LIFE LEMA proiektuaren markoan, erretentzio hesi bat instalatu da Deba ibaian flotatzen dabilen zaborra jasotzeko
LIFE LEMA proiektuaren markoan, erretentzio hesi bat instalatu da Deba ibaian flotatzen dabilen zaborra jasotzeko
LIFE LEMA proiektuaren markoan, erretentzio hesi bat instalatu da Deba ibaian flotatzen dabilen zaborra jasotzeko
Jarduera honi esker, Deba ibaian barrena itsasora iristen den itsas zabor flotagarria geldiarazi, zenbatu eta aztertuko da.
Jarduera honi esker, Deba ibaian barrena itsasora iristen den itsas zabor flotagarria geldiarazi, zenbatu eta aztertuko da.
José Ignacio Asensio: «Gure departamentuak arazo antzemanda dauka. Izan ere, denboraren poderioz, gero eta arazo handiagoa da. Horregatik, erabaki dugu Gipuzkoako lurraldeari tresna egokiak ematea inpaktu hori murrizteko eta zuzentzeko, eta tokiko agintariei jarraibideak eta tresnak eskaini dizkiegu itsas zabor flotagarria eraginkorki kudeatzeko»,
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak ekintza berri bat aurkeztu du LIFE LEMA proiektuaren barruan. Proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumeneko Departamentuak gidatzen du Biarritzeko Udalarekin, AZTI eta Rivages Pro Tech-Suez ikerketa zentroekin, Syndicat Mixte Kosta Garbia organismo publikoarekin eta Surfrider Foundation Europe GKEarekin batera.
Gaur eguerdian, hesi bat jarri da Deba ibaia itsasoratzen den gunean, haren bidez flotatzen dagoen itsas zaborra biltzeko. Hesia itsasontzi txiki batekin jarri da, itsasgora eta ibaiaren emaria aprobetxatuz. Jarduera honek helburu du Deba itsasadarrean dagoen itsas zaborraren tipologia eta kantitatea aztertzea, Ondarbeltz hondartzako garbiketa zerbitzuek biltzen dituzten hondakin kopurua eta tipologia direla eta. «Gure departamentuak arazoa antzemanda dauka. Izan ere, denboraren poderioz, gero eta handiagoa da. Horregatik, erabaki dugu Gipuzkoako lurraldeari tresna egokiak ematea inpaktu hori murrizteko eta zuzentzeko, eta tokiko agintariei jarraibideak eta tresnak eskaini dizkiegu itsas zabor flotagarria eraginkorki kudeatzeko», esan du Asensiok.
Hesi hori lau hilabetez egongo da bertan. Aldi horretan, astero berrikusiko da, eta hondakinak kenduko dira. Orobat, mantentze lanak egingo dira, egoera egokia ziurtatzeko. Hesia Deba ibaiaren eskuinaldean kokatuko da, GI-638 errepideko zubiaren azpiko aldean. Elementu hauek osatzen dute: 40 metroko luzera eta 0,6 metroko sakonera duen sarea, flotagarritasuna bermatzeko buia eta seinalizaioa, eta egonkor egon dadin bermatzeko amarradurak eta ainguratzeak. Instalazioa egiterakoan, hesiari "u" erdiaren itxura emango zaio eta zaku-hondo bat osatuko du zaborra bertan pilatzeko. Banaketa horrek ziurtatuko du hesiak ez hartzea ibaiaren zabaleraren erdia baino gehiago, ontziak igaro ahal izateko.
Ingurumenaren Europako Agentziaren iritziz, urtero 10 milioi tona itsas zabor dabil munduko itsaso eta ozeanoetan barrena. Zabor horren % 80, gutxi gorabehera, lehorrean sortua da, eta gehienbat plastikoak dira, hala nola edari botilak eta behin erabiltzeko poltsak. Nabarmendu behar da plastikozko botila batek 500 urte behar dituela deskonposatzeko, eta plastikozko poltsa batek 55 urte.
Itsasora etengabe iristen ari diren hondakinek 5 zabor uharte handi sortu dituzte ozeanoetan, gehienbat mikroplastikoz osatuak. Bi uharte aurkitu dira Ozeano Barean, bi Ozeano Atlantikoan eta bat Indiako Ozeanoan.
Alabaina, ur azalean dagoen zaborra eta itsasoan ikus daitekeena itsasoko zabor guztiaren % 15 baino ez da. Beste % 15a ur-zutabean dago eta gainerako % 70a itsas-ondoan aurkitzen da. Ikusten duguna izozmendiaren muturra besterik ez da.
Bizkaiako Golkoa ez da salbuespena itsasoko zaborraren arazoaz ari garenean. Horren jakitun, eta itsasoko zaborraren aurkako borrokan aurrera egiteko helburuarekin, 2016ko irailean LIFE LEMA proiektua jarri zen abian.
Proiektuaren helburua da tokiko agintariei itsasoko zaborra eraginkortasunez kudeatzeko jarraibide eta tresnak ematea, eta zabor horri aurre hartzea Bizkaiko Golkoko hego-ekialdeko uretan (Gipuzkoa – Pirinio Atlantikoak). Tresna hori zehazteko eta zaborraren jatorria, tipologia eta egungo banaketa ezagutu ahal izateko, zenbait jarduera gauzatzen ari dira, besteak beste honako hauek:
- Mota desberdineko itsasontzi flota txiki bat erabiltzea, Gipuzkoako eta Pirinio Atlantikoetako kostaldean zehar ur gainean dagoen zaborraren laginketa eta bilketa egiteko.
- Infragorrizko bideo kamerak jartzea Oria eta Aturri (Pirinio Atlantikoak) ibaietako estuarioetan, ur gaineko zaborra urrunetik identifikatzeko.
- Dronen bidez hegaldiak egitea, itsas azalean dagoen zaborra urrunetik identifikatzeko.
- Kostaldeko hondartza eta kaletan egindako garbiketari eta bildutako hondakinen laginketari buruzko datu historikoak biltzea eta aztertzea.
1550