Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lankidetzazko gobernantza eredu propio baten garapenean egindako lorpenak partekatu ditu Gipuzkoak Baionan

Lankidetzazko gobernantza eredu propio baten garapenean egindako lorpenak partekatu ditu Gipuzkoak Baionan

Diputatu nagusiak Etorkizuna Eraikiz programaren oinarriak aurkeztu dizkie Pirinio Atlantikoetako departamentuko kontseilariei

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, lan-bilera bat izan du gaur goizean Baionan Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidentearekin eta departamentuko kontseilariekin, elkarlaneko gobernantza-eredu propio baten garapenean egindako lorpenak partekatu asmoz. Departamenduak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzan egindako bilkuran, Etorkizuna Eraikiz programaren baitan sustatutako ekimenak eta azken urteotan Gipuzkoan garatzen ari diren ekimen parte-hartzaileak aurkeztu ditu Olanok, Mikel Pagola Partaidetzarako foru zuzendaria lagun zuela.

Hala nola, gizarte-politiketan, garapen ekonomikoan, ingurumenean eta gobernantza berrian Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak duten lankidetza estuaren testuinguruan kokatzen da gaurko topaketa. Diputatu nagusiak gogorarazi du Etorkizuna Eraikizek “elkarlanerako eredu bat” eskaintzen diola gizarteari, Gipuzkoaren etorkizuneko erronkak identifikatu eta horiei erantzuteko. “Helburu horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da espazioak partekatzea eta beste esperientzia batzuetatik ikastea. Gipuzkoak bokazio europarra eta mugaz gaindikoa du, eta Bidasoaren bi aldeetako erakundeekin batera lan egiteko determinazioa du, pertsonen, haien ongizate ekonomikoaren eta sozialaren mesedetan”, berretsi du.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Aldundiak 2016an jarri zuen martxan Etorkizuna Eraikiz programa, gizartearen eta erakundeen arteko urruntze gero eta handiagoa salbatzeko. Horretarako, “entzuteko, esperimentatzeko eta elkarrekin politika publikoak sortzeko” eredu bat garatu da, eta, eredu horretan, foru erakundea lankidetzan ari da antolatutako herritarrekin, Gipuzkoa “sozial, berde eta lehiakorrago” baterantz aurrera egiteko.

Bost urte hauetan, ahalegin partekatu horri esker, 125 proiektu herritar eta 32 proiektu esperimental landu dira. Baita ere, hainbat gaietan ditugun etorkizuneko desafioei aurre egiteko erreferentziazko bederatzi zentro garatu dira: ikus-entzunezko sorkuntza, gizarte-berrikuntza, zahartze osasungarria, gizarteratzea, euskararen etorkizuna, gastronomia digitala, mugikortasun berria, klima-aldaketa eta zibersegurtasun industriala, alegia –bederatzi zentro horietatik sei dagoeneko martxan daude–. Ekimen horietan guztietan, erakundeek lankidetzan jarduten dute unibertsitateekin, enpresekin, eragile ekonomiko eta sozialekin, proiektuen sorburutik bertatik, egin ere.

Etorkizuna Eraikiz kapsula

“Lankidetzari eta parte-hartzeari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu egiten dira, gizarte-interesak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoa antolatzeko prozesuetan parte hartzen dute, eta gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da, besteak beste”. Horixe da Etorkizuna Eraikiz ekimenaren erdigunean dagoen hausnarketa, diputatu nagusiak azpimarratu duenez.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jean-Jacques Lasserre presidentearekin batera egin ditu adierazpenok, Baionan jarri duten Etorkizuna Eraikiz kapsulan, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken hilabeteotan herriz herri antolatu duen ekimen parte-hartzailearen erreplika gisa. Egitasmo honen bidez, gipuzkoar gizartea etorkizunari buruzko proposamenak, kezkak eta arazoak helarazten ari zaio foru erakundeari.

Gizartearen beharrei erantzuteko garaian, herritarren parte-hartzeak eta lankidetzak duten garrantzia islatzen du kapsulak. Alde batetik, lurraldearen egungo errealitatearen, ezaugarri nagusien eta balioen deskribapena eskaintzen du. Era berean, herritarrei planteatzen die ariketa bikoitza egin dezatela. Batetik, 2040ra begira, hau da, 20 urte barru gure gizartea nolakoa izatea gustatuko litzaiekeen adieraziz; bestetik, konpromiso bat hartzeko eskatzen zaie, zein ekarpen egiteko prest dauden esateko, ekarpen guztiek fruitua ematen baitute gero, ekarpen horiek Etorkizuna Eraikiz sistemaren barruan gauzatzen diren proiektu bihur baitaitezke.

  

2554