Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak saritu ditu gaur Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak

Lurraldearen etorkizuna hobetzeko ideiak saritu ditu gaur Altuning Pro Gipuzkoa ekimenak

4 ikasleren proiektuak saritu ditu aurten epaimahaiak, horien originaltasuna eta izaera berritzailea azpimarratuz

2016/12/26

Altuning Pro Gipuzkoa egitasmoko sariak banatu dira gaur Aldundian, tronu aretoan egindako ekitaldian. M.I. de Altuna Fundazioak antolatzen du egitasmoa, Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin elkarlanean. Unibertsitariak izan eta nazioarteko programa arautuetan parte hartzen ari diren ikasle guztiei dago zuzendua; Gipuzkoaren etorkizuna hobetzeko beren ekarpenak egiteko aukera eskaintzen die, atzerriko egonaldian zehar ezagututako baliozko esperientzia eta ideietan oinarrituta. Gure lurraldearen suspertze eta bultzada ekonomikorako, eta Gipuzkoa ekonomikoki lehiakorra eta gizarte arloan justua den lurralde gisa posizionatzeko, nazioarteko esperientzietatik ikastea da helburua.

Parte hartzeko baldintza da Gipuzkoako unibertsitaria izatea, eta Erasmus edo unibertsitate-trukeko nazioarteko programa arauturen bateko partaide izatea. Izena eman duten ikasleek, lehenik, Gipuzkoa hobetzeko galdeketa orokor bat erantzun dute. Ondoren, Gipuzkoa hobetzeko nahi beste gogoeta eta proposamen landu eta aurkezten dituzte. Aurten, 48 ikaslek hartu dute parte sariketan. Horietatik 15 iritsi dira finalera eta, azkenik, epaimahaiak 4 proiektu saritzea erabaki du, partaideen “maila altua” azpimarratuz.

Hauek dira aurtengo sarituak:

- Carlos Aizpurua Azconobieta. Lasarte, Tecnun. Teknologia Industrialen ingeniaritza. Atzerriko egonaldia AEBn, MIT-en. Gipuzkoa Teach proiektua: plataforma kolaboratiboa unibertsitateko eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean, azken hauek orientatzeko, Harvard Unibertsitateko ereduan oinarrituta.

- Ander Galisteo Zabalo. Donostia, Tecnun. Telekomunikazio Sistemetan Ingeniaritza eta masterra. Atzerriko egonaldia AEBn, University of Houston-en. Machine Learning proiektua: diagnostiko medikoaren automatizazioa.

- Joseba Iztueta Eizmendi. Zarautz, EHU-UPV. Arkitekturako gradua. Atzerriko egonaldia Austrian, Kunstuniversität Linz-en. Gipuzkoarentzat eraikuntza jasagarriko eredua finkatzeko proiektua. 

- Ainhoa Ormaetxea Martinez. Donostia, Tecnun. Teknologia Industrialen ingeniaritza. Ingeniaritza Industrialean masterra. Atzerriko egonaldia Australian, Griffith University-n. Inbio proiektua: inplanteetarako biomaterialak ikertzeko talentu gipuzkoarrak elkartzea.

Epaimahaiaren esanetan, lanen originaltasuna, izaera berritzailea, proiektuen lanketa maila eta gauzatzeko bideragarritasuna saritu dira. Irabazle bakoitzak 2.000 euroko saria jasoko du.

  

1847