Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour Aldundiak Gipuzkoarako kultura eredu berriaren inplantazio maila balioesten du

Aldundiak Gipuzkoarako kultura eredu berriaren inplantazio maila balioesten du

Zine eskola, Koldo Mitxelena berria, K Bulegoa, eta Artearen eta Kulturaren Kontseilua dira Gipuzkoako kultura kudeaketaren eredu berriaren oinarrizko ardatzak.

2017/08/25

Itxaso: "Bi urte hauetan kultura politika berri baterako oinarriak ezarri ditugu, azken urteetako eraldaketari erantzuteko asmoz. Politika berri horrek herritarren eskaerekin bat egiten du, eta kultura eraldatzeko, balioak berreskuratzeko eta Gipuzkoaren progresurako lanabes bihurtzen du".

Aldundiaren inkesta bati jarraikiz, herritarren ongi balioesten dituzte Zine Eskola bat sortzea, Tabakalerako proiektua eta Europako kultura hiriburua.

Legealdiaren erdira iritsita, Denis Itxaso Kultura diputatuak kulturaren arloan ekindako ekintzen balantzea egin du. Itxasok zehaztu du nola gipuzkoar herritarren dirua herritarrengana itzultzen den, kultura eragileengana eta Gipuzkoako agertoki kultural eta sortzailearengana; orobat, Kultura Departamentuaren eraldaketaren ikuspegi orokor bat eskaini du. "Kopuruez harago, aurrekontuez harago, lanabes hutsak baino ez baitira, borondate garbi bat dago: kultura politika egituratu bat". Lan egiteko bokazio bat, kultura gure gizartearen eraldaketarako eta hobekuntzarako bektore bat izan dadin.

Kultura diputatuaren ustez, gizartea eta kultura egitura mailan aldatzeko prozesu batean gaude. "Testuinguru horretan, kulturak banalizatzeko arrisku bat du, erredukzionismoaren mehatxupean dago. Post-egiaren eta kulturaren mespretxu isilaren garaiak dira. Horregatik, gure erronka da kultura politikak gobernu lanaren erdigunean jartzea, eztabaida eta espiritu kritikoa sustatuz manipulazioaren aurrean, gizabanakoaren askatasunaren eta elkarbizitza demokratikoaren oinarrizko elementu gisa; aukera gehiago eskaini nahi dizkiegu pertsona guztiei, eta eraldatu nahi dugu, berrikuntza prozesuen bidez, erraztailea eta parte-hartzailea den administrazio bat, hobeto erantzuten diena kultura eragileek eta herritarrek erakundeei eskatzen dizkieten eskaera berriei.

Itxasok esan duenez, bi urte hauetan, bere Departamentuak hitzemandako ekimenen % 50 baino gehiago burutu ditu, eta gainerakoak bidean dira. "Kultura politika berri baterako oinarriak ezarri ditugu, azken urteetako eraldaketari erantzuteko asmoz. Politika berri horrek herritarren eskaerekin bat egiten du, eta kultura eraldatzeko, balioak berreskuratzeko eta Gipuzkoaren progresurako lanabes bihurtzen du. Eta hori guztia perspektiba progresista, multikultural eta urbano batetik egin dugu".

Aldundiak definitutako Kulturarako Plan Estrategikoa hausnarketa bat da, etengabe garatzen ari dena, landu beharreko eremuen inguruan, hartara sortzaileen, entitateen eta oro har Gipuzkoako gizartearen eskaera, testuinguru eta behar berriei erantzunak emateko. Hiru ardatz nagusitan sailkatu dira eremu horiek:

Kultura eredu berri bat; gizartearen aldaketetara egokitzeko, programazioaren eta finantzazioaren bidez. Kultura finantzatzeko ildo estrategikoak dira: diru laguntza ildoak berrikustea eta birbideratzea; baliabideak bideratzea proiektu berritzaileetara eta Gipuzkoako sortzaileengana, eta pentsamendu kritikoa, debatea eta hausnarketa sustatzea

Administrazio erraztailea; herritarren ekimena erraztuz, aditu eta profesional independenteen irizpidea gehituz eta sareko lana sustatuz. Ildo estrategikotzat ditu kultura ireki eta partekatua, adituei eta profesionalei ahotsa emanez Artearen eta Kulturaren Kontseiluaren bidez, Kultura Saretzen-en bidez, K bulegoaren bidez. Kultura arloari laguntzeko bulegoa, eta partaidetza digitaleko mekanismo eta tresnak.

