Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lurraldebusek igandera arte zabalduko ditu Donostiako Ospitaleetarako zerbitzuak

Lurraldebusek igandera arte zabalduko ditu Donostiako Ospitaleetarako zerbitzuak

Ildo horretan, igandeetan eta jaiegunetan lehen aldiz jarriko dira zerbitzuak Pasaialdeko lineetan.

2017/11/27

Horrela, beraz, datorren abenduaren 3tik aurrera, Donostiako ospitaleen eremurako autobusak jarriko dira igande eta jaiegun guztietan E03 linean (Pasai Donibane-Lezo-Errenteria-Donostia) eta E07 linean (Pasai San Pedro-Pasai Antxo-Donostia).

Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendia sozialistak adierazi duenez, “Lurraldebusen garraio publikoko zerbitzuan hobekuntza berria izateaz gain, mugikortasun kolektiboa errazteko, premia errealei erantzuteko eta lurraldeko herritarrei zerbitzu egokia emateko berretsi nahi dugun apustua da. Bagenekien ospitaleetarako zerbitzua, beste linea batzuetan bezala, igande eta jaiegunetara zabaldu behar zela, Donostiako ospitale-eremuko ospitaleetan dauden senideak zaintzera edo bisitatzera joaten diren pertsonen premiei erantzuteko batez ere. Gure ustez, zerbitzuaren hobekuntza garrantzitsua da, Pasaialdeko erabiltzaileek aspalditik eskatutakoa.

E03 linea, zehazki, 08:05ean jarriko da abian Pasai Donibanen, eta bi ordutik behin egongo dira autobusak, 20:05era arte. Poliklinikatik, zerbitzuak 09:35ean hasiko dira, eta autobusak bi ordutik behin egongo dira, 21:35era arte.

E07 linearen kasuan, berriz, lehen zerbitzua igandeko 09:05ean hasiko da, eta bi ordutik behin egongo dira autobusak, 21:05era arte. Poliklinikatik, San Pedrora joango den lehen zerbitzua 08:35ean hasiko da, eta azkena, berriz, 20:35ean, bi ordutik behingo maiztasunarekin.

Marisol Garmendiak adierazi duenez, “2017ko lehen seihilekoan, 165.400 pertsona ibili dira bi linea horietan, hau da, joan den urteko aldi berean baino 10.000 erabiltzaile gehiago. Hemendik aurrera, datorren igandean hasiko diren zerbitzu berriekin, hazten jarraitzea eta autobusa Gipuzkoako lurralde osoan mugikortasun jasangarria bermatzen duen garraiobide gisa balidatzea espero dugu.

Orain arte, Oarsoaldetik ospitaleetarako lineak astelehenetik larunbatera bitarte ibiltzen ziren; linea guztietan ohikoa denez, erabiltzaileen kopuruak behera egiten du larunbatetan (% 37).

 

Lurraldebusek Donostiako ospitale-eremura eskaintzen dituen zerbitzuak igande eta jaiegunetara zabaltzearen bidez, Oarsoaldeak bat egingo du dagoeneko bertako eskualde-ospitaleetarako zerbitzu horiek badituzten Gipuzkoako gainerako eskualdeekin (hala nola Debabarrenarekin –Mendaroko ospitalera–, Debagoiena eta Goierrirekin –Zumarragako ospitalera– eta Urola Kostarekin –Donostiako ospitaleetara–). Geratzen den bakarra Buruntzaldea da, eta emakida berria falta da abian jartzeko.

 

  

2010