Lazpiur bezalako enpresek Gipuzkoa lehiakorragoa egiten dute
Lazpiur bezalako enpresek Gipuzkoa lehiakorragoa egiten dute
Markel Olano diputatu nagusiak Bergarako makina erremintako firma ezaguna bisitatu du gaur goizean
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Lazpiur enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur Bergaran. Bertan, makina erremintaren puntako enpresa honek zabaltzeko eta inbertitzeko dituen asmoen berri izan du. «Enpresa berritzaile, teknologikoki puntako eta mundura zabalduek, eta eredu horretan sartzen da Lazpiur, gure lurraldea gero eta lehiakorragoa eta orekatuagoa bilakatzen dute», esan du Olanok. Diputatu nagusiak orobat balioetsi du Gipuzkoako industria aurreratuak «potentzia industriala eta jarduera ekonomikoa» dakartzala, eta kalitatezko lanpostuak sortzen dituela.
Bergarako familia-enpresa honek 20 milioi fakturatu zituen salmentetan iaz, eta, gaur egun, zabalkunde fase batean dago. Laster, planta bat zabalduko du Txinan, batetik, eta inbertsio handi bat egingo du Debagoienako instalazioetan (3.000 metro koadro), bere ekoizpen prozesuen gaitasun teknologikoan eta digitalizazioan aurrera egiteko. Lazpiurreko bisitan gaur, Markel Olanorekin batera Ander Aranburu konpainiaren zuzendaria eta Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko foru diputatua izan dira.
«Lazpiurrek eta antzeko ahalegin arrakastatsuek Gipuzkoako enpresa ereduaren balioa azaleratzen dute», esan du diputatu nagusiak. «Izan ere, Lazpiur baliatzen ari da oraingo egoera ekonomiko ona apustu berriak egiteko, bere produktuen izaera berritzailean sakontzeko eta nazioarteko merkatu gogorretan egonkortzeko». «Gipuzkoa industria lurralde bat da, eta jarraitu behar dugu lurralderako ezinbestekoa den sektore honi laguntzen, gaitasun handia baitu ehun ekonomiko guztia aurrera eramateko eta kalitatezko enpleguak sortzeko», nabarmendu du Olanok.
3018