Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Donostiara iritsi dira Klima Aldaketaren aurkako borrokan moda iraunkorrak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko tailerrak

Donostiara iritsi dira Klima Aldaketaren aurkako borrokan moda iraunkorrak duen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko tailerrak

Klima Aldaketaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna urriaren 24an ospatuko da, astelehenean. Hori dela eta, moda jasangarriaren ‹GK Green Fashion› Gipuzkoako klusterrak Good Clothes, Fair Pay kanpainarekin bat egin du.

2022/10/21
Good Clothes

Mónica Pedreira: «Gure lana da herritarrei beharrezko tresnak eta ezagutza ematea, Klima Aldaketaren aurkako borrokan moda jasangarriak duen garrantzia helarazteko eta, horrekin batera, Gipuzkoako ehungintza-industria gure eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzeko eta gizarte-desberdintasunari aurre egiteko».

Klima Aldaketaren aurkako borrokaren nazioarteko eguna urriaren 24an ospatuko da, astelehenean. Hori dela eta, moda jasangarriaren ‹GK Green Fashion› Gipuzkoako klusterrak Good Clothes, Fair Pay kanpainarekin bat egin du. Ekimen hori Donostiara iritsiko da Fashion Revolution Euskadiren eskutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan. Kanpaina honen helburua da soldata duinei buruzko legedia eskatzea jantzigintzaren, ehungintzaren eta oinetakoen sektore osorako.

Horretarako, karpa bat jarri da Donostiako Boulevardeko Ugartemendia plazan, eta hainbat jarduera egingo dira bertan, hala nola erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak. Ekimenaren aurkezpenean, Mónica Pedreira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria eta Airí Ferrer Euskadiko Fashion Revolutioneko koordinatzailea egon dira.

Horren inguruan, Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak adierazi duenez, «gure lana da herritarrei beharrezko tresnak eta ezagutza ematea, Klima Aldaketaren aurkako borrokan moda jasangarriak duen garrantzia helarazteko, eta, horrekin batera, Gipuzkoako ehungintza-industria gure eskualdeko ekonomiaren motor bihurtzeko eta gizarte-desberdintasunari aurre egiteko».

Karpa Boulevardean egongo da urriaren 21etik 25era, 10:30etik 20:00etara, lelo honekin: Zer egin dezake modaren industriak klima-aldaketaren aurka? Bertan, modaren industriak bere etapa guztietan kliman nola eragiten duen jakin ahal izango dute bisitariek, erakusketa parte-hartzaile eta interaktibo baten bidez. Aldi berean, gure planetan uzten dugun inpaktua hobetzen laguntzeko ideiak, aholkuak eta konponbideak aurkitu ahal izango dituzte. Hori guztia jolasen, galderen eta bisitariaren beraren parte-hartzearen bidez, hausnartu eta industria horrekiko harreman berri bat birplanteatzeko.

Kanpaina honek helburu hirukoitza du: alde batetik, gizarte-desberdintasunari aurre egitea, langile guztientzat soldata duin bat izateko giza eskubidea berma dadin lortzea; bestetik, herritarrak kontzientziatzea, arreta berezia eskainiz haurrei, moda mota baten edo beste baten alde egiteak gure gizartearen garapen sozial, ekonomiko eta ingurumenekoan duen eraginaz; eta, azkenik, fast fashion eredua slow fashion bihurtzea, horretarako ezinbestekoa delarik kontsumitzailearen ohiturak aldatzea.

Kontsumo azkarreko modak eragiten ditu CO2 isurketen % 8 eta uraren kutsaduraren % 20, eta ehunak egiteko 150 milioi zuhaitz baino gehiago mozten dira. Gainera, balio-kate konplexua du, gutxieneko soldatak errespetatzen ez diren herrialdeetan produzitzen baita. Gutxieneko soldata horiek ez dira nahikoak oinarrizko beharrei erantzuteko. Adibidez, Indonesian, hileko gutxieneko soldata 90 euro ingurukoa da.

Haurrei eta helduei zuzendutako tailerrak

Tailerrak karpan egingo dira eta doakoak izango dira. Plazak mugatuak dira eta aurrez izena eman behar da.

Ostirala 21, 18:00etan

5 eta 9 urte arteko haurrentzako tailerra, Clara Virgiliren eskutik. Horma-planeta bat eraikiko da taldean oihalkiekin, ehunak birziklatzearen garrantzia nabarmentzeko.

Larunbata 22, 12:00etan

5 eta 9 urte arteko haurrentzako tailerra, Eduardo Loretoren eskutik. Ehungailu txiki batekin ehuntzen ikasteko.

Igandea 23, 12 00etan

5 eta 9 urte arteko haurrentzako tailerra, Fashion Revolution-en eskutik. Poltsa bat egitea kamiseta zahar batekin, korapiloak bakarrik baliatuta.

Astelehena 24, 18:00etan

Helduentzako tailerra, Fashion Revolution-en eskutik. Industriaren arazoak eta konponbideak aztertuko ditugu, gobernuen, enpresen, erabiltzaileen eta erakundeen ikuspegitik.

  

3587