Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Larunbatean erabakiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren XVI. Sagardo Lehiaketako irabazlea

Larunbatean erabakiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren XVI. Sagardo Lehiaketako irabazlea

Aurten, 18 herritako 29 sagardogilek hartu dute parte, inoiz baina gehiagok

2017/06/01

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketaren XVI. edizioaren finala, larunbat honetan izango da eguerdiko 12:00tan, Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartean. Aurten, Gipuzkoako hemezortzi udalerritako hogeita bederatzi sagardotegik eman dute izena, inoizko parte-hartzerik handiena. Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: ekoizpen prozesuan sagardogileak egin duen lanaren balioa nabarmentzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta.

Lehiaketako parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik edo barriketatik hartu dira laginak eta horiek Fraisoroko laborategian aztertu dira. Aurtengo sagardoetan 15 parametro neurtu dira, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dira kontuan: azidotasun lurrunkorra, azukrerik gabeko guztirako estraktu lehorra, metanola eta glukosa-fruktosa. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen du zein upeletatik hartu behar den sagardoa eta bakoitzetik hamahiruna botila hartu ziren. Apirilean jaso ziren botila horietatik bina Aldundiko Fraisoro laborategira bidali ziren aztertzera. Etiketa berdinak jartzen zaizkie botila horiei dastatze fasean identifikatuak izan ez daitezen. Sailkapenerako dastatzeak maiatzean egin ziren Fraisoron, eta larunbateko finalerako sei sagardotegi hautatu ditu epaimahaiak:

-       Adunako ABURUZA sagardotegia.

-       Astigarragako ETXEBERRIA sagardotegia.

-       Astigarragako GARTZIATEGI sagardotegia.

-       Hernaniko ALTZUETA sagardotegia.

-       Andoaingo GAZTAÑAGA sagardotegia.

-       Asteasuko SARASOLA sagardotegia.

Larunbat honetan egingo den lehiaketaren finalean Gipuzkoako 2017ko sagardo onena zein den erabakiko da. Fraisoroko Dastagunean ikasi eta diplomadun diren dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratuko du irabazlea.

Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratuko ditu. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro. Lehen hiru irabazleek eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko “Garralea edo karreto barrika” ezagunaren erreplika bat eskuratuko dute.

  

1996