Fil d'Ariane

Agrégateur de contenus

Retour META-RA AURKEZTUTAKO 14 PROIEKTUEK 146.000 EURO BAINO GEHIAGOKO FINANTZAKETA LORTU DUTE

META-RA AURKEZTUTAKO 14 PROIEKTUEK 146.000 EURO BAINO GEHIAGOKO FINANTZAKETA LORTU DUTE

Lortutako 146.808 euroetatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 70.000 jarri ditu. Aurkeztutako 14 proiektuek finantzaketa helburuak lortu dituzte, eta 2020an garatuko dira.

2019/11/22

Denis Itxaso: «META sortzaile berrientzako eta kultura proiektu berrientzako bide gisa finkatu da, kulturari iraunkortasun handiagoa emanez eta herritarrei parte hartzeko bide bat emanez».

Joan den irailean crowdfunding kanpaina hasi zuten Meta! Proiektuaren 14 proiektuek arrakastaz gainditu dituzte beren finantzaketa-helburuak, eta 2020an zehar abian jartzeko beharrezko baliabideak izango dituzte.  Aurtengo edizioan, 146.808 euro bildu dira guztira; horietatik 70.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak jarri ditu, eta gainerakoa, berriz, aurkeztutako ekimenei laguntza eman dieten herritarrek.

Aurkeztutako 14 proposamenetatik 11k beren proiektua gauzatzeko aurreikusitako gutxieneko baliabideen % 20 baino gehiago bildu dute, eta horrek aditzera ematen du publikoak onartu dituela. Horrela, sustatzaileei aukera emango die bitarteko eta baliabide gehiago izateko proiektua garatzeko eta gauzatzeko .  Era berean, nabarmentzekoa da ekarpen ekonomikoak Gipuzkoako eskualde guztietatik etorri direla, eta gure lurraldeko mugak nabarmen gainditu dituztela Europako, Amerikako eta Asiako hainbat herrialdetatik egindako dohaintzekin. Kanpainara aurkeztu ziren proiektuak 1.322 donazio izan dituzte. Goteo plataformaren media 49,6 €-koa izaten da, kanpaina honek 57,73-koa izan da.

Denis Itxaso Kultura diputatuak oso positiboki baloratu ditu crowdfunding-aren bidez lortutako emaitzak, eta nabarmendu duenez, «META sortzaile berri eta proiektu kultural askoren sarrera bihurtu da, eta gure panorama kulturala berritzeko eta zabaltzeko zeregin garrantzitsu bat betetzen du».  Era berean, "METAk jasangarritasun handiagoa ematen duen tresna gisa duen rola" nabarmendu du foru arduradunak: «herritarrek parte hartzeko bide bat da, eta, haien laguntzarekin, departamentuak programa horri egiten dizkion ekarpenen xedea ere zehazten da».

Hasieran, Meta! 2019 deialdiak 38 proiektu jaso zituen, eta horietatik 35 ebaluatu ziren eta 14 crowdfunding kanpainan parte hartzeko bideratu ziren. Azkenean, proiektu horiek guztiek aurkeztutako kultura ekimena gauzatzeko zenbatetsitako gutxieneko baliabideak gainditu dituzte.  Proiektuak ardatz dituzten gaiek eta diziplinek aniztasun handia dute: dela kontakizun liburu bat argitaratzea, zinema film labur bat ekoiztea edo dokumentalak egitea, dela modari edo gastronomiari buruzko proposamenak.

Meta! 2019rekin, lau crowdfunding kanpaina egin dira, eta 601.035  euro bildu dira guztira 63 kultur proiektu finantzatzeko.

Itxasok adierazi duenez, 2016an sortu zenetik, META finkatu da Gipuzkoan kultura eragileen eskura dagoen tresna gisa tokiko sarea aberastu eta indartzen duten ekimenak finantzatzeko.  «Helburua baliabide berriak eskaintzea da, aurrekontuak handitzeko eta erakundeek laguntza merezi duten proiektuak hautatzeko herritarren parte hartzea ahalbidetuz.  Hori guztia lagungarri da laguntzak emateko orduan kultura politika gardenago bat egiteko, eta inplikazio sozial handiagoa du».

