiziaren inbasio metastasikoa aztertzeko eta terapia aurreratu pertsonalizatuak ikertzeko. Izan ere, metastasiak dira minbiziarekin lotutako heriotza gehienen eragileak. Dena dela, ez dago hura ikertzeko eredu fidagarririk, ia guztiak saguetan oinarrituak baitira. Bularreko minbiziaren metastasia aztertzeko, giza organoideen mikrosistema bat eraikiko da, hau da, mini-bularrak eta mini-hezurrak. Azken helburua medikuntza pertsonalizaturako gailu bat sortzea da, edo, beste modu batera esanda, paziente bakoitzari egokitutako dosi eta terapia desberdinak probatzeko balioko duena.
Gainera, honako hauek jarraituko dute programari atxikita: Idoia Ochoa (Tecnun, hirugarren urtea), Irune Villaluenga (BERC Polymat, hirugarren urtea), Amaia Carrión (BCBL, hirugarren urtea), Pablo Aguado-Puente (CIC nanoGUNE, hirugarren urtea), Roland Charles Garnier (AZTI, hirugarren urtea), Aitor Manteca (CIC biomaGUNE, bigarren urtea) eta Ibon Santiago (CIC nanoGUNE, bigarren urtea). Esku artean dituzten proiektuen artean, honako hauek aipa daitezke: prozesu industrialak hobetzeko material berriak aztertzea, robot molekularrak garatzea (sendagaien ibilgailu edo sentsorika gisa), gailu elektronikoetako energia kontsumoaren eta beroaren kudeaketa arazoei irtenbideak bilatzea, tumore gaizto hematologikoetan biomarkatzaileak identifikatzea, bateria hibridoak, irakurketa arazo posibleak goiz identifikatzea eta esku-hartze goiztiarreko programak garatzea.
2000. urtean programa abian jarri zenetik, Gipuzkoara zientziaren arloko 54 talentu ekartzeko laguntzak eman dira. Une honetan Fellows programak finantzatutako 12 ikertzaile daude, eta horietatik gehienak, 8, emakumeak dira. “Datuek erakusten dute berdintasunaren bidean aurrera egiten jarraitzen dugula ikerketaren eta zientziaren esparru garrantzitsu honetan, nahiz eta oraindik bide luzea dugun egiteko”, adierazi du Olanok. Era berean, azpimarratu du garatzen dituzten proiektuak oso lerrokatuta daudela Gipuzkoak “biozientzien/osasunaren, energia-biltegiratzearen edo fabrikazio aurreratuaren” inguruan egiten dituen etorkizuneko apustu estrategikoekin.
Bestalde, Jabier Larrañagak adierazi duenez, “Fellows programa oso lagungarria da gure I+Gko ekosistemaren bikaintasuna eta kualifikazioa hobetzeko, goi mailako ‘fitxaketa’ horiek bitarteko direla. Gipuzkoa lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko beharrezkoak diren eraldaketak egiten ari da, mugikortasunari, klima aldaketari, zahartzeari edo digitalizazioari lotuta; eta talentu ikertzailea palanka bat da horiek bultzatzeko”. Gaur egun, 12.500 pertsona ari dira lanean gure lurraldean I+Gri lotutako jarduerak garatzen, horietatik 8.369 dedikazio osoarekin, eta Gipuzkoak Estatuko eta Europako batez bestekoa gainditzen du I+Gra bideratutako BPGaren ehunekoan, baina diputatuak “lanean jarraitzeko” eskatu du, “arlo horretan punta-puntakoak diren herrialdeetara gehiago hurbiltzeko, horiek baitira gure erreferentzia”.
3529