Martxan da Etorkizuna Eraikiz Gunea, Estatuko lehenengo Politika publikoen laborategia
Martxan da Etorkizuna Eraikiz Gunea, Estatuko lehenengo Politika publikoen laborategia
Espazio berria foru Jauregiaren beheko solairuan dago, Etorkizuna Eraikizen topaleku izango da eta herritarren parte hartzera irekita dago
Gaur ireki ditu ateak Etorkizuna Eraikiz Guneak, Estatuan administrazio publiko batek martxan jartzen duen lehen politika publikoen laborategiak. Hub-a Gipuzkoako Foru Aldundiko beheko solairuan dago, 200 metro karratuko lokalean, eta herritarrentzako irekita dago. “Erabiltzaileek eta ideia eta proiektuen bultzatzaileen arteko erlazioa bultzatzeko esperimentazio gune bezala jaio da Gunea, sektore ezberdinen artean loturak sortuz eta beraien arteko sinergiak sustatuz. Azken finean, Etorkizuna Eraikizeko plaza publikoa da”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok.
Hedabideekin egindako gosari informatibo batetan hartu du parte foru arduradunak, eta bertan egin ditu adierazpen hauek. Ekitaldi berean egon dira Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatua, eta Alfonso Unceta, Sinnergiakeko arduraduna eta zentroaren garatzaileetako bat. Funtsa Gunea aurkeztu eta gizarteratzea izan da. Espazioa Aldundiaren beheko solairuan dago, kale mailan, Gipuzkoako Plaza eta Peñaflorida kaleen artean.
Diputatu nagusiak gogoratu duenez, gobernantza ireki eta lankidetzazkoa du zutabe Etorkizuna Eraikiz programak. “Hau da, aliantzak ehundu erakunde, gizarte zibil, elkarte, enpresa, herritar eta abarren artean. Helburua, denon artean gure lurraldearen etorkizuna eraikitzea da”, esan du. Horrela, azaldu du Etorkizuna Eraikiz Gunea funtsezkoa izango dela “adostasun eremu berrien sortzaile” gisa izango duen papera dela eta, proiektuan parte hartzen ari diren eragile guztien topagunea izango baita. “Herritarrei zabalik dagoen erreminta da, proiektuaren parte hartzaileen artean sinergiak sortzea bilatzen duena eta eragile berriak erakarri nahi dituena”, azaldu du.
Aldi berean, esperimentazio aktiboa Etorkizuna Eraikiz proiektuaren beste ezaugarri nagusietakoa dela gogoratu du diputatu nagusiak. Puntu honi dagokionean, Gunearen xedea ere izango da “esperimentaziorako esparru bilakatzea, interesa duten pertsona eta eragile guztientzako ateak irekita dituena”. Espazio berriak “ideiak partekatzeko atmosfera eta lan eremu hauen erabiltzaileak aberasteko” klima izango du jomuga. Beraz, gehiago da “ideien espazio bat espazio fisiko bat baino”. Erreferente bezala Europako hainbat hiritan martxan dauden hub ezberdinak izan ditu, hala nola, Londres, Amsterdam, Berlin edo Copenhage.
Etorkizuna Eraikiz Guneak hiru espazio ezberdin ditu, hiruak ere irekiak, bisitagarriak eta kaletik ikus daitezkeenak. Alde batetik, bilera gela bat dago, Gipuzkoako Foru Aldundiko zein Etorkizuna Eraikiz proiektuko pertsonal tekniko eta politikoarentzat erabilgarri dagoena. Bigarren eremuaren helburua bisitariei Etorkizuna Eraikiz zer den azaltzea da. 85 metro karratu ditu, eta esposizio panelak, video-walla, proiektu ezberdinak azaltzen dituzten eskuorri ezberdinak dituen murala eta tabletak eta eserlekuak dituen mahai zentrala ditu, azken hau informazio bilaketa aurreratuagoak egiteko.
Hirugarren gela erabilera anitzeko eremua da. Video-wall bat du, eta era ezberdinetako jarduerak aurreikusten dira: aurkezpenak, elkarrizketak, proiekzioak, mintegiak, erakusketak… 60 pertsona sartu daitezke espazio honetan, baina badago aukera 100 pertsona ere sartzeko, bigarren eremuarekin lotzen bada. Etorkizuna Eraikiz Gunea publiko orokorrarentzako irekita egongo da helburua baita, diputatu nagusiaren esanetan, “herritarrak bertara sartu eta ezagutzea Etorkizuna Eraikiz proiektua zer den eta zer egiten ari garen, bai Aldundian zein parte hartzen ari diren eragile ezberdinak”.
“Bizirik” dagoen proiektua
Etorkizna Eraikiz Guneak agenda nabarmena du jada, 40 ekitaldi inguru programatuta baititu hemendik urte amaierara: mintegiak, topaketak, konferentziak… Horrela, esaterako, Etorkizuna Eraikizeko herritarren proposamenetatik irten diren proiektuetako bultzatzaileek egiten ari diren lana plazaratuko dute, arratsaldez eta herritarrei irekita egongo diren ekitaldietan. Gainera, Aldundiak bultzatutako baina Etorkizuna Eraikizen testuinguruan kokatzen diren ekitaldiak egingo dira, eta baita herritarren arteko topaketak ere, lurraldearen etorkizunerako garrantzitsuak diren gaien inguruan.
Foru bozeramaile den Imanola Lasak Etorkizuna Eraikiz Foroan jarri du azpimarra, urtean lau aldiz egingo den ekitaldia. “Hausnarketarako eremua izango da, kualifikazio altuko pertsonek etorkizuneko ikuspegia dakarten hitzaldiak eskainiko baitituzte foro honetan”, esan du. Gaiak, betiere, biharko Gipuzkoa eraikitzeko interesa dutenak izango dira. Publiko espezializatuago bati zuzendutako ekitaldiak dira, landutako gaiaren inguruan interesatuta edota ekarpenak egiteko prest daudenei zuzendua. Etorkizuneko mintegiak bezala ezagutuko diren mintegiak ere egingo dira Gunean. Hauetan, herritarrei aurreratutako teknologia eta erreminta berriak gerturatuko zaizkie, esaterako, errealitate birtuala edota ikus-entzunezko edukien modalitate berriak.
“Batez ere, nabarmendu nahiko nuke bai programazioa zein espazioa bera bizirik dagoen proiektu baten parte direla, herritar zein gizarte eragileek egin ditzaketen edozein ekarpenetara irekita”, nabarmendu du Imanol Lasa Aldundiko bozeramailek. Horrela, nabarmendu du hub-ak balioko duela baita ere herritarren eta Etorkizun Eraikizeko parte hartzaileen ‘feedback’-a jasotzeko, dituzten kezka eta iritzien eta Gipuzkoako etorkizunari eragiten dioten gaien inguruan. “Gure lurraldearen etorkizunaren eraikuntza da esku artean duguna, eta ahalegin honetan ahalik eta herritar gehien inplikatzea dugu jomuga. Azken finean, denoi eragiten digun erronka baten aurrean baikaude”, nabarmendu du Lasak.
2314