META!rako hautatutako ekimenak 2019

  • Erretratu nomada: Gipuzkoa (Nomad Studio Art kultura elkartea): argazki artxibo bat Gipuzkoako herri txikietako erretratuekin, argazki estudio nomada baten bidez: La Bitxa izeneko autokarabana. Argazkilari bikote honek argazkigintza gerturatu nahi du udalerri eta komunitate txikietara, erretratu horiek tokiko ondare eta ondare kolektibo izan daitezen, hartara aldarrikatzeko herri baten nortasuna partekatzea dela memoria betiko bizirik mantentzea.
  • Gipuzkoako memoria bakezalea (Gogoan elkartea, memoria duin batekin): memoriaren artxibo bat sortzea, terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio baketsua biltzen duena. Bakearen borrokalarien kontaketa. Artxibo honek biltzen ditu Gipuzkoan lehen antolakuntza bakezaleak jaio zirenetik ETA amaitu arte bakearen alde lan egin zutenen elkarrizketak.
  • Errautsak hauspotzen (Sanagustin Azpeitiko Kultur Kooperatiba): Urolako eskualdea ezaguna da trikitaxaren sehaska izateagatik, dela afizio handia dagoelako musika horretara, dela trikitilari asko eman dituelako historian zehar.  Proiektu honetan, eskualde honetan trikitixaren inguruan 60/70 urteetan sortu zen kultura ondarea bildu eta transmititzen da. Nabarmendu egingo du fenomeno hori eta kulturari nahiz euskarari egin dion ekarpena, dokumental bat, liburu bat eta trikitilarien bideografia bilduma bat argitaratuz.
  • «Plastic Family» komikia (Panthalassa): «Plastic Family» instalazio artistikoa, Gipuzkoako eta Iparraldeko hondartzetan aurkitutako plastiko aztarnekin egin zena, Donostiako eta Biarritzeko hondartzen izan zen. Orain, Panthalassa kolektiboak «Plastic Family» komikia sortu du, Aritz Trueba euskal ilustratzailearekin batera. Egunero itsasoan amaitzen duen hondakin piloaren berri eskoletan eta espazio publikoetan zabaltzen jarraitzeko, eta modu horretan, itsasoaz gozatzen jarraitzeko aukera izan dezagun, gure eguneroko ohituren inguruan kontzientzia sortzeko, konponbideak bilatzera animatzeko eta eredu onak emateko.
  • Izadi Eskola Librea (Izadi Eskola Librea): proiektu hau jaiotzen da Eskola Libre bat sortzeko asmoz, 3-12 urteko neska-mutikoei zuzendua, Donostialdean, erantzun emateko egungo gauzen ordenarekin pozik ez dauden gurasoen eskaera gero eta handiagori. Aukera pedagogiko alternatibo bat bat-bateko ikasketa prozesua sustatzeko: prozesu abegitsu bat, ekologikoa eta euskararen transmisioa zaintzen duena kulturaren eta identitatearen altxor gisa.
  • There is someone behind (Bask): Asian dokumental bat grabatu zuten modaren industriak duen inpaktuaren inguruan. Orain, arropa marka jasangarri honek erabaki da zerbait egin behar zuela eta nolabait aurre egin behar ziela modaren industriaren ondorioei. Izan ere, munduko bigarren industria kutsagarriena da. Horrela, Bangladeshen joskintza tailer sozial bat sortzea bururatu zitzaien, proiektu jasangarri bat sozialki, ingurumenari begira eta ekonomikoki.
  • Veggie Karmak barazki gazta bat sortzen du txakoliarekin (Veggie Karma): gastronomia natural eta osasuntsuko proiektu bat, Gipuzkoako txakolinarekin beratutako barazki gaztak sortzeko. Ekoizpen arduratsuko metodoekin egina, batez ere ekoizle txikien tokiko osagaia erabiltzen dituzte. Hornitzaileek konpromisoa dute proiektu sozialetan eta ingurumenekoetan, eta hondakinen murrizketan.
  •  (Faster, Puxika): izuzko film labur bat, zeinak salatu nahi baitu «Glovo» eta antzeko banatzaileen lan prekarietatea. «Slasher» generotik eta 80ko izuzko zinematik asko du lanak. Carpenter, Craven edo Argento dira inspirazio iturri. Hartara, generoko zinemaren aldarrikapen bat ere bada, erakusten baita salaketa soziala egiteko trakeskeriak eta gordinkeriak ere balio dutela.
  • Irun, historia erraldoia (Ondare Kulturelkartea): irabazi asmorik gabeko kultura elkarte bat, tokiko kultura sustatzeko lan egiten duena. Orain bere erraldoi eta buruhandien konpartsa handitu nahi du, erraldoi gehiagorekin, ume gehiago sar daitezen. Irungo eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea eta iraunaraztea erraldoi eta buruhandien bidez, berdintasuna, begirunea eta adiskidetasuna landuz.
  • Kanideren Abenturak (Iñaki Sainz de Murieta): itzultzea eta euskaraz argitaratzea Iñaki Sainz de Murietaren «Las aventuras de Kanide» aurrehistoriari buruzko gazte bildumaren bost bolumenak. Ilustrazioak Miguel Berzosarenak dira. Obra Gipuzkoan barrena gertatzen da. Ekain haitzuloa eta flyscha nabarmentzen dira.
  • M.A. Project - «Oinarrizkoaren bilaketa» (Miles Along): proiektuaren bigarren fasean, #slowfashion-eko marka honek arropa errazak sortuko ditu familiaren egunerokorako. Borro artilearekin eginak, ehun jasangarriak batuz kontsumo arduratsu eta ingurumenarekiko abegitsu bat eta hazkuntza natural batekiko konpromiso soziala sustatzeko, familien garapenerako oinarri gisa.
  • GauGau estudioa (Guillermo Iraola): Lasarte-Oriako Zumaburu auzotik, proiektu honen helburua da espazio bat kudeatzea bertan erabiltzaileen sorkuntza garatzeko, edozein maila sozialeko pertsonak artera eta sorkuntza prozesuetara iristeko. Kanpaina honen helburu nagusia da 500 orduko ikastaroak banatzea, proiektuaren gertuko kolektiboek eta elkarteek finantzatuak, horrela herriko ehun sozial eta kulturalean integratzeko.
  • Kamerata EusKdivarius: Beethoven omenduz (Kamerata EusKdivarius): Beethovenen omenaldi bat jaio zeneko 250. urteurrenean. 9 sinfoniak joko dituzte Gipuzkoa osoan barrena. Kamerata EusKdivarius ganbarako orkestra bat da, inkusiboa, euskal musikarik osatua, pasioz beteta dauden gazte eta profesionalak biltzen dituena, eta musika klasikoa modernitatearekin eta teknologia berriekin lotzen dituena.
  • Pioren istorioak (MatiaZaleak): Pio Zegamako idazle bat da. Osasuna eta adina direla eta, Matia Fundazioaren zentro batean bizi da. Argitaratu ez diren kontaketa eta ipuin sorta bat dauka. Beraz, proiektu honen xedea da legatu hori editatu eta argitaratzea. Kultura, tradizioak eta tokiko historia ezagutzera ematea, baina inklusioa ere bai.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

  

1800