Lurraldebusek %80raino berreskuratu du eskaria
Lurraldebusek %80raino berreskuratu du eskaria
Mugikortasun-murrizketen ondorioz bidaia kopuruak behera egin du 2020ko ekitaldian, nahiz eta urtarriletik otsailera bitartean bidaia kopurua igo zen, 2019ko aldi berean baino 88.375 bidaia gehiago egin baitziren.
Rafaela Romero: “2020an ikasi dugu mugikortasuna A puntutik B puntura joatea baino gehiago dela, eta agerian geratu da mugikortasuna funtsezkoa dela zaintzak berma daitezen edo hornidurak zuzkitzeko gaitasuna ziurta dadin. Eskaria alde batera utzita, garraio publikoa funtsezko zerbitzua da bizitzarako, eta ezinbestekoa izango da pertsona guztiek, haien baldintza sozioekonomikoak edozein direla ere, garraio publikoa eskura dutela bermatzea”.
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua, gaur goizean, 2020ko ekitaldiko Lurraldebusen txostena aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Agerraldi horretan, Lurraldebusek pandemiaren urtean egindako zerbitzuari herritarrek emandako balorazioa nabarmendu du. “Pandemiak ekarri zizkigun zailtasunak gorabehera, uneoro bermatu dugu Gipuzkoako garraio publikoaren funtzionamendua, eta inor atzean ez geratzeko ahalegin horri batez beste 7,4ko puntuazioa eman diote herritarrek, eta puntuazio horri balio handia ematen diogu”.
Aurkeztutako datuen arabera, 2020an 15.464.910 bidaia egin ziren Lurraldebusen, aurreko ekitaldian baino % 28,95 gutxiago. Dena dela, nabarmentzekoa da urteko lehen bi hiletan egindako bidaien kopurua % 2,8 igo zela. Izan ere, urtarrilean eta otsailean guztira 4.141.120 bidaia erregistratu ziren, 2019an baino 88.375 bidaia gehiago.
Goranzko joerarekin jarraitu du. Hala, 2021ean, martxoaren 18an erregistratu ziren bidaiari gehien: 65.273. Une honetan, laneguneko batez besteko bidaien % 80 inguru berreskuratu dira. "Zifra horiek erakusten dute herritarrek balioesten duten zerbitzua daukagula, notaz harago jartzen gaituena; ez gaitu inoiz uzten"
“2020an ikasi dugu mugikortasuna A puntutik B puntura joatea baino gehiago dela, eta agerian geratu da mugikortasuna ere funtsezkoa dela zaintzak berma daitezen edo hornidurak zuzkitzeko gaitasuna ziurta dadin. Eskaria alde batera utzita, garraio publikoa funtsezko zerbitzua da bizitzarako, eta ezinbestekoa izango da pertsona guztiek, haien baldintza sozioekonomikoak edozein direla ere, garraio publikoa eskura dutela bermatzea” eman du aditzera Romerok.
ZERBITZUAREN BALORAZIOA
Lurraldebuseko zerbitzuek 2020an izan duten erabileraren kopuruak islatzen ditu txostenak. Era berean, herritarrek zerbitzuaren 5 alderdi nola baloratu dituzten jasotzen du: autobusen garbitasuna (7,7 puntu); eskainitako ordutegiak (7,5 puntu); segurtasuna (7,3 puntu); Donostia ospitalerako asteburuko zerbitzu berriak (7,6puntu); eta pandemiaren aldian Lurraldebusek eskainitako zerbitzuaren balorazio orokorra (7,4 puntu).
Datuak eskualdeen arabera aztertuta, ikus daiteke Goierriko (8,5 puntu) eta Debabarreneko (8.1 puntu) erabiltzaileek baloratzen dituztela, oro har, ondoen Lurraldebuseko zerbitzuak.
Nabarmentzekoa da ospitaleetarako asteburuko zerbitzu berriek izan duten harrera ona. Inkesta erantzun dutenen % 74 nahiko gustura daude, eta % 19 oso gustura. Tolosaldean (9 puntu) eta Buruntzaldean (8.1 puntu) bildu dira baloraziorik handienak. Era berean, adierazi behar da emakumeek eta 24 urtetik gorako erabiltzaileek egiten dutela zerbitzu berri horren baloraziorik handiena.
Lurraldebuseko Arreta Zerbitzuari dagokionez, 2020an 92.365 telefono-dei jaso ziren, hau da, 2019an baino % 10 gehiago. COVID-19ak eta osasun-alertak kontsulten kopurua gehitzea eragin dute, eta 38.200 dei baino gehiago jaso ziren martxotik ekainera bitartean.
Bestalde, 2020an guztira 1.615 erreklamazio erregistratu ziren, hau da, 2019an baino % 0,44 gutxiago —urte horretan 1.983 kexa jaso ziren—.
Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak aditzera eman duenez, Lurraldebusen zerbitzuak jasotako balorazioak “berresten du Foru Aldundiak eta Mugikortasun Departamentuak Lurraldebusen zerbitzua modernizatzen eta hobetzen jarraitzeko hartutako konpromisoa. Datu horiek gure helburua berresten dute: herritar guztiek erabil dezaketen zerbitzu publiko inklusiboa eta irisgarria bultzatzea”.
Amaitzeko, Romerok herritarren eta langileen portaera goraipatu du. “Alde guztiek, profesionalek eta erabiltzaileek, jakin izan dute seriotasunez, konpromisoz eta irmotasunez erantzuten, guztiontzat oso zaila den egoera baten aurrean. Alde guztien portaera eredugarria aitortu behar da”.
1616