Berrikuntza/Berritzea; baliabideak bikaintzea, iraunkortasun eta zeharkakotasun irizpideak ezarrita. Ildo estrategikotzat ditu kudeaketaren eraginkortasuna eta zeharkakotasuna eta lankidetza programak.

Urte hauetan egindako kudeaketa, beraz, hiru ardatzetan datza: Eraldaketa, Partaidetza eta Berrikuntza, eta ardatz horiek Gipuzkoarako kultura politika berri baterako oinarriak jarri dituzte, zeinak horiek ere oinarritzen baitira, besteak beste, elementu hauetan: 

• K bulegoa, kultur alorrari laguntzeko bulegoa, sorkuntza fasean dagoena eta aste gutxi barru gauzatu eta laguntzen eredu berria izango dena.

• Elías Querejeta Zine Eskola (EQZE). Sozializazio eta difusio proiektuak abiaraziko ditu, datorren urtean eskolak formalki eskaintzeko, EQZE formatu berriak sortu dituen itxaropenei erantzuteko.

Koldo Mitxelena Kulturunea liburutegia berritzea, Donostiako liburutegi zerbitzuak batzeko eta antolatzeko prozesuaren barruan.

Komunikazio digitala indartzea: ikuspegi berri batekin sare sozialetan, abiarazita dagoena, eta kulturaren web berri bat Gipuzkoan.

Gordailua sendotzea Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentro bezala eta lurraldeko paisaia museistikoari dagokionez.

Untzi Museoa birdefinitzea (Euskadiko Itsas Museo berria), itsas ondareari buruzko proposamen berriei jarraikiz.

• Indartzea, funtsen digitalizazioaren bidez, eta jendaurrean jarrita, Gipuzkoako Artxibategi Nagusia eta Gipuzkoako Protokoloen Artxibategi Historikoa.

• Eta talentuak sustatzeko proiektuak: Kultur Dealers, Meta, Katapulta, Lokal art pareta eta Izango Zara talentuaren aldeko bekak.

Inkesta

Bestalde, Kultura Departamentuak inkesta bat eskatu du Gipuzkoako herritarrek kulturaren alderdi batzuen gainean duten iritzia balioesteko. Inkesta 1.200 pertsonen artean egin da, eta akats tartea da ±2,8%.

Galderen artean, Elías Querejeta Zine Eskolari buruz galdetu da.

% 80 zine eta ikus-entzunezkoei buruzko goi mailako Zine Eskola bat jartzearen alde dago (ongi edo oso ongi).

Orobat galdetu da Donostia2016ri buruz.

% 56 oso edo nahiko ados honekin: "hiriburu izateak turistak erakarri ditu". Bigarrenik, % 50 oso ados dago honekin: "oro har, hiriburu izatea ona izan da"; eta % 45 oso edo nahiko ados dago honekin: "hiriburu izateak hiriaren nazioarteko oihartzunari lagundu dio". Okerren balioetsi dituzten alderdiak hauek izan dira, heren bakarrik baitago ados edo nahiko ados: "Kultura programaren edukia ona izan da"; "Herritarren partaidetza sustatu du"; "Hobekuntza bat utzi du gizarte honen elkarbizitzan". Gainera, "kultura programaren edukia ona izan da" galderan, ez dakitenak edo erantzuten ez dutenenak % 25 dira.

Tabakalerari buruz ere galdetu da.

% 65ek Tabakalerako proiektua ontzat du, eta erdiak, % 51 zehazki, oso edo nahiko ados daude

proiektu honek Gipuzkoako gizartea kulturalki aberastu duela dioen esaldiarekin.% 30 oso edo nahiko ados dago: "Tabakalerak itzulketa ekonomiko bat egiten dio hiriari".  % 37 oso edo nahiko ados dago: "proiektuak oihartzun ekonomikoa ematen dio Donostiako kultura jarduerari". Galdetutako herritarrek, beraz, uste dute proiektu hau ekarpen kultural garbi bat dela gipuzkoarrentzat, itzulketa ekonomikoaren edo hiriaren nazioarteko oihartzunaren gainetik.

  

1720