Lagun bat hil da eta 10 gehiagok gainditu dute Covid-19a Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
Lagun bat hil da eta 10 gehiagok gainditu dute Covid-19a Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
Azken orduetan ez da kasu positibo berririk atzeman adinekoen egoitzetan, aldiz, adin txikiko batek positibo eman du Covid-19n eta ospitalera eraman dute.
Egunero bezala, Eider Mendoza foru bozeramaileak Gipuzkoako egoitza sareko egoeraren berri eman du, eta jakinarazi du, azken orduetan, 5.425 adineko pertsona artatzen diren 65 zentroko sarean, 10 lagunek gehiagok gainditu dutela Covid-19a eta ez dela positibo berririk atzeman. Bozeramaileak gogorarazi du bederatzigarren eguna dela gaurkoa positibo berririk ematen ez dena, pasa den martxoaren 19an lehen kasuan atzeman zirenetik. Aldiz, lagun bat zendu da azken orduetan, Aretxabaletako GSR Debagoienako egoiliarra.
Sendatu diren pertsonak bizi dira Donostiako Berra (2) eta La Paz (1) egoitzetan, Ordiziako San Josen (2) eta Zumarragako Argixaon (5). Gaur arte, mediku alta jaso dute 284 lagunek, 164 hil dira eta 101ek diagnostiko positiboarekin jarraitzen dute; hurrenez hurren, %51,7a, %29,9a eta %18,4a ordezkatzen dute. 14 dira egun kasu positiboak dituzten zentroak, 23 pertsona Donostiako Gurutze Gorriaren zentro soziosanitarioan ingresatuta daude eta 20 ospitalean.
Nahiz eta ez den positibo berririk atzeman adineko pertsonen egoitzetan, haurren eta nerabeen babeserako foru egoitza sarean artatua den adin txikiko batek Covid-19n positibo eman du azken orduetan, eta bere familiari jakinarazi zaio. Gaur arte ez da kasu positiboren eman Aldundiaren tutoretzapean dauden eta babes sistemaren baitan dauden adin txikikoen artean. Guztira, sarea 43 zentroz eta 450 plazaz osatuta dago.
1688