Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Leteren artxiboak eskuratu ditu bere memoria zaintzeko eta zabaltzeko

Aldundiak Leteren artxiboak eskuratu ditu bere memoria zaintzeko eta zabaltzeko

“Euskal kulturaren ondare paregabea eta memoria bizirik mantentzeko aparteko iturria eskuratu dugu”

2016/06/13

Denis Itxaso Kultura Diputatuak Aldundiak duela gutxi eskuratu duen Xabier Leteren legatu literarioa babesteko eta zabaltzeko Aldundiak zer egingo duen azaldu du prentsaurrekoan. Bertan izan dira Lourdes Otaegui eta Anjel Lertxundi. Legatuak 3.000 liburu eta disko baino gehiago ditu,  80 karpeta eta 23 kuaderno, 500 inguru kartel eta foileto eta 400 gutun.

Itxasok funtsa honen garrantzia azpimarratu du “poeta unibertsal bati buruz ari garelako eta funts dokumentala bere osotasunean heldu zaigulako. Esku pribatuetan egonik, salmenten bidez sakabanatzeko edo kutxatan gordeta jarraitzeko arriskuak zituen eta eskuratze honekin  memoria eta iragan hurbila ezagutu ahal izateko iturri dokumental garrantzizko bat lortu dugu”.

Funtsaren lehenengo emaitza izenari  gehiketa bat egitea da: Xabier Leterekin batera Lourdes Iriondorena ezartzea derrigorrezko  iruditu zaio Aldundiari zenbait karpetetan Lourdesen presentzia nabarmena delako, zenbait karpetetan bere idatziak, ipuinak eta dosierrak daudelako.

Itxasok azpimarratu du indarrean dagoen Kudeaketa Plan Estrategikoak (2015 -2019)  arabera Kultura memoria ere bada, elkarbizitza eta pentsamendu kritikoa, ezinbesteko elementuak inolaz ere gizarte baten garapenerako eta “Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren legatuak horrekin zerikusi zuzena duela azpimarratzea besterik ez zaigu gelditzen: kultura eta balioak uztartzen jakin zuten bi pertsonen memoria baitugu aurrez aurre”.

Funts horrek, berebiziko interesa eta garrantzia du Aldundiarentzat, artista izan den diputatu bakarraren ekarpena ezohikoa eta esanguratsua izan daitekeelako erakunde honen historia eta garapena aztertzerakoan. Ez da ahazteko gauza, zuzendari eta diputatu honen garaian (1983-1987) kultura garatzeko politikak erabat aldatu zirela, ordura arte egon ez ziren kultur azpiegitura eta ekipamenduak sortuz (kultur-etxeak, antzokiak, Arteleku...), zirkuituak eta jaialdiak eraldatu zirela eta kultura erakundeak berrantolatu eta sendotu.

Horrekin batera, ukaezina da Gipuzkoako Lurralde osorako erabat interesgarria suertatzen dela artxibo hau: izan ere, 50. hamarkadatik hona, euskal kulturaren garapen nagusia Gipuzkoako lurraldean gauzatu da, alor desberdinetako sortzaileek etengabe garatu eta edukiz hornitu dute euskal kulturaren arloa; eta guzti horren gakoak ezagutarazteko, aberasteko eta dastatzeko, ezinbesteko iturria izango da Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren funtsa.

Balio literarioa ere handia da. Izan ere, Lete eta Iriondoren eskuizkribuetan gordetzen baitira inoiz argitaratu ez ziren poemak, pentsamenduak edo ipuinak. Baita denok ezagutzen ditugun kanta batzuen borradoreak, behin behinekoak, azken bertsioa osatu arte sortutakoak.

Artxibo horrek gizartearen ezagupenean sakontzeko bidea ematen digu:  azken garaietako mitoak, nahiak, kontraesanak, injustiziak eta asmo kolektiboak Xabier Letek era paregabean azaldu baitzituen, eta bertan arakatzeko aztarnak eskaini ere bai.

Katalogatze lana ohi baino sakonagoa izango da, eta horretarako, Xabierren lan poetikoari buruzko tesia prestatzen ari den Alex Gurrutxagari eman zaio eskuizkribuen edukien deskribapena egiteko ardura.   

Funts honetan edo antzeko beste batzuetan ikerketak sustatu eta bideratzeko, bi urtean behineko beka bat ezarriko du Kultura Departamentuak. Betiere unibertsitateen babes akademikoarenpean, XX. mendeko euskal idazleen edizio kritikoak garatzeko. Edizio kritikoak prestatzen diren heinean berauen argitalpenak kaleratuko dira. Argitalpenekin batera egilearen omenezko ekitaldi artistikoak antolatuko dira: kantaldiak, errezitaldiak, erakusketak…

Bestalde, Lete eta Iriondoren obraren ikerketak lehen pauso bat izan daiteke Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian lan lerro bat finkatzeko eta beste idazleen lanak behar bezala ikertzeko, sailkateko, babesteko eta zabaltzeko.

 

 

 

 

 

  

1389