Lezoko sexu erasoa gaitzetsi, eta Gipuzkoako gizarteari dei egin dio Foru Aldundiak “gaitz sozial honen aurka mobilizatu dadin”
Lezoko sexu erasoa gaitzetsi, eta Gipuzkoako gizarteari dei egin dio Foru Aldundiak “gaitz sozial honen aurka mobilizatu dadin”
Lezoko sexu erasoa gaitzetsi, eta Gipuzkoako gizarteari dei egin dio Foru Aldundiak “gaitz sozial honen aurka mobilizatu dadin”
“Pertsonen integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urraezinak dira”, gogorarazi du Imanol Lasa foru bozeramaileak
Foru Aldundiak irmoki gaitzetsi du herenegun, astelehenean, Lezon jazotako sexu erasoa, eta iragarri du parte hartuko duela erasoa salatzeko gaur 19:30ean Errenterian egingo den elkarretaratzean –bertakoa da biktima, eta ustezko erasotzailea atxilotu egin dute jada-. Imanol Lasa bozeramaileak eta Maite Peña Politika Sozialeko diputatuak ordezkatuko dute foru erakundea bertan.
“Gipuzkoako gizarte guztiari dei berezia egiten diogu, gaitz sozial hau arbuiatzeko antolatzen diren mobilizazio eta ekintzetan parte har dezan, eta eragile aktiboa bihur dadin Gipuzkoa Indarkeria Matxistarik Gabeko Lurralde bihurtzeko helburuan. Azken erasoen aurrean izandako erantzunak agerian uzten du sentsibilizazio eta inplikazio maila geroz eta handiagoa dela, eta barneratzen ari garela guztion erantzukizuna dela horrelako erasoak eta oldarraldiak saihestea modu aktiboan, baina oraindik asko dago egiteko”, azpimarratu du bozeramaileak.
Lasak elkartasuna adierazi dio Aldundiaren izenean Lezoko erasoaren biktimari, eta gogorarazi du festak eta ospakizunak ezin direla “erasoak justifikatzeko erabili, ezta sexu erasoak justifikatzeko ere. Pertsonen integritate fisikoa eta duintasuna eskubide urraezinak dira, baita gau giroaren testuinguruan ere, eta eskubide horien aurka doazen jarrerak bidegabeak eta onartezinak dira, ez dute lekurik gure gizartean. Gaur egun, oraindik ere, ozen asko jarraitzen dugu esaten, ‘Ez’ da ‘ez’, edozein egoeretan gainera”.
Errepikatu du “tolerantzia izpirik” ez dela eduki behar indarkeria matxistaren aurrean: “Aurrerapauso tinkoak eman behar ditugu gure gizartea justizia sozialean hazteko. Ezin dugu onartu emakumeek eraso bat sufritzeko arrisku handiagoa pairatzen jarraitu behar izatea”. Egoera honi aurre egiteko, Aldundia Indarkeria Sexistari aurre egiteko Foru Plan berria prestatzen ari da, “udazken honetan aurkeztuko duguna. Honekin, jauzi kualitatiboa ematea espero dugu emakumeek gure Lurraldean pairatzen duten indarkeriari aurre egiteko politiketan”.
1876