Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Lurraldeko hamar bat nekazaritzako elikagaien enpresek “0. Txosteneko” adierazle nagusiak aztertu dituzte

Lurraldeko hamar bat nekazaritzako elikagaien enpresek “0. Txosteneko” adierazle nagusiak aztertu dituzte

Topaketa honen helburua da klima-aldaketaren inpaktuen aurrean sektoreak duen erresilientzia hobetzea.

2020/11/11

Ingurumen Zuzendaritzak eta Naturkimak  lan-jardunaldi bat egin dute nekazaritzako elikagaien 10 bat  enpresekin batera, sektoreari dagokionez eragin eta zaurgarritasun Txostenaren ondorioak aztertzeko.

José Ignacio Asensio: “biodibertsitatearen galera berreskuratzea da planeta lehengoratzeko eta osasuntsu mantentzeko modu bakarra. Naturarekin dugun harremana berrasmatzeko eta ingurumena gure erabaki-hartzearen erdian jartzeko garaia da”

Ingurumeneko diputatu eta Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioko lehendakari José Ignacio Asensio, Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirarekin eta Naturklimako zuzendari David Zabalarekin batera, gaur goizean Gipuzkoako nekazaritzako-elikagaien sektorearekin lehen lan-jardunaldia egin du, Gipuzkoako Klima-aldaketak Gipuzkoan duen Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko Txostenaren emaitzak aurkezteko.

“Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko Txostenak” klima-aldaketak Gipuzkoako ingurune naturalean eta lurraldeko 10 sektore sozioekonomikotan dituen eraginak aztertzen ditu. Haren helburua da etorkizunean egokitze-neurriak hartzea eta, hartara, lurraldearen zaurgarritasuna murriztea. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez, “Informazioa izatea funtsezkoa da Gipuzkoak aurrea hartu ahal izateko eta zaurgarritasuna murriztuko duten politikak aplikatzeko, klima-aldaketara egokitzeko gaitasuna areagotuz. Politika klimatikoen kudeaketa egokiak baldintzatuko du, neurri handi batean, Gipuzkoaren etorkizun ekonomikoa”.

Nekazaritzako elikagaien sektoreko hamar bat enpresa bildu dira gaurko jardunaldian, eta klima-aldaketaren eta nekazaritzako elikagaien sektorearen arteko harremana neurtzen duten adierazle eta alderdi nagusiak aztertu dira. Sektore hau baliabide naturalen zuzeneko edo zeharkako aprobetxamenduan oinarritzen da, batez ere baliabide biologikoetan, atmosferak zehazten dituen ondorioen mende. Horregatik, klima-aldaketaren ondorioz atmosferak epe luzera izango duen bilakaerak ondorio oso garrantzitsuak izango ditu jarduera horretan.

Gipuzkoan, goranzko joera nabari da nekazaritzako produkzio orokorraren balio ekonomikoan 2009az geroztik, krisi ekonomikoaren ondorengo errekuperazioarekin batera, eta krisiaren aurreko balioak ere gainditzen dira. 2018an, nekazaritzaren, abeltzaintzaren, basogintzaren eta beste sektore batzuen balorazio ekonomikoa 132,19 milioi eurokoa zen. Oro har, abeltzaintza da bere balio ekonomikoari ekarpen nagusia egiten diona, ondoren nekazaritza eta basogintza. Zehazki, 2018an, nekazaritzako azken ekoizpenaren balioaren %49,5 abeltzaintzako produkziotik zetorren, nekazaritzako ekoizpenaren %30,6 eta basogintzako ekoizpenaren %15,9.

Klima-aldaketak, zehazki, abeltzaintza-sektorean izango dituen eraginei dagokienez, honako hauek izan daitezke: gehieneko tenperaturen igoerak eragindako estres termikoaren ondoriozko abereen ondoeza, animalien hilkortasuna, abere-ekoizpena murriztea eta lehorteek eragindako larreen eskuragarritasuna murriztea,  dieten desdoitzea, ganadua hidratazio-egoera egokian mantentzeko ekoizpen-kostuak handitzea, izurriteen ereduak aldatzea, etab.

Nekazaritza-sektoreari dagokionez, inpaktu nagusiak hauek izango dira: laboreen eta produktibitatearen aldaketak, uraren eskuragarritasuna murriztea, biodibertsitatea galtzea, landaredia aldatzea, lehorteak gehitzea eta izurriteak gehitzea, landu daitezkeen eremuetan aldaketak egitea, etab.

Orain, inoiz baino gehiago, pandemiaren ondorioek are gehiago nabarmendu dute klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko beharra. Asensio Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez, “funtsezkoa da sektore guztien ekonomia suspertzeko planak ekologiaren ikuspegitik egitea. Ekonomia iraunkor eta klimaren aldetik neutro baterantz egin behar dugu aurrera, eta ekonomia eta industria suspertu, aldi berean krisi klimatikoari aurre egingo dion ikuspegiarekin, Itun Berdearen EUROPAK bultzatutako irizpideekin bat etorriz”.

Era berean, Asensiok azpimarratu du egungo osasun- eta ekonomia-krisiaren indarberritzea Gipuzkoaren gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-eraldaketa bihurtu behar dela, eta gure lurraldea enplegua eta aberastasuna sortuko dituen ekonomia berdeko eredu batekin kokatu behar dela, aldi berean klima-aldaketaren aurkako borrokan irautea ahalbidetuko duen eredu batekin: “biodibertsitatearen galera itzultzea da planeta lehengoratzeko eta osasuntsu mantentzeko modu bakarra. Naturarekin dugun harremana berrasmatzeko eta natura gure erabaki-hartzearen erdian jartzeko garaia da”.

  

1938