Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Leintz Gatzagak Gatz Egunaren edizio berri bat hartuko du urriaren 17an

Leintz Gatzagak Gatz Egunaren edizio berri bat hartuko du urriaren 17an

Iaz pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren, Debagoienako herrian ekitaldi ugari antolatu dituzte bosgarren urtez

Gipuzkoako barnealdean, Debagoienako eskualdean, Leintz Gatzagan, gatz-industria udalerriaren sorrerarekin eta historiaren bidez izan duen garapen ekonomikoarekin lotzen da. Udalerritik 250 metrora, iturburu gazia dago, Dorletako santutegiaren ondoan. 'Debagoiena Gastronomika' programaren baitan, urtean zehar bertako produktuetan oinarritutako turismo gastronomikoko jarduerak antolatzen dira eta oraingoan gatza izango da, beste behin ‘Gatz Eguna'-ren ardatza. Hitzordu horrek bosgarren edizioa ospatuko du hilaren 17an, igandean, iaz pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren. Iker Goiria Turismo zuzendariak, Beñat Agirreurreta Leintz Gatzagako zinegotziak eta Aitor Larrañaga Gatz Museoko zuzendariak parte hartu dute gaur aurkezpenean.

Mota guztietako jarduerak biltzen ditu egitarau zabalak: gastronomikoak, ibilbide gidatuak, azoka ekologikoa, basoko bainuak... 10:00etan hasiko da, Leintz Gatzagako gatzaren kulturaren paisaia eta biodibertsitatea ezagutzeko ibilbide gidatu batekin. Era berean, 10:00etan, Leintz Gatzagako pagadian barneratzeko parada eskainiko du beste ibilbide gidatu batek. Era berean, bisitaria natura ikusgarrian bost zentzumenekin murgiltzeko, 'Basoko bainuak' izeneko ibilbidea antolatu da 11:00etan.

Ordu horretatik aurrera, frontoian, produktu ekologikoen azoka egingo da, Debagoienako eta inguruko herrietako 15 ekoizlek parte hartuko dutelarik. 'Ortutik Ahora’ elkarteak gastronomia tailerra antolatuko du azokako produktuak erabiliz, ondoren dastaketa herrikoia eginez. Gainera, plazan lixiba egiteko erakustaldi bat egingo da eta egurrezko jolas herrikoiak izango dira.

Jarduera ugariek gatzaren Museoan jarraituko dute xaboiak gatzarekin egiteko tailer batekin. Ospakizuna dela eta, museoak bisita gidatuen ordutegia luzatuko du, txanda hauekin: 11:00, 12:00 eta 13:00etan euskaraz, eta 11:30,12:30 eta 13:30ean gaztelaniaz. Urtean zehar, bisita horietan larunbat, igande eta jai-egunetan parte har daiteke, 12: 00etan euskaraz eta 13: 00etan gaztelaniaz. Taldeentzako bisita gidatuak ere antolatzen dira beste ordutegi batzuetan. Gainera, artisau erara egindako gatza erosi ahal izango da, aurten Eusko Label zigiluarekin datorrena.

Ibilbide gidatuetan, basoko bainuan eta xaboiak gatzarekin egiteko tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Izena emateko edo informazio gehiagorako, idatzi infoturismo@debagoiena.eus helbidera edo deitu 943 79 64 63 edo 943 71 89 11 zenbakietara. 'Gatz Eguna’ Leintz Gatzagako Udalak, Debagoieneko Mankomunitateko Turismo Sailak eta Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak antolatzen dute, Biolur eta Ahotik Orain Elkartearen laguntzarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren babesa ere badu.

Iker Goiria Turismo zuzendariak nabarmendu duenez, "garrantzitsua da turismo jarduera udatik haratago eta modu orekatuan bultzatzea lurralde osoan. Aspalditik ari gara elkarlanean eskualdeekin ildo horretan, eta pandemia atzean uzten ari garen honetan lankidetza hori indartuko dugu, urte osoan agenda erakargarri bat bultzatzeko eta jardueraren susperraldia bizkortzeko".

Gaineratu duenez, "hemen bizi garenon askorentzat oraindik ezezagunak diren altxorrak ditu, eta Leintz Gatzaga, bere ondare kultural, natural eta historikoarekin, horietako bat da. Pandemian zehar, askotan nabarmendu dugu tokiko eta hurbileko turismoaren garrantzia kanpaina desberdinen bidez, eta mezu horrek indarrean jarraitzen du: aukera paregabea dugu garai zailak bizi izan dituzten sektoreei laguntza emateko, hala nola ostalaritzari, merkataritzari, eragile turistikoei edo lehen sektoreko ekoizleei, gure inguruko altxorrak ezagutuz, gure baserritarren produktuak erosiz eta tokiko merkataritzan eta ostalaritzan kontsumituz. Gipuzkoa ezagutzea esperientzia bikaina da eta, gainera, lurraldeari onura egiten dio".

  

